Ukrainaren biziraupena arriskutan

Ukrainaren biziraupena arriskutan EUSKAL HERRITIK | 2026-08-09 11:54

Ukrainaren biziraupena arriskutan

Alexander Mercouris analista britainiar ezagunak Ukrainaren biziraupena arriskutan ikusten du. Oso kritikoa da Ukrainaren alde hitz egiten duten baina hondamendira daramaten horiekin.

Ukraina irabazten ari dela esatea okerra dela uste dut. Errusiako armadak aurrera jarraitzen du frontean eta litekeena da Ukrainak Donbass, gerraren epizentroa, galtzea datozen hilabeteetan. Errusiako ekonomia egonkorra da. Errusiarrek eskala handiko armak egiten dituzte eta biztanleriaren bizi-maila egonkor mantentzen dute.

Ziklo bakoitza euforiaz hasten da beti. Gero, euforia desagertu eta errealitatea nagusitzen denean, izuaren aldia sortzen da. Aurrerago nolabaiteko oreka lortzen da eta Mendebaldea berriz itzultzen da eskaladara. Arma berriak bidaltzen dira Ukrainara eta beste euforia aldi bat hasten da, estrategia osoa aldatuko duen arma aurkitu duela pentsatuz. Errealitateak, ordea, horrelakorik egiten ez duela erakusten du, eta izura itzultzen gara.

Seguruenik beste izualdi bat izanen dugu udazkenean, gauzak oso gaizki joaten hasten direnean. Baina presioa, berriz ere, eskalada handiago baterako izanen da. Orain ahaleginak bikoiztu egin behar direla esanen dute. Eta noski, egin behar dugun azken gauza errusiarrekin hitz egitea da, zeren errusiarrekin hitz egiten badugu, horrek animatu eginen ditu eta jarrera gogorragoa hartuko dute.

Ukraina irabazten ari balitz, Defentsa Ministerioko buru diren zibilen eta lehen lerroko militarren arteko krisia ez zatekeen gertatuko. Gizarte zibilak eta klase politikoak Fedorov babestu zuten, eta militarrek Syrsky. Komandante buru berriak, Mijailo Drapatik, honela zioen: “Begira, droneen irudi polit hauek guztiak ikusten ditugu Errusian helburuak lortzen, baina gure egoera egunetik egunera okerragotzen ari da. Gizon gehiago behar ditugu frontean. Leher eginda gaude”.

Mobilizazioa areagotu nahi dute, Ukrainako gizartearen iritziaren kontra. Ukraina desabantailan dago frontean. Errusiar armada handiagoa da, hobeto hornituta dago, aurrera egiten ari da. Ukrainak ez du hura geldiarazteko baliabiderik, eta, beraz, armadak beti eskatuko ditu baliabide gehiago. Beraz, tentsio hori egiturazko tentsioa bihurtu da dagoeneko, eta egoerak okerrera egin ahala, berriro lehertuko da.

Estatubatuarrek errusiarrekin hitz egin nahi zuten. Estatubatuarrak izan ziren Rubioren eta Lavroven arteko azken bileraren ekimena hartu zutenak. Gerra honetatik atera nahian jarraitzen dute eta Anchorage birnegoziatu nahi dute. Eta errusiarren erantzuna hauxe izan zen: "Ez, errusiarrok tinko eutsiko diogu Anchorageri." Estatubatuarrak Anchoragetik urrundu dira eta Ukrainari laguntzen ari zaizkio. Hori aldatu arte, ez dago zertaz hitz egin.

AEB bi gerratan inplikatuta daude, Ukrainan eta Iranen. Iranekiko gerra ez doa ondo. Armamentu gutxi dago AEBetako armategietan. Arma horien ekoizpen-erritmoak ez dira AEBetako armadaren beharrak asetzen ari. Errusiarrak Irani laguntzen aritu direla dioten zurrumurruak daude, eta estatubatuarrek errusiarrek irandarrei laguntzeari utz diezaioten saiatu ziren. Eta berriz ere errusiarren erantzuna izan zen ez daudela prest AEBei gaztainak sutatik ateratzeko.

Errusiarrek aparteko kontentzioa erakutsi dute gerra honetan, negoziazioei tartea uzteko. Baina Mendebaldeko eskalada dela eta, ezinezkoa egiten ari da negoziatzeko aukera. Eta uste dut Anchorageren porrotak ere zeresan handia izan duela hemen. Akordio bat lortzeak eta berehala desegiteak indartu egin ditu Moskun negoziatzeak zentzurik ez duela diotenak, gerra irabazten jarraitu behar dela eta estatubatuarrek eta europarrek nahi izan dezaketena ahaztu behar dela diotenak, inoiz ezin izanen baita haiekin irtenbiderik negoziatu.

Ukraina kexu da errusiarrak beren ontzi zibilei eraso egiten ari zaizkielako. Baina ukrainarrak duela egun gutxi ospatzen ari ziren Ukrainak ontzi zibil errusiarrak erasotu zituela Azov itsasoan. Odesaren aurkako erasoak Ukraina Azov itsasoan ontziratu gabeko ontzi errusiarrak erasotzen hasi eta berehala hasi ziren.

Duela egun gutxi Europako Batzordeak errusiarrei zigor gehiago ezartzea proposatu zuen eta hainbat herrialde aurka agertu ziren. Ondorioz, zigor paketea nabarmen murriztu zen. Europako estatuak gero eta gehiago ari dira sentitzen iraganean hartutako erabakietatik eratorritako presio ekonomikoak.

Bilerak egiten ari dira Alemaniako eta Errusiako enpresen artean, eta horrek argi erakusten du loturak berrezartzen diren unean pentsatzen hasiak direla. Beraz, ahots arrazional horiek existitzen dira Europan. Nahiz eta, oraingoz, gerrako alderdiak tinko jarraitzen duen nagusitasunezko posizioan.

EBn denbora guztia hizketan ematen dute, oso jarrera gogorra adosten dute eta, jakina, ez dira ausartzen negoziazioa berriro irekitzera. Negoziazioa berriz irekitzea ezinezko egiten duen gauzetako bat da, hala egiten badute, proposatzen duenari errusiarren aurrean Europa zatitzea leporatzen baitzaio. Ezin dira negoziazioak horrela eraman.

Ukrainako frontean dena gainbehera doala ikusten hasten bagara, izua piztuko da eta entzunen dugu, "Lurreko tropak bidali behar ditugu Ukrainara. Bestela, errusiarrek mendebalderaino egingo dute aurrera”. Populazioaren gehiengoa aurka jarriko da Alemanian eta Britainia Handian.

Britainia Handiko inkesta esanguratsua

Duela gutxi inkesta bat egin zuten Britainia Handian, eta Ukrainan zuzeneko inplikazio militarrari gutxieneko babes bat baino ez dagoela adierazi zuten. Baliteke orain dela 12 urte izan behar genituen eztabaidak izaten hastea, Ukrainan denbora honetan guztian benetan zer egiten aritu garen eztabaidatzen hastea.

Gerra eremura tropak bidaltzea akats penagarria litzateke. Errusiar armada oso zaildua dago borrokan, oso trebea da eta teknologikoki oso aurreratua.

Ukrainari babesa ematen diotela diotenak sekulako kaltea egiten ari zaizkie Ukrainari eta bere herriari. Pertsona hauek guztiek hartu duten jarrera ez da batere etikoa izan. Negoziatutako bide guztiak blokeatu dituzte. 2014an Janukovitxek oposizioarekin sinatutako hitzarmenetik hasita, Minskeko akordioekin jarraituta, Istanbulen bakerako bidea zabaldu zuen azken aukera bitarte.

Ez dut uste errusiarrek Kieven sartu nahi zutenik gerra hasieran. Eutsi egin zioten, negoziazioei atea zabalik utzi nahi zietelako. Gaur ez dut uste Dnieper baino harago joan eta mendebaldeko Ukraina okupatu nahi dutenik. Baina eskalatzen jarraitzen dugun egun bakoitzean, errusiar kalkulua aldatzeko arriskua dago. Nire irudituz, Errusian pazientzia agortu egin da eta errusiarren artean negoziatzeko edozein ideia bertan behera uzteko zorian egoteraino iritsi da.

Gerra hasi zenetik lehen aldiz, Ukrainaren etorkizunerako eta nazio gisa bizirauteko benetako arriskua dagoela sentitzen dut. Errealista izan behar da gauza hauekin.

https://www.youtube.com/watch?v=0txx2q0x3bA

joan mari beloki kortexarena

2026-08-09


Utzi iruzkina: