Ukrainaz hizketan segi?

Ukrainaz hizketan segi? EUSKAL HERRITIK | 2026-10-31 18:39

Ukrainaz hizketan segi?

Alexander Mercouris britainiarra eta Alex Christoforou greziarra ditugu gaur solaskide. Ukrainako sakoneko mugimenduez dituzten iritziak eskaintzen dizkigute. Beren esanetan, CIA da gerra hau gidatzen ari dena.

The Atlantic aldizkariaren artikulu berri batek dio CIA eta Ratcliff direla Ukrainako proiektuaren gidaritza daramatenak. Duela bi edo hiru urte ere, The New York Times egunkariko artikulu batean hori bera azpimarratu zen. Artikulu hark 2014ra egiten zuen atzera, eta azaltzen zuen nola CIAk Ukrainako inteligentzia-zerbitzuen kontrola bereganatu zuen.

Erabat agerikoa da Washingtonen badela botere-borroka moduko bat. Zalantzarik ez dago aldeetako batean Ratcliff eta CIA daudela. Ukrainako proiektua haiek sortua da eta azken ondorioetaraino eraman nahi dute. Aktiboki hartu dute parte ukrainarrek Errusian egin dituzten ezkutuko operazio askotan, hilketetan, sabotajeetan eta antzeko ekintzetan eta Ukrainako gerrak jarraitzea nahi du.

Beste aldean, Elon Musk eta beste pertsona batzuk daude. Gero eta kezkatuago agertzen ari dira gerra galtzen ari direla ikusten dutelako. Kezkatuta daude CIAk gauzak AEBentzat arriskutsua den bide batetik eraman eta ondorio ekonomiko larriak izan ditzakeelako.

The Atlantic aldizkarian argitaratutako artikulua CIAren adierazpen publiko baten modukoa da: «Hau da egiten ari garena. Horrela jarraituko dugu. Ez saiatu guri galga jartzen».

Bestalde, Elon Musk daukagu, honako hau esaten: «Hau erabat kontroletik ateratzen ari da. Starlink modu desegokian eta arriskutsuan erabiltzen ari dira. AEBen mundu-mailako posizio estrategikoa eta ekonomikoa arriskuan jartzen ari dira. Baita garrantzi estrategiko handiko Starlink egitasmo hau bera ere. Izan ere, funtsezkoa baita AEBetako indar armatuentzat eta AEBentzat».

Estatubatuarrak Putin hiltzen saiatu ziren

Ratcliffek Trump konbentzitu zuen CIAri eta ukrainarrei Errusiaren aurkako drone- eta misil-erasoaldi hau areagotzeko baimena eman ziezaien. Zalantzarik gabe, honelako zerbait esan zion: «Horrek Putin negoziatzera behartuko du eta zu izanen zara bakearen arkitekto nagusia». Valdai-ren aurkako erasoa gertatu zenean, Trump-i esan zion: «Ez egin jaramonik errusiarrek esaten dutenari. Egin duguna guztiz zilegi da». Argi eta garbi, Putin hiltzeko saiakera izan zen, eta Ratcliffe izan zen auzi horretan Trump berriro bide horretara eraman zuena.

Ratcliffek Moskura bidal zezan konbentzitu zuen Trump. Argi dago Putinekin biltzeko eta honako hau esateko asmoa zuela: «Gerra honekin amaitu behar duzu; bestela, Sobiet Batasunak izan zuen amaiera bera izanen duzu». Ukrainari dagokionez, Ratcliffe da politika zuzentzen ari dena. Artikuluak agerian uzten du Errusiari porrota eragin nahi diola, eta Putin zein Errusia hondo-hondotik gorroto dituela.

Duten lehian, talde hori ari da nagusitzen, baina bada beste alde bat ere. Bessent-i Zelenski ez zaio batere atsegin eta Ukraina alferrikako inbertsioa dela uste du. Litekeena da Vance ere beste alde honetan egotea, eta, jakina, Elon Musk; nire ustez, gerra hau ez zaio gustatzen. Musk-en ustez, Starlink-ek bi adar bereizi ditu. Batetik, Starlink dago, guztiok erabiltzen dugun adar zibila eta, bestetik, Starlink-en adar militarra, Starshield izenekoa, AEBetako indar armatuentzat diseinatua.

Funtsezko kontua da Pentagonoak kudeatzen duen adar militarraren Starshield-en eta adar zibilaren Starlink-en arteko bereizketa lausotzen ari dela, eta gero eta modu arriskutsuagoan, gainera. Horregatik, Musk gero eta kezkatuago dago Starlink bihurtzen ari denarekin.

Rubio-k, joan den astean egindako adierazpen batean, Ukrainak Starshield ez darabilela esan zuen, Starlink-en adar militarra delako. Baina Ukrainako armadak berak aitortu du aurkakoa. Orain, Musk-en arabera, Ukrainak Starlink-en zerbitzu-baldintzak urratu ditu. Ukrainako armadak Starlink defentsarako erabil dezake inolako arazorik gabe, baina ezin du erabili eraso-operazioak egiteko eta Errusiaren barruko helburuak jotzeko.

Argi dago Musk urduri dagoela, eta kezkatuta dagoela Starlink Errusiari erasotzeko erabiltzen ari direlako. Errusiak Starlink-en aurkako errepresaliak har ditzakeela ere aipatu du. Horren ondorioz, mundu osoko Starlink-en erabiltzaile zibilak izugarri haserretu litezke. Eta Starlink-en zerbitzu-baldintzak urratu badira, baliteke erabiltzaileek edo beste eragile batzuek auzibide bat hasteko oinarri juridikoa izatea.

AEB gerran Errusiarekin

Ratcliffek eta CIAk Ukrainari esan diote Starlink eta Starshield nahi duten bezala erabiltzeko. Noiztik arduratu dira pertsona horiek kontratuez edo horrelako kontuez? Haientzat, errusiarren aurkako gerra bat dago, eta gerra hori irabazi nahi dute; eskura duten edozein tresna edo sistema erabil dezakete. Eta Zelenskik CIAko zuzendariak esaten diona eginen du. Horrek guztiak agerian uzten du estatubatuarrak Errusiarekin gerran direla. Horixe da, hain zuzen, auziaren muina.

Azaroan hiru aldeko bilera bat eginen da Txinan. Baieztatuta dago. Errusian kezka handia dago Putinek auzi honi ematen dion ikuspegiaren inguruan. Rubioren arabera, gatazka osoa Donbassen ingurukoa da. Putinek, berriz, hiru aldeko negoziazioetan, gerra amaitu ondoren Ukraina eta Errusiaren arteko segurtasun-akordioak aztertuko direla esan zuen.

Puntu horretan Putin oker dabil: estatubatuarrekin Europako segurtasun-arkitektura negoziatu nahi izatean bere burua engainatzen ari da, estatubatuarrek ez baitute sekula arkitektura hori eztabaidatuko. Putinek 2021eko abendutik darama gai horri buruz hitz egiten. Orduan, Errusiako Kanpo Arazoetarako Ministerioaren aurrean esan zuen: «Europako segurtasun-arkitektura berriz negoziatu behar dugu, hori baita gure mendebaldeko mugetan erabateko segurtasuna lortzeko modu bakarra». Presidente kargura iritsi zenetik horretan ari da.

Badirudi Putinek ezin duela ulertu eta onartu hori ez dela inoiz gertatuko. Horregatik ari dira negoziazioekin hainbeste denbora galtzen. Kremlinen horrela pentsatzen duen ia bakarra da. Baina argi dago Txinan, Indian eta beste herrialde batzuetan badagoela bide horretatik jarraitzera animatzen duen jendea.

Lavrov ez dator bat Putinekin

AEBetan gai horiei buruz hitz egiteko interesa duela ematen duen presidente bat dagoen bitartean, Putin horretan saiatuko da. Bitartean, Lavrov-ek honako hau esaten dio Putini: «Begira, ez dut denborarik galduko honekin. Hori egin nahi baduzu, Dmitriev-engana jo, ez baitut ordu bakar bat ere emanen inora ez garamatzan zerbaitetan». Rubiok Trump-i beste hainbeste: «Ez dut denborarik galduko errusiarrekin negoziatzen, ez baitut horretan sinesten. Haien aurka borrokan aritu beharko genukeela uste dut». Beraz, bi herrialdeetako atzerri ministroek prozesu honetatik aldendu dira, bietako inork ez baitu horretan sinesten.

Dmitriev-ekin, Witkoff-ekin eta Kushner-rekin elkarrizketak izaten jarraituko du, ideia horri ezin diolako uko egin eta ez duelako beste inor aurkitzen. Dmitriev-ek Putinen babesa du. Ez dut uste beste inoren babesa duenik. Kontutan hartu behar da Putin eta Errusia presio handia jasaten ari direla beren bazkideen aldetik —BRICS herrialdeak, Txina, India, Brasil...—, guztiek negoziazio-prozesu bat nahi baitute.

Putinek, Errusiako presidentetzara iritsi zenetik, Errusiak Europan eginkizun positiboa eta aktiboa izatea nahi izan du, eta ahalegin handiak egin ditu Bill Clintonekin, George W. Bushekin eta abarrekin harreman onak garatzeko. Europako herrialdeek, jakina, ez dute inoiz onartuko. Gakoa Amerikako Estatu Batuetan dago.

Estatubatuarrek beren interesak dituzte, eta kontuan hartu beharko lukete gerra honek ez duela zentzurik eta akats bat dela haientzat. Horrek bultzatzen du Putin negoziazioei eusten jarraitzera. Aitzitik, Ushakov-ek, Medvedev-ek, Patrushev-ek eta beste batzuek esaten diote bide horrek ez duela inoiz emaitzarik emanen.

https://www.youtube.com/watch?v=FzVF03X44FI

joan mari beloki kortexarena

2026-10-31


Utzi iruzkina: