Ukrainako gerrak lau urte

belokijmari@gmail.com 1700442561683 EUSKAL HERRITIK | 2026-03-16 22:02

belokijmari@gmail.com 1773695218329

Otsailaren 24an lau urte bete ziren Errusiak bere Operazio Militar Bereziari hasiera eman zionetik. Netanyahu bizirik ote dagoen zalantza handiak dauden garai hauetan, eta AEB-Israel bikoak Irani antolatu dioten gerran nagusitzeko arazo larriak dituztelarik, tarte txiki bat bilatu diogu Ukrainako gatazkari, bere nondik norakoak argitzeko. Jeffrey Sachs ekonomialariaren iritzia duzue hemen.

Abiapuntua da AEBek pentsatu zutela inoiz ez zirela gerrara iritsiko. Hondamendi guztia Gerra Hotzaren amaierako ideiekin hasten da, AEBak nagusi zirenean eta AEBak buru zituen mundu batean Errusia sartzea espero zutenean. Are gehiago, Errusia hirugarren mailako potentzia bihurtzea espero zuten, eta zatituta amaitzea ere. Zbigniew Brzezinskik, Jimmy Carterrekin Segurtasun Nazionalerako Kontseilaria zenak, 90eko hamarkadan idatzi zuen Errusia betirako hiru estatutan deseginen zela: Europako Errusia, Siberiako Errusia eta ekialde urruneko Errusia. Hori triunfalismoa zen. AEBek ez zutela aurkaririk uste zuten, ezin zela desafiatua izan eta, beraz, ez zela gerrarik gertatuko. Azken batez, Errusiak AEBek egindako edozein eskakizun onartuko lukeela, alegia.

Baina Errusiak ez zituen bere eskakizunak onartu eta AEBk eta Europak bere aurka diseinatu zutenari eutsi ziezaiokeela erakutsi zuen, bai 2014ko kolpearen ondoren, bai berriz ere 2022aren ondoren. Errusiak eutsi egin zion eta mendebaldeko boterea iragarritakoa baino txikiagoa zela erakutsi zuen. Hori bera bihurtu zen politikari horientzat borrokan jarraitzeko arrazoi. Boris Johnson kriminalak, gerra honen benetako errudunak, elkarrizketa batean esan zuen ezin zuela onartu Ukrainak 2022ko udaberrian Errusiarekin bake akordio bat sinatzea, hori mehatxu bat izanen litzatekeelako Mendebaldeko hegemoniarentzat.

Honetan guztian ez da inolako interesik egon Europako edo AEBetako segurtasunarentzat. Ez da AEBen edo Europaren segurtasun-kontua. AEBen eta Europaren menderakuntza da. Europarrek bazekiten ideia txarra zela. Ziur dakit AEBek Ukrainan NATO zabaltzeko presioa egin zutenean, erresistentzia handia egon zela Europan, gerrara eramanen zuela ongi zekitelako. Baina orain Trump beste amets batzuetan interesatuta dagoenez, europarrek irtenbiderik aurkitu gabe jarraitzen dute. AEBek mendebaldeko hegemonia inposatzen ez badute, eurek eginen dutela pentsatzen dute. Beraz, Alemania, Frantzia eta Erresuma Batuaren arteko errebantxa da Errusiaren aurka prestatu nahiko luketena. Nahiz eta beren jendearen artean ideia hau txarra dela eta gatazka amaitu egin behar dela uste duten. Ukrainarentzat onena neutraltasuna eta gerra honen amaiera dela pentsatzen duten arren.

Bere memorietan Angela Merkelek 2008an NATO handitzeko Alemaniak AEBen eskakizunei amore eman zien unea deskribatzen du. Bukaresteko goi-bileraren lehen egunean, George Bushek NATO presionatu zuen Ukraina eta Georgia gonbidatzeko konpromisoa har zezan. Frantziak eta Alemaniak, eta Norvegia bezalako beste batzuek, oso ideia txarra zela uste zuten, eta aurre egiten saiatu ziren, Europan horrek gerra eta krisia eragin zitzakeela azalduz Bushi. Baina AEBak tematu egin ziren eta lehen egunean ez, baina bigarrenean amore eman zuen. Hori izan zen inflexio puntua Europarentzat.

Scholz izugarri ahula izan zen. Ez zuen sekula zentzuzko esaldi bakar bat ere esan horrelako ezeri buruz kantziler izan zen bitartean. Eta Merz ere dezepzio handia izan da, kantziler kargua hartu orduko hasi baitzen lehen momentutik gerra danborrak jotzen. Alemaniaren lidergoa izugarria izan da eta horrek ondorioak ditu, Alemania modu askotara baitago historia honen erdigunean. Garrantzitsuena 1990ean gertatu zen, Berlingo harresia erori ondoren, Alemaniak oraindik banatuta jarraitzen zuelarik. Helmut Kohl zen kantzilerra eta batasunerantz egin nahi zuen. Horrek Sobietar Batasunaren onarpena eskatzen zuen. Onarpen hori lortzeko, Kohlek 1990eko otsailaren 10ean Gorbachovi azaldu zion NATO ez zela ekialderantz hedatuko. Konpromezu hori Kohl-ek bere gain hartu zuen eta Hans-Dietrich Genscher-ek, Alemaniako kanpo arazoetako ministroak, askotan errepikatu zuen publikoki eta pribatuki.

Alemaniak sekulako tranpa egin zuen. 1993tik aurrera NATOren zabalkuntza bultzatzen hasi zen, AEBekin batera. Alemania NATOren handitzearen sustatzaile sutsua izan zen, nahiz eta Alemania izan NATO ekialderantz hazbete ere ez zela mugituko hitzematearen erantzule nagusia. Hori guztia ondo dokumentatuta dago.

Maidango kolpean AEBek asko egin zuten Ukrainako gobernu neutrala agintetik kentzeko. Gogoratu behar dugu 2014ko otsailaren 21ean Alemania, Frantzia eta Poloniako kanpo arazoetako ministroek akordio bat negoziatu zutela Yanukovichekin Maidaneko istiluei amaiera emateko, gehienak AEBek beraiek elikatuak, 2014an hauteskundeak egitearen truke. Alemania akordio horren sinatzaileetako bat zen. Ituna Putin presidentearekin eta Obama presidentearekin koordinatu zuten. Hurrengo egunean, kolpearen liderrek Kieveko gobernu eraikinak eraso zituzten eta Yanukovich, legez eratutako presidentea, boteretik kendu zuten. Obamak berehala onartu zuen gobernu berria AEBetako estatu sakonaren planaren parte zela. Eta Alemaniak berriro ere bat egin zuen. Europak porrot egin zuen, Yanukovichekin akordioa sinatu baitzuen eta 24 ordu eskasetan AEBen aurrean amore eman zuen.

Alemaniak tranpa egin zuen berriz ere 2015ean. Gerra piztu ondoren, Donetsk eta Luhansk banandu egin ziren eta ez zioten Kieveko erregimen kolpistari jarraitzen. Kieveko gobernua bi eskualdeei erasotzen hasi zen. Putin presidenteak Minskeko akordioak antolatzen lagundu zuen 2014-2015ean. Azken akordioaren arabera, borrokak bertan behera geratuko ziren, bi eskualdeen autonomia politikoa oinarri hartuta. Akordio horren bermatzaileak Alemania eta Frantzia ziren. Eta orain badakigu, bien testigantzagatik, ez zutela akordioa betearazi. Merkelek geroago adierazpen harrigarriro lotsagabe batean esan zuen bezala, Minskeko akordioa Ukrainak gerrarako gaitasuna indartzeko denboratzat jo zuten.

Alemaniak du erantzukizunik handiena Europako Batasuneko herrialderik handiena den aldetik. 1990etik aurrera historia honen erdigunean bertan egon zen eta une erabakigarrietan bere erantzukizun politikoan huts egin du. NATOren handitzea, 2014ko otsailean Maidaneko kolpea eta Minskeko akordioaren aplikazio eza lekuko.

Hegemoniak esan nahi du aurkakoak zapaltzen dituzula zure helburua menperatzea delako. Eta horixe gertatu zen. NATO handitzera jo zuten Errusia mehatxua ez izan arren. Alderantziz, NATOrekin bat egitea eskatzen ari zen, Europako segurtasun akordio komun bat desiratuz. Baina AEBei hegemonia interesatzen zitzaion.

https://www.youtube.com/watch?v=TCBfpQLOyM4

joan mari beloki kortexarena

2026-03-16


Utzi iruzkina: