Ukrainan argitzekoak

belokijmari@gmail.com 1700442561683 EUSKAL HERRITIK | 2024-12-19 11:24

belokijmari@gmail.com 1734604130502

Urtarrilaren 20rako bidea

Donald Trump urtarrilaren 20an izendatuko dute AEBetako presidente. Falta den hilabete honetan trantsizioa ez da lasaia izanen. Orain doan bezala, bere aurkariek guda galdua dute eta fase garratzagora eraman nahi dute. Errusia erantzun bortitza ematera behartu nahi dute eta dagoeneko hamaika probokazio egin dioten arren, bide horri eutsiko diote. Nolakoa izanen da Igor Kirilov jeneralaren hilketaren hurrengoa?

Trumpek guda amaitu nahi duela adierazi du eta demokratek justu kontrakoa. Errepublikanoek eta demokratek atzean dituzten elite ekonomiko boteretsuek interes kontrajarriak dituzte eta ez dute inola amore eman nahi. Demokraten aldekoak hainbat aldiz saiatu dira Trump hiltzen. Lortuko al dute helburua urtarrilaren 20a baino lehen?

Trumpen hitzarmen proposamena

Trumpek azalpen ofiziala egin ez duen arren, bere ingurukoen arabera Zelenskik su-etena sina dezan eta frontearen lerroa orain dagoen puntuan izoztuta geratzea litzateke bere asmoa. Ez dirudi errusiarrek onartuko duten zerbait denik, guda aise irabazten ari baitira.

Azken aldian maiz aipatzen da NATOko 100.000-300.000 tropa sartuko ote duten Ukrainan, “bake-indar” gisa. Errusiak ez du onartuko, noski. Probokatzeko jokatuko al dute karta hau estatubatuarrek eta enparauek?

Ukraina NATOn sartzea 10-30 urtez atzeratzea aurreikusten omen du Trumpek. Proposamen hau ere ez da onargarria Errusiarentzat, urrats horrek ez lukeelako bakea ziurtatuko. Guda aurrerago berriz lehertzeko balioko luke bakarrik. Europa osorako segurtasun-hitzarmen berria sinatzea da Errusiak nahi duena, bake-berme bakarra bide horretatik ziurta litekeelako.

Ukrainaren mapa berria

Luhansk, Donetsk, Zaporozhie, Jerson eta Krimea Errusiaren Konstituzioan txertatuta daude dagoeneko. Vladimir Putinen arabera, hori ontzat ematea da negoziaketatan hasteko lehen urratsa. Honi lotuta beste xehetasun garrantzitsua aipatu zuen: guda-zelaiaren eguneko errealitatea aintzat hartu beharko dela negoziaketa-mahaian. Hortaz, baliteke eskualde gehiago erantsi behar izatea aurreko zerrendari, ordurako militarki hartuak izan litezkeelako. Bereziki gehiengo errusiera-hiztuna duten eskualdeak (Nikolaiev, Odesa, Jarkiv, Dnipropetrovsk…)

Garai batean berea izan zuen Galizia eskualdea berreskuratu nahi duela adierazia du lehendik Poloniak. Bestalde, Errumania eta Hungariak ere badituzte historikoki berenak izan diren beste batzuk Ukrainako Estatuan. Litekeena da putrez inguratuta dagoen Ukrainari handik eta hemendik puskak kentzea, Black-Rock, JP Morgan eta beste hainbat putre-funtsek lur hoberenak ostu dizkioten modu berean.

Nolako Ukraina geratuko den ikusteko dago, baina aurreikus litekeen mapa politiko-ekonomikoak antz txikia izan lezake egungoarekin.

Desmilitarizazioa eta desnazifikazioa

Operazio Militar Berezia abian jarri zuelarik, Vladimir Putinek desmilitarizazioa aipatu zuen helburu garrantzitsuenen artean. Hau da, geratuko den Ukrainak defentsarako armada txiki bat besterik ez duela eduki ahal izanen. Nahiz batzuek armada indartsua ipini nahi izanen duten. NATOk ez du lekurik izanen Ukrainan. Eta honek Errusiari erasotzeko aukera militarrik ere ez.

Desnazifikazioa da, desmilitarizazioa eta neutraltasunarekin batera, Vladimir Putinek OMBren hasieran aipatu zuen hirugarren helburu nagusia. Zelenski ez da presidente legitimoa, maiatzean amaitu baitzuen bere agintaldia. Beren Konstituzioaren arabera, Parlamentuko buruak hartu behar zuen behin-behineko presidente kargua. Baina Zelenskik ez zuen Konstituzioa bete nahi izan eta, “Mendebalde” osoak babesa eman zionez, karguan jarraitu du geroztik legitimitaterik gabe. Lehendik alderdi politikoak, sindikatuak, komunikabideak, jatorrizko Eliza ortodoxoa… debekatuta ditu, egun Europan dagoen diktadura zorrotzena ezarrita. AZOVeko naziek gidatutako diktadura. Egun, Ukrainan nonahi ikus daiteke sinbologia nazia, agintzen dutenen ideologia zein den argi erakutsiz. 2014ko estatu-kolpetik dagoen sistema nazia deuseztu egin beharra da hauteskunde demokratikoak deituta. Gobernu berriak nazismoa eta bere ikur guztiak debekatuko dituen lege-sistema aktibatu beharko du.

NATO

NATO, Sobiet Batasunaren garaian, defentsarako erakunde bezala sortu zen, ustez. SESB desagertu zelarik, bera ere desagertu egin beharko zatekeen, zertatik defenditu ez zegoelako. Baina aurkako bidea hartu eta Errusia aldera zabaltzeari ekin zion, herrialde errusiarraren geroa arriskutan jarrita. Hau da funtsean Ukrainako gudan jokatzen ari dena. NATOk Errusiari segurtasun tartea errespetatu beharko dio, inoiz gudaren arriskuak desagerrarazi nahi badira.

NATOk Jugoslavia desegin zuen bonbardaketa basatiak eginez Belgraden. NBEaren baimenik gabe, soilik yankiek bere buruari eman ziotenarekin. Jarraian Ukrainako estatu-kolpea diseinatu, antolatu eta finantzatu zuen. NATO erasorako bakarrik dago eta ez du lekurik izan behar Europan.

AEB eta EB

Behin guda galdutzat emanda, oso litekeena da AEB “agur” esan eta Ukrainako patata beroa EBren eskutan uztea, oso-osorik. Yankiek -Victoria Nuland buru zela- antolatu zuten triskantza hau orain EBko europarron esku geratuko al da? Europako mendebaldeko herritarron sakeletik aterako diguten diruaz ordainduko ditugu lur haietan inbertitu beharko diren milaka milioi euroak? Yankiek milaka milioi dolar irabazi eta gero? Gure politikoak trufa hori ontzat emateko prest al daude? Arrisku handia dago.

Errusiaren lidertza munduan

Errusia egun lidertzat hartua da munduko leku askotan inperialismo yankiari egiten ari zaion borrokagatik. Afrikan bereziki, baina orobat Asian eta Hego eta Ertamerikan. Europarren kolonialismoa jasan behar izan duten herrialde afrikar asko egun Errusiari begira dago, segurtasuna bere esku utzi nahian. Sahelgo Burkina-Faso, Mali eta Niger izan dira lehenak armada frantsesa eta estatubatuarrak bertatik bidaltzen eta armada errusiarrari deitzen, baina zerrenda luzatuz doa.

Aurten Kazanen gauzatu zen BRICS komunitatearen biltzarrean, ongi ikusi zen mundu osotik etorritako estatuburuek nola erakusten zioten Vladimir Putini beren adostasun politikoa, haren lidertza onartuz eta txalotuz. “Mendebaldea” gidatzen duen G7 taldea gero eta eragin txikiagoa du munduan, gainerako estatu gehienek Errusia-Txina bikoari begiratzen dioten bitartean.

Europan ere hedatuz joanen da Errusiaren aldeko jarrera, behin Ukrainako guda irabazita. Europarrok ere ontzat eman beharko dugu inperialismo yankiari galga jartzen ari zaiona Errusia dela. 1945ean Hitler eta haren nazismoarekin amaitu zuen bezala, 20 milioi lagunen odola eta bizia borroka latz hartan utzita.

Euskal Herrian ere ezin ahaztuko dugu 1936-39ko guda basatian Errusiak eman zigun laguntza. Beren itsasontziak gure umez (1.800 inguru) eta beren laguntzaileez bete eta Santurtzitik Moskura eraman zituzten etorkizun hobeagoa eskaintzera. Berriki urte luzean Polonian kartzelatuta eduki duten Pablo Gonzalez ume haietako baten esker oneko semea da. Euskaldunok ere badugu gure artean dagoen errusofobia Pablorena bezalako esker onaz ordezkatzeko garaia.


Utzi iruzkina: