Ukrainari nola lagundu

Ukrainari nola lagundu EUSKAL HERRITIK | 2026-10-29 12:21

Ukrainari nola lagundu

Michael von der Schulenburg europarlamentari alemana dugu. 34 urte eman zuen Nazio Batuen Erakundean, zortzi urtez Idazkariorde Nagusia izan zelarik. Kritiko azaltzen zaigu EBren politikarekiko eta Ukrainari premiaz lagundu behar zaiola diosku. Baina ez armak eta dirua bidaliz.

Europako Parlamentua erabat deskonektatuta dago errealitatetik. Duela gutxi eztabaida bat izan genuen Ukrainari laguntzea deitzen dioten horren inguruan, eta ezkerretik hasi eta zentroraino esan zuten gehiena praktikan jarriz gero, gerra eraginen lukete Europan. Dagoeneko diplomazia galdua dago.

Oslon, europarrek prestatutako proposamen bat aurkeztu zioten Putini estatubatuarrek, baina hark baztertu egin zuen. Estatubatuarrek europarrei Errusiarekin hitz egiten laguntzeko egin izan duten azken ahalegina izanen da hori. Hemendik aurrera, AEBetako politika Errusiarekiko harreman ekonomikoak berrezartzera bideratuko da, eta gu bakarrik utziko gaituzte.

Negoziazioak gudu-zelaiaren egoeraren arabera egiten dira, eta han gauzak oso gaizki ateratzen ari zaizkigu. Europako buruzagiak dagoeneko konturatzen hasiak dira porrot izugarria jasaten ari direla. Ukraina huts egindako estatua bihurtzeko zantzu guztiak erakusten ari da eta hori hondamendia litzateke Europarentzat.

Gobernantzaren egoera, elkarri tiroka ari diren zerbitzu sekretuak, biztanleriaren beherakada, desertzio-tasa handia, soldaduskara joateari uko egiten dioten pertsonak, behartutako errekrutatzea... eta Azov brigaden mendekotasun gero eta handiagoa huts egindako estatu baten zantzuak dira. Horrek esan nahi du miliziak direla herrialdea gidatzen ari direnak.

Oraindik 20 milioi pertsona bizi dira han. Negua izugarria izanen da haientzat, eta irtenbide bakarra errusiarrekin negoziatzea da. Baina estatubatuarrak erretiratzen badira, ez dugu negoziatzeko modurik izanen. Oso zaila eginen zaigu negoziazioei ekitea, lehenik eta behin auzia segurtasunari buruzkoa dela onartu beharko dugulako. Eta horrek esan nahi du NATOren hedapenak piztu zuela gerra onartu beharko dugula.

Horrek esan nahi du, halaber, ezin dugula gehiago esan gerra probokatu gabe hasi zenik. Hau da, onartu behar dugu gerra Errusiarekin garaiz hitz egin ez genuelako hasi zela, ez genituelako serio hartu Errusiak bere segurtasunari buruz zituen kezkak. Beraz, bat-batean, horrek gerraren errudun bihurtzen gaitu.

Errusiarekin hitz egin

Negoziazio hauetan Ukraina herrialde neutrala izanen dela adosten badugu, zergatik egin dugun gerra bost urtez galdetuko du jendeak. Zergatik hil dira pertsona horiek guztiak, milioi bat agian? Orain arte beti esan dugu horren guztiaren erruduna Errusia dela. Baina, azkenean, neutraltasuna ezartzen duen itun bat sinatzen badugu, bat-batean, pertsona horien guztien heriotzaren erantzule geu izanen gara, gai horri buruz lehenago hitz egiteari uko egin geniolako.

Errusiarekin hitz egin beharraren aukerak arazo psikologiko izugarriak eragin behar dizkie elite politikoei. Izan ere, Europa osoak, EB barne, onartu beharko du denbora honetan guztian ukrainarrei eta europarroi gezurra esan digula. Beraz, une oso kritiko batean gaude, eta galtzaile nagusiak EB eta NATO izanen dira.

Trumpek, gerraren aurrean izan duen jarrerarekin, gerra nuklearra izatea eragotzi du. Gerra nuklearretik oso gertu egon ginen, prestuen koalizioarekin gauzatu nahi genituen probokazio guztien ondorioz. Oso arriskutsua izan zen, baina orain egoera baretzea lortu da.

Europak errealitatearekin talka egin beharko du. Kontutan hartu beharko du, adibidez -Ukrainako hedabideetan irakurri berri dut-, Zelenskik 2022an Ukrainako Rada-ko diputatu ohi Vadim Novinsky-ri, errusiarrekin negozia zezan eskatu ziola. Eta hark adierazita, Zelenskik onartu zuela Ukraina ez zela NATOn sartuko eta neutraltasuna berreskuratuko zuela. Halaber, Julia Mendel-ek, Europako Parlamentuan egindako agerraldian, Ukraina bere politikarekin bere buruaz beste egiten ari dela esan duela berriki. Europa Ukraina bere buruaz beste egitera bultzatzen ari da.

Gaur egun, Zelenskik ezin du errusiarrekin negoziatu, bere herrialdean ez baitu behar adina babes. Ukrainari lagundu nahi badiogu, kontua ez da armak edo dirua bidaltzea. Kontua da errusiarrekin esertzea, egoera hau nola konpon dezakegun aztertzeko. Ukraina guztion ardura partekatua dela adostuko bagenu, aurrera egin ahal izanen genuke, baina oraindik oso urrun gaude horretatik. Ukrainari askoz hobeki joanen litzaioke EBtik kanpo, BRICS herrialdeekin eta EBrekin merkataritza-akordioak eginda. EBn sartzea erabateko astakeria da Ukrainarentzat. Ez zaio komeni.

Jeffrey Sachsek proposatu du ukrainarrak Donbass-tik erretiratzea, eta, trukean, Errusiak Sumy eta Kharkiv eskualdeetan okupatutako eremuak itzultzea. Desmilitarizatutako eremuak sortzeko proposamena ere badago. Baina mota horretako proposamenetarako beranduegi da dagoeneko. Denok elkarrekin eseri eta besterik gabe esan beharko genuke: «Hau guztion ardura da, eta negoziazioei berriro ekin behar diegu». Ez dugu ahaztu behar, halaber, Errusia gerra irabazten ari dela, eta irabazleak erabakitzen duela zertaz hitz eginen den.

Ukraina ez da inoiz EBn sartuko. Ez dago horretarako prestatuta. Laguntzetara bideratutako Batasunaren baliabide guztiak agortuko lituzke. Suntsituta dagoen eta ustelkeria handia duen herrialdea da. Ukrainak BRICS herrialdeen eta EBren arteko estatu neutral izatearen egoerari etekina atera behar dio. Horixe da bere indargunea. Askoz komenigarriagoa zaio neutral izaten jarraitzea, horrek malgutasun handiagoa ematen baitio.

Europako Batasuna

EBk ez du kanpo-politikarik. Groenlandia galdu berri du. Nola jokatu Israelekin? Eta Iranekin? Eta Afrikarekin? Eta Ukrainarekin? Eta AEBekin? Ez dago estrategiarik.

Alemanian, % 17 inguruko babes-maila duen kantzilerra dugu. Alemaniako alderdirik handiena AfD da orain. Eta hainbesteko babesa izatearen arrazoia Errusiarekiko bakearen alde duen jarrera argia da. Honela diote: «Ez dirurik, ez armarik Ukrainarentzat. Errusiarekin negoziatu behar dugu, zigorrak bertan behera utzi eta haiekin harreman ekonomikoak garatu». Horregatik dira hain ezagunak. Macron-ek barne-arazo ugari ditu. Europako gobernu horiek guztiak oso ahul daude orain, eta EB ere oso ahul dago.

Nola demontre negoziatuko dugu? 27 estatu kideak ez lirateke inoiz ados jarriko negoziazio-jarrera bateratu baten inguruan. Eta, gainera, negoziatzaile bat izanez gero, nolabaiteko malgutasuna eman behar zaio negoziatzeko. 27ek ez dute hori inoiz eginen. Herrialdeak beren interes nazionaletan zentratuko dira berriro eta Errusiarekiko harremanak normalizatu nahi izanen dituzten herrialdeak egonen dira, Alemaniatik hasita.

Gerran sartzeko aukera txikia da. Imajinatzen al dituzue frantsesak arma nuklear bat erabiltzen Kharkiven, Paris galtzeko arriskua hartuta? Inola ere ez. Gai hau dagoeneko neurri handi batean gudu-zelaian erabakita dago eta guk Errusiak baino gehiago behar dugu bakea. Egoera zailean gaude; beraz, belauniko joanen gara Errusiarekin hitz egitera. Gure ergelkeriaren ondorioz gertatu da hori. Duela bi urte negoziatu izan bagenu, egoera bestelakoa izanen litzateke.

Europarrak ilusioz bizi direlako da zaila akordioa. Errealitatea onartzen dutenean, Ukraina zatituta geratuko dela eta errusieraz hitz egiten den eremuak Errusiaren esku geratuko direla onartuko dute. Mugak aldatzea da kontua. Guk eragin dugu egoera hau. Istanbulen adostutakoa onartu izan bagenu, ez zatekeen lurralde-galerarik izanen. Orain, ordea, galdu egin dira lurraldeak. Eta errusiarrek ez diete lurralde horiei uko eginen.

Ukraina erabat suntsituta dago. Orain Ukrainari berreraikitzen lagundu behar diogu, eta hori Errusiarekin batera baino ezin dugu egin. Baina hori gertatzeko, Europak errealitatea onartu behar du. Europarrek beren buruei egotzi behar diete gerra honen errua. Gerra saihestu zitekeen Errusiaren segurtasun-kezkak serio hartu izan balira, eta orain ondorioei aurre egin beharko diete.

Amerikako Estatu Batuak

Ukrainako gerratik erretiratzen ari dira. 5.000 soldadu erretiratzen ari dira, oso laster gerran egon gaitezkeela esaten ari garen une honetan. Ukrainarako koordinazio-lanak Wiesbaden-en gidatzeari ere uko egiten ari zaizkio; beraz, atzera egiten ari dira. Argi eta garbi dago. Horrela, gerra galtzen bada, errua Europarena izanen da, ez haiena. Hori bera egin zuten Afganistanen, Vietnamen eta Iraken. Gauzak ongi ez doazkienean erretiratu egiten dira, eta hemen gauza bera eginen dute. Izan ere, dagoeneko erretiratzen hasiak dira. Harald Kujat jeneral alemaniarrak, Alemaniako Indar Armatuetako buru izandakoak, 2023an egindako elkarrizketa batean adierazi zuen errusiarrek gerra irabaziko zutela, eta, irabazten hasten zirenean, estatubatuarrak erretiratu eginen zirela, Alemania Errusiaren aurrean bakarrik utzita.

Egiten ari garena ez da Ukrainari laguntzea. Ukraina bere buruaz beste egitera bultzatzen ari gara, borrokan jarraitzera animatzen ditugulako eta munizioa eta dirua agintzen dizkiegulako. Orain ezin diegu ez dirurik ez armarik eman.

Historia-liburuetan jasota geratuko dena Zelenskiren 2022ko martxoko bideo hau da, Istanbulgo negoziazioak bertan behera utzi aurrekoa. The Economist aldizkariari elkarrizketa bat eman zion, eta bertan adierazi zuen Mendebaldeko hainbat herrialdek —Erresuma Batuak eta AEBek, ustez— Errusiarekiko gerra luzatzea nahiko luketela, nahiz eta horrek Ukraina suntsitzea ekarri. Horixe da gizon honen tragedia. Gizon hau Errusiarekin konponbide bat aurkitzeko izan baitzen hautatua. Istanbulgo elkarrizketen alde egin zuen, eta hori lorpen diplomatiko aparta izan zen. Baina gu iritsi ginen eta esan genion: «Aurrera jarraitzen baduzue, Mendebaldearen babes guztia galduko duzue». Eta, zoritxarrez, Johnson jaunari kasu egin zion. Errusia higatuko genuela pentsatu genuen, baina higatuta geratu direnak ukrainarrak dira. Eta hori gure errua da.

Ez genuen estrategiarik. Amets hutsa genuen, eta ezin da gerra batera joan horrelako ilusioekin. Baina horixe egin genuen, eta etorkizuneko belaunaldiek ordainduko dute horren prezioa.

https://www.youtube.com/watch?v=iqDjt6hDO14


Utzi iruzkina: