UKRAINAKO GUDA GELDITU
Hauxe jende gehienak nahi duena. Ehunka mila baitira Ukrainan hiltzen ari diren gizakiak. Baina nola gelditu? Zer eskaini behar zaio alde bakoitzari gudari berriz ekin ez diezaion? Herritarrok ahotsa altxa nahi dugu, baina zer aldarrikatzeko? Hemengo komunikabide nagusien arabera, Errusiak Ukrainatik atera behar du eta urte luze honetan inbaditu dituen lurrak utzi. Kitto. Ondoren kalteak ordaintzea exijituko zaio, azpiegiturak berreraikitzeko gastuak bere gain har ditzala, Putini epaiketa sumarisimoa egitea, e.a.
Baina, hau al da herritarrok aldarrikatu behar duguna? Planteamendu hau serioa al da? Bi akats larri dituela esanen nuke berehala. Lehena, Errusiak ez duela inola onartuko; beraz, proposamenak ez du guda amaitzeko balio. Bigarrenik, proposamenak ez ditu aintzat hartzen guda pizteko izan diren arrazoiak; hortaz, ez du arazoa konpontzeko balio. Izan gaitezen praktikoak eta sakon dezagun azken urteetako bilakaera historikoan, ondoren proposamen baliagarri bat aurkitu ahal izateko.
Oso urrutira joan gabe -Leninek Ukrainaren errepublika sobietarra sortu zuen garaira adibidez- goazen 1990. urteraino. Urte horretan Gorbachov (SESB) eta G.Bush Jr. (EEBB) presidenteek hitzartu zuten Varsoviako Ituna deuseztatuko zuela lehenak eta NATO ez zela ekialderantz zabalduko bigarrenak. Sobiet Batasuna 1991n deuseztatu zen. Baina EEBBek beren hitza bete beharrean NATO ekialdera zabaltzeko plana eratu zuten. 2008an Bushek Ukraina NATOn sartzea bultzatu zuen Bukaresteko goi-bileran. Errusiako agintariek NATOren armada ez zutela Ukrainako mugetan inolaz ere nahi berretsi zuten. Alemania eta Frantziaren balorazioetan “ez da beharrezkoa orain Errusia probokatzea” entzun ahal izan zen. Mendebaldeko europarrentzat ere probokazio argia zen.
2014an Yanukovich presidente hautatuari kargua kendu zioten estatu kolpe baten bitartez. Hauteskundeetan bere puntu nagusia Ukrainaren neutraltasuna izan zen. Victoria Nuland, gaur EEBBetako Estatu Idazkariorde eta garai hartan Idazkaritza horretako kide, Maidan plazan izan zen kolpista armatuei babesa ematen. Donbassen herritarrak armak hartuta jazarri zitzaizkion Gobernu kolpistari.
2015ean, Minsken bake hitzarmena sinatu zen. Bertan marko autonomo bat ziurtatzen zitzaien Donbasseko bi errepublikei. Baina Nazio Batuen Erakundearen babesa izan arren, Gobernuak ez zuen bere konpromisoa bete.
2021ean Biden presidenteak NATO ekialderantz zabaltzeko asmoa berretsi zuen. Konfrontazio militarra ekiditeko asmoz, 2021eko abenduan Vladimir Putinek EEBBen eta Errusiaren arteko segurtasun-akordioa proposatu zuen. Hurrengo ilean Joe Bidenek ez zegoela negoziatzeko prest erantzun zion. 2022ko otsailean Errusiak “operazio militar berezia” abiarazi zuen. Lau aste beranduago Zelenskik neutraltasuna onartu zuen publikoki eta, Erdogan presidentearen eraginez, martxoan, Turkian, Errusiak eta Ukrainak bake akordiorako lehen zirriborroa sinatu zuten. Bidenek aukera hori zapuztuz Ukrainari guda indartzeko esan zion, Ukrainak NATOren barruan behar zuelako.
Datu hauekin ongi ulertzen da inbasioa ez zela lur berriak konkistatzeko asmoz egina izan. Alderantziz, EEBBen eta NATOren jarrera erasokorraren aurrean, emandako hitza inoiz ez dutela betetzen eta bere biziraupena arriskutan ikusita, Errusiak lehen kolpea emanez beren arteko gatazkan aurre hartzea erabaki zuen, taktikoki bere aldeko egoera sortzen zuelako.
Hortaz, eraso inperialista izan zen ala defentsa-ekimena? Geopolitikako adituek aurreko parrafoetan esandakoak estrategia bereko atalak direla diote. NATOren plangintza bati lotuak leudekenak, gaur Errusiar Federazioak Sobiet Batasunak inplosionatu zuen bezalaxe inplosiona dezan asmoz eginak. Goi agintari desberdinek behin eta berriz errepikatu dute biziraupena arriskutan jarri diotelako sartu dela Errusia guda honetan.
Lehen parrafoan genioenari helduz, zer aldarrikatu behar dugu Europako mendebaldeko herritarrok? Lehenik su etena, noski. Eta ondoren, diplomazia, 2022ko Turkiako dokumentuaren bidetik abiatuta, bera baita bi aldeek bakerako sinatu duten azken agiria. Eta agintari politikoak mugiarazteko herritarron mobilizazioa beharrezkoa denez, hemengo alderdi politikoei herritarron mobilizazioa antola dezatela. Bereziki EHBILDU eta EAJri, haiek baitute mobilizatzeko ahalmen handiena Euskal Herrian.
joan mari beloki kortexarena
2023-08-28
Iruzkinak
Utzi iruzkina: