Ukrainako guda, amaitzekotan

Donald Trumpek lehen urrats serioa eman du Ukrainako gudari amaiera emateko. Honetan ez da hitz hutsak edo potoloak botatzera mugatu. Hiru aste daramatza hitzaldi handi eta bortitzak jaurtikitzen, baina gaurkoan zerbait zehatza egin du. Vladimir Putin Errusiako presidentearekin telefonoz hitz egin du eta, zabaldu diren xehetasunengatik, hizketaldia emankorra izan da.
Gaurko albiste handi bakarra ez da hori izan. Trumpek eta Putinek egin duten mintzaldi horri Bruselako beste gertakizun bat erantsi behar zaio. Pete Hegseth AEBetako Defentsa Idazkaria bertan bilera batean izan da eta ondoren emandako prentsaurrekoan adierazpen zehatz bezain esanguratsuak egin ditu.
Aipatu bi gertakizunen inguruan, hausnarketa hauek egin ditzakegu:
- Bi presidenteen arteko elkarrizketak ordu eta erdi iraun du. Jarraian, Trumpek Zelenskiri deitu dio eta hamar minutuz jardun dute. Politikan bileren luzerak oso neurtuak izaten dira eta bilera bakoitzari eman nahi zaion garrantziaren arabera erabakitzen dituzte beren luzerak. Trumpek Putinekin 90 minutuz jardun du eta Zelenskirekin 10 besterik ez. Trumpek ez ziokeen hainbeste minutu eskainiko Putini desadostasunik egon ezkero. Guda baten giroan murgilduta, telefonozko harremanak luzeak badira adostasuna handia delako izaten da.
- Trumpek berak esan du denetatik hitz egin dutela eta giro onean. Hortaz gain Trump Moskura joatekotan geratu da eta Putin Amerikako Estatu Batuetara. Urrats hauek inork espero ez zitzakeenak dira. Eta egungo egoera politikoan oso adierazgarriak. Hitz gutxitan esanda, Ukrainako gudaren amaiera hasia da. Negoziazioen prozesua seguraski ez da laburra izanen, baina gaur adostasunak handiak direla esan liteke.
- Giro on horren froga gisa Errusian eta Bielorrusian zeuden hainbat preso estatubatuar aske utzi dituzte. Eta AEBetan preso zeukaten beste bat Moskurako bidean da dagoeneko.
- Pete Hegseth Defentsa Idazkariak Ukraina NATOn sartzeko ateak osotara itxi dizkio. Zalantza izpirik ez du utzi. Gogora dezagun aldarrikapen hau izan zela Errusiako Armada Ukrainako lurretan sartzeko arazo nagusia. Eta AEBetako presidenteak, bere Defentsa Idazkariaren bitartez, arrazoi osoa eman dio Errusiari.
- Luhansk, Donetsk, Zaporozhie, Jerson eta Krimea Errusiako lurrak izanen dira aurrerantzean ere. Hala ziurtatu du Pete Hegseth AEBetako Defentsa Idazkariak. 2022ko Istanbuleko Hitzarmenean jasotzen ez zen puntua da hau, orduan Errusiak autonomia soilik eskatzen baitzuen errepublika eta eskualde horientzat. Biden-Johnson bikoak gudari eusteko apustua egin izanaren ondorioa da.
- AEBek ez dute soldadurik bidaliko Ukrainara. Ez “bake indar” gisa eta ez inola. Pete Hegseth garbi utzi du Zelenskiren aldarrikapen horren ukazioa. Eta Europak bidaltzea erabakiko balu, ondoren ez luke 5. artikuluaren aktibatzea eskatzerik izanen.
Aurreko puntuetan AEBetako Defentsa idazkariak hankaz gora bota ditu Zelenskiren aldarrikapen guzti-guztiak. Zelenski politikoki gaurtik aurrera ez da deus, guztiz bazterturik utzi du Trumpek. Bestalde, aurreko parrafoetan aipatu diren guzti-guztiak Putinek egindako exijentziekin bat datoz. Hauxe da gaur arlo politikoan dugun albisterik aipagarriena. Gudaren amaiera hasia da eta hori albiste pozgarria da. Europan lurrikara eraginen duen albistea denez, erne jarraitu beharko ditugu hurrengo pausuak. Bereziki, Munichen otsailaren 14tik 16ra eginen den Segurtasun Konferentzia.
joan mari beloki kortexarena
2025-02-13
Iruzkinak
Utzi iruzkina: