Ukrainako gerran aldaketa handiak

Ukrainako gerran aldaketa handiak EUSKAL HERRITIK | 2026-05-31 00:30

Ukrainako gerran aldaketa handiak

Larry Johnson AEBetako CIA agentzian analista gisa jardun zuen urte askotan. Erretiratu ondoren, analista independente gisa dihardu. Pascal Lottaz analista suitzarrarekin egin berri duen elkarrizketaren laburpena duzue hemen. NATOk Luhansk Errepublikako Starobilsk herrian lo zeuden 21 nerabe hil eta gero, Errusiak taktika aldatu duela dio.

Pascal Lottaz. Ukrainak Luhansken 21 ikasle nerabe hil eta errusiarrek Kieven atzerriko diplomatikoak hiritik ateratzeko abisua eman ondoren, Errusiak gerran darabilen estrategia aldatu eginen al du?

Larry Johnson. Bai, une hau erabakigarria dela uste dut. Aldatzeko erabakia hartu dute. Duela aste batzuk, Dmitry Polyanskiy enbaxadoreak Europako helburuak orain mahai gainean daudela esan zuenean, Errusian droneekin gertatzen ari ziren erasoak zirela eta, gauzak norabide horretara zihoazela ikusi genuen. Esan zuena neurtua izan zen, baina zuzena, eta argi zegoen Kanpo Arazoetako Ministerioaren aginduei jarraituz jardun zuela. Geroago, aste honetan, Sergey Lavrov atzerri ministroaren eta Marco Rubio estatu idazkariaren arteko solasaldia izan dugu. Lavrov oso zuzena izan zen eta bere mezua oso argia, “Mendebaldeko diplomatikoak, Kievetik lehenbailehen irten”.

Errusiak ez du mehatxu hutsik egiten. CIAko agente gisa errusiarrak aztertzen urte asko eman zuen Ray McGovern-ek esan zuen bezala, “Zer eginen duten jakin nahi baduzu, entzun zer esaten duten, ez baitute txorakeriarik esaten. Diplomatikoak dira, baina oso zuzenak”. Kasu honetan oso serio hartu behar dugu esaten ari direna, Kieveko inteligentzia-helburuei eta helburu militarrei eraso eginen dietela, alegia. Gaur egun AEBetako CIAko agenteek eta NATOko zein AEBetako militarrek dihardute gune horietan.

P.L. Hau da, Errusiak esaten duenean, "Atera zuen diplomatikoak Kievetik", esaten ari da, "Ken itzazue pertsona horiek Kievetik, badakigulako gure jendea hiltzeko ardura dutela. Eta zuek garbitzen ez badituzue, guk eginen dugu"

L.J. Bai. Mendebaldarrek hiritik alde egin behar dute, Errusiak Kievi eraso eginen diolako eta hura kolpatzen jarraituko duelako, lurreko indarrekin sartu baino lehen Kiev prestatzeko. Kiev harrapatu eta kontrolatuko dutela uste dut, uda bukaerarako agian. Orain gatazkan koska bat igotzeko prest daude. Nahikoa misil prest dituztela ziurtatu dute, artilleriaz eta soldaduez gain. Eta ez da Dmitry Polyanskiy bakarrik, Sergei Karaganovek ere Europaren aurka arma nuklearrak erabiltzeari buruzko iruzkinak egin zituen. Beraz, gerra fase berri batean sartu da.

P.L. Orain badirudi europarrak gerra lurralde errusiarrera eraman nahian dabiltzala, baina gerra Europa mendebaldera zabaldu gabe. Errusiak ez du hori onartuko.

L.J. Arrazoi osoa duzu. Vladimir Putin beti joan da iritzi publikoaren atzetik. Adibidez, ez da jendea mobilizatzen saiatu. Oso zuhurra izan da beti; herritarrak, berriz, jarrera oldarkorragoa hartzeko prestuago egon dira beti. Dmitry Medvedev eta Sergey Karaganoven hitzaldietan behin eta berriz islatu da hori. Biak oso pertsona errespetatuak dira Errusian.

Orain Putinek pauso bat eman du aurrera. Errusiak norabidea aldatu du gerra honetan. Atzerriko diplomatikoentzat, atzerriko langile militarrentzat eta inteligentziako ofizial ohientzat ezinezkoa izanen da Kieven bertan bizitzea. Kieven aurkako presioa areagotzea, “Begira, hau da Ukraina barruan egiten dugun azken gauza. Gelditzen ez bazarete, hurrengoa Ukrainatik kanpo izanen da” europarrei esateko modu bat da.

P.L. Gobernua bera eta egitura militarrak Leopolisera (Ukraina mendebaldea) eramanen ote dituzte?

L.J. Azkenean hori gertatuko dela uste dut. Ukraina barruan Europako helburuak kolpatzeko modu bat da. Erabateko eskalada baten aurreko tarteko urratsa da. Berriz ere, atzera egiteko aukera eman die Errusiak. Esan nahi dut, gerraren fase berri honek Ukrainaren barruan jarraitzen badu ere, badirudi europarrak erabat prest daudela Errusiaren aurkako gerra baterako prestaketekin jarraitzeko. Eta ikusten dugu errusiarrek orain onartzen dutela gerra hori etorriko dela. Beraz, horretarako prestatzen ari dira. Hala ere, pentsatzen dut Europako herrialde horietan herriak, oro har, bere buruzagiak geldiaraziko dituela suizidio politikoa egin aurretik.

“Semeorde ilegorria”

P.L. Mundu guztia bat dator AEB direla NATOren barruan erabakiak hartzeko prozesuaren giltzarria esatean, eta horrek eragin zuzena duela Kieven. Zein da AEBen egungo jarrera?

L.J. AEBetako kulturan, familia batek haur bat semetzat hartzen zuenean, batzuetan “semeorde ilegorria” deitzen zioten. Ez zen faboritoa, ez zen familiaren erdiguneko kide, beti arrotztzat hartzen zuten. Eta horixe da Ukraina orain AEBentzat, “semeorde ilegorria”. Izan ere, seme kuttunak, Israelek alegia, maitasun guztia, diru guztia eta arma guztiak jasotzen ditu; Ukrainak apurrak. Lehentasuna Israel da.

Orain, errusiarrek joko-arauak aldatu eta gerraren izaera erabat aldatuko duten puntuan gaude. Errusia konturatu da AEB paperezko tigrea direla. Ez dira huthiak garaitzeko gai izan, ezta Iran bera ere.

P.L. AEBek Errusia Ukrainan katramilatu egin nahiko lukete. Hau da, botere ikaragarria izan arren, irabazi ezin duzun gerra batetan korapilatu, matxinatuak babesten dituztelako, armak ematen dizkietelako eta behin eta berriz kolpatzen jarraitzen dutelako, hainbat urte pasa eta gero, dena haustea lortu arte. Nola saihestu lezake hori Errusiak?

L.J. Errusiak historia nahiko arrakastatsua du Mendebaldeak babestutako matxinaden kudeaketatan. Lehenengoa 1949 eta 1950 artean izan zen, CIAk eta MI6k banderistei lagundu zietenean, Errusian erasoak burutzeko unitate ukrainarrak antolatuz. Errusiarrek sei urte inguru behar izan zituzten hura itotzeko. Gero, Txetxeniako lehen gerra izan genuen 93an. Bigarrena 1999an hasi zen, eta 2010ean amaitu, Medvedev presidente zela. Errusiak arrakastaz borrokatu du Mendebaldeak babestutako matxinaden aurka, eta denetan garaile izan da.

Orain, Errusiak higadura gerra honekin jarraitzen du, Ukraina indargabetuz. Baina, gainera, Errusiak Kiev, Odessa eta seguruenik Transnistria ere hartuko dituela uste dut. Hau guztia amaitu baino lehen, Ukrainako indarrak militarki garaituko dituzte. Eta NATOko indarren bat Odesa defendatzeko sartzen saiatzen bada, suntsitu eginen dute. Izugarria izanen da. Une honetan ukrainarrek eta europarrek gerra Europara zabaldu nahi dute; errusiarrek, aldiz, Ukrainaren barruan mantendu nahiko lukete.

P.L. Trump ez da gehiago inplikatuko Ukrainan. Nahiko ziur nago horretaz. Iranen du arreta eta oraintxe bertan kolpe politiko handia jasotzen ari da. Babesa %37raino murriztu zaio.

https://www.youtube.com/watch?v=PvLp_f1hkJo

joan mari beloki kortexarena

2026-05-31


Utzi iruzkina: