Ukrainarentzako irtenbide onena

Ukrainarentzako irtenbide onena EUSKAL HERRITIK | 2026-08-01 00:32

Ukrainarentzako irtenbide onena

John Mearsheimer Chicagoko Unibertsitateko irakasle katedraduna da. Gaur egun analista geopolitiko gisa dihardu eta gaurkoan Ukrainako gerraren egoeraz mintzatu da. Komunikabide hegemonikoek diotenaren aurka, Ukraina gerra galduko duela dio. Glenn Diesen-en galderari erantzunez, Ukrainarentzat amaiera egokiena zein izanen litzatekeen azaldu digu. Baina berehala diosku ez duela hori gauzatuko ote den itxaropen handirik.

G.D. Nola irudikatzen duzu Errusiaren garaipena? Lehen esan duzu bake itsusi baten bidez etorriko litzatekeela. Errusiarrek erregimen-aldaketa nahiko lukete, etorkizuneko erasoetarako erabil litekeen NATOren estatu satelite bat saihesteko. Hori lortu ezean, fidagarritzat joko luketen beste irtenbide bat nahiko lukete, Ukraina behin betiko estatu neutrala izatea. Nola lor liteke hori garaipen mingarri batera iritsi gabe? Izan ere, errusiarrek seguru sentitu nahi badute, Europako segurtasunari buruzko akordio berri bat beharko lukete.

J.M. Nire ustez, gaur egun ukrainarrek —eta, jakina, Mendebaldeak ere— lor lezaketen akordiorik onena hauxe litzateke: errusiarrek dagoeneko anexionatu dituzten bost oblastak (eskualdeak) bakarrik mantentzea, eta Kharkiv edo Odesa bezalako oblastak ez hartzea. Horren truke, Ukrainak eta Mendebaldeak Ukraina estatu guztiz neutrala izanen dela bermatuko lukete. Nire ustez, hori da lor daitekeen akordiorik onena.

Horrek errusiarrei lurralde gehiago hartzeko pizgarria kenduko lieke. Gainera, baliteke bost oblast horiek anexionatu ondoren lurralde gehiago ez hartzera konbentzitu ahal izatea. Baina horretarako ezinbestekoa litzateke Ukraina benetan estatu neutrala izanen dela bermatzea errusiarrei. Eta horrek geratuko litzatekeen Ukraina murriztuaren etorkizunari buruzko Mendebaldearen eta Ukrainaren gaurko jarrera errotik aldatzea eskatzen du.

Baina gaur egun Ukraina eta Mendebaldea irismen luzeko droneen programa areagotzen ari dira eta horrek errusiarrei gatazka areagotzeko pizgarriak ematen dizkie. Odesako portu-multzoaren eta Itsaso Beltzeko gainerako portuen inportazio eta esportazioen blokeoa areagotuko dute eta Ukraina itsasorako irteerarik gabeko herrialdea bihurtuko da.

Baina hori ez da guztia. Mendebaldeak eta Ukrainak tentsioa areagotzen duten neurrian, errusiarrei lurralde gehiago okupatzeko pizgarriak ematen ari zaizkie. Era berean, Ukraina ahalik eta estatu disfuntzionalena bihurtzera bultzatzen dituzte. Ahalegin guztiak eginen dituzte haren ekonomia hondatzeko. Horregatik nahi dute Ukrainak itsasorako irteerarik ez izatea, ekonomia suntsitzeko modu eraginkorra delako.

Zenbat eta lurralde gehiago hartu, zenbat eta zereal-ekoizle diren oblast gehiago, industria-gune gehiago eta hiri handi gehiago eskuratu, orduan eta ahulago geratuko da hondar-estatu hori. Azken batean, errusiarrak gero eta lurralde gehiago har dezaten eta geratuko den Ukrainako estatua ahalik eta disfuntzionalena izan dadin bultzatzen ari gara.

Horregatik diot lor zitekeen akordiorik onena bost oblast horien anexioa onartzea eta, ondoren, Ukraina neutrala eratzea izanen litzatekeela. Baina ez dirudi norabide horretan goazenik. Beraz, uste dut errusiarrek, gaitasun militarra badute —eta badutela uste dut—, dagoeneko anexionatu dutenaz harago askoz ere lurralde gehiago hartuko dutela.

G.D. Nire ustez, Europa osoak neutraltasunaren kontzeptua baztertu duela da oraintxe Ukraina neutralaren arazo nagusia. Horixe baita, hain zuzen ere, arazoa orain: Europan dagoeneko ez dugula neutraltasunaren benetako kontzepturik. Bloke-politikarekiko egungo atxikimenduak erabatekoa dirudi. Ez dago desadostasunik, ezta zalantzan jartzeko borondaterik ere. Segurtasun zatiezinaren ideia, Gerra Hotzean funtsezko kontzeptua izan zena, ia desagertu egin da. Horregatik da hain zaila Ukrainaren auzia neutraltasunaren ikuspegitik konpontzea; Europan neutraltasuna dagoeneko ez da aukera legitimotzat hartzen. Errusiari egindako kontzesio gisa ikusten baita.

J.M. Iradokizun bat egin nahi dizut. Gaztea zara eta goi-mailako politologoa. Liburu handi bat idatzi beharko zenuke, Mendebaldeko jendeak nola iritsi den hain modu ergelean pentsatzera azalduko lukeena. Zuk eta biok defendatzen duguna sen onekoa da, eta, gainera, ukrainarren mesederako izanen litzateke. Guri kasu egin izan baligute, ukrainarrak egoera askoz hobean egonen lirateke.

Zer ari da pentsatzen Mendebaldeko jendea? Zer gertatu da? Zer aldatu da Mendebaldean, bereziki Europan? Nik ez dut batere ulertzen. Liburu sakon eta gogoetatsu bat merezi duen gaia da. Eta nire ustez, zu zara hori idazteko pertsonarik egokiena. Espero dut noizbait egoera baretu eginen dela eta, hala denean, benetan animatuko zintuzket hain ulertezina egiten zaigun auzi honi buruzko liburu bat idaztera.

G.D. Ukrainako gobernua eraitsi ez bagenu, ukrainarrek Krimea ere izanen lukete oraindik beren esku. Baina garai hartan Janukovitx-en gobernua kentzearen aurka egotea ukrainarren aurkako jarreratzat hartzen zen. 2015etik 2022ra bitartean Minskeko akordioak bete eta Donbassi nolabaiteko autonomia eman izan baliote, orain Ukraina NATOren orbitatik kanpo egonen litzateke. Baina hori ere ukrainarren aurkako jarreratzat jotzen zen. Pentsa gaur egun ukrainarrei zein ongi irudituko litzaizkiekeen Minskeko akordioak edo 2022ko Istanbulgoa.

Baina egoera etengabe doa okerrera. Hitzarmen guztiak ukrainarren aurkakotzat jotzen direla da aldatzen ez den gauza bakarra. Bitartean, beren burua ukrainarren aldeko aurkezten duten horiek dira herrialdea etengabe suntsipenerantz bultzatzen ari direnak.

https://www.youtube.com/watch?v=AWarMIvM8rM (48:31tik aurrera)

joan mari beloki kortexarena

2026-08-01


Utzi iruzkina: