UKRAINAKO GUDA AMAITUTA, ZER? (I)

belokijmari@gmail.com 1700442561683 EUSKAL HERRITIK | 2023-12-14 18:04

belokijmari@gmail.com 1702573644919

Erne! Hausnarketa hau ez dago denek irakurtzeko egina. Komunikabide hegemonikoei sinesten dietenek denbora galduko dute hau irakurrita. Idatzi hau irakurtzeko honakoak sinetsi behar dira: guda ez zela 2022an hasi, 2014an baizik, Euromaidan deituriko estatu kolpea ematearekin batera. Gobernua hartu zuten naziek Donbassen politika genozida ezarri zutela geroztik. Ukraina Estatu faxista bihurtu zutela, oposizioko alderdi politiko, sindikatu eta komunikabideak debekatuz eta militante ugari espetxeratuz. Guda AEBen plangintza baten ondorioz hasi zela eta ez Putinen auskalo zein asmorengatik. Ukrainak, NATOk eta EBk ez dutela inoiz Minskeko hitzarmena betetzeko asmorik izan eta negoziatzen eman zituzten urteak Ukrainari Europako mendebaldeko armada indartsuena antolatzeko bakarrik erabili zituztela. Errusiak ez duela Europako mendebaldean lurrik konkistatzeko asmorik. Buchan errusiarrek ez zutela inolako masakrerik egin. Eduki horiekin ados bazaude has zaitezke irakurtzen.

Ukrainaren armadaren porrota

2023ko abenduaren 14an Ukrainako guda amaitzekotan da. Goi agintarien erabakia bakarrik falta da 2014an hasi zen senideen arteko guda bukatutzat emateko. Errusia gailendu egin zaio AEBk, NATOk, EBk eta Ukrainak berak aurrean jarri zioten armada erraldoiari. Zelenski Ukrainako presidenteak egun hauetan onartu berri du udaberrian egiteko asmo zuten kontraerasoak -gerora udan gauzatu zutenak- porrot egin duela. Bost hilabete hauetan Ukrainara armak bidaltzen Europako Batasunak bere armategi guztiak hustu dituen arren, eta AEBk neurri handi batean ere, Errusiak gaitasun izugarria erakutsi du frontera iritsi orduko arma horiek guztiak birrintzen. Abrams, Leopard, Challenger ... tanke modernoenek ustez nahikoa izan behar zuten armada errusiarrari gailentzeko, baina usteak ustel gertatu zaizkie Errusiari guda hau antolatu ziotenei. Ordurako NATO armaz urri bazen, arazoa gainditu ezina bihurtu zitzaion Hamasek Israeli urriaren 7ko kolpea eman ziolarik. Israeli milaka bonba, tanke eta gainerako tresneria bidali beharrak Ukraina eskas geratzera kondenatu zuen. Ondoren, AEBetan errepublikarrek Ukrainari laguntza murrizteak egoera latz horri errematea eman zion eta armada ukrainarrak errusiarrari aurre egiteko nahiko baliabide gabe utzi zuen.

Hala ere, arma eskasia baino arazo larriagoa izan liteke tropa kopuruaren inguruan Ukrainari sortu zaiona. Zenbaki fidagarririk inork ez badaki ere, hildako soldadu ukrainarrena ehunka milakoa dela ziurta liteke. Gudan zehar elbarritu, zauritu, desagertu eta atxilotuta suertatu direnena gehituta, milioira hel daitekeela diotenak badira. Gaur egun soldaduen batezbesteko adina 45 ingurukoa omen da, gazteak frontetik desagertzen ari direla seinale esanguratsuena dela erakutsiz. Asko hilik, beste asko atzerrira ihes eginda, gudarako gazterik gabe geratu da armada ukrainarra. Aspaldi kalean jendea atxilotzen dabil armada, azken egunetan gimnasiotan gazteak harrapatzen, fronteko hutsuneak bete nahian. Galtzen dituen soldaduak ezin ordezkatuz ari dela denon bistan geratzen ari da. Kolapsotik oso gertu dagoela esan liteke, dagoeneko puntu horretara iritsi ez bada.

Errusiaren armada ... bizkor

Bitartean Errusiaren armada egunetik egunera bizkorrago dagoela erakusten ari da. Bere industria militarrak ekoizpena hainbat bider handitu du, arma modernoagoak sortzen ditu eta hori gutxi balitz, lagun dituen Ipar Korea eta Iran ondoan dauzka arma gehiago nahi adina emateko. NATOren zorretan kokatu behar da Errusiak orain armada indartsuena edukitzea Europan. Horri gehituko diogu nahi izanez gero ehunka mila soldadu gehiago mobiliza lezakeela epe motzean, bere armada handiaren zati txiki bat besterik ez baitarabil guda honetan. Airean nagusi izateak abantaila izugarria eman dio Errusiari OTANen armadari gailendu ahal izateko. Une honetan armada errusiarra eroso sentitzen da frontean eta badaki guda irabazita duela. "Operazio militar berezi" honen helburuetako bat Ukraina desmilitarizatzea denez, ez du armada etsaia kolpatzeari uzteko presarik.

Noren esku geratuko da gudari amaiera ofiziala ematea?

Gaur Zelenskiren esku dago. Bihar auskalo. AEBetatik iristen diren iritzien arabera, hango agintariak ordezkoa bilatzen ari omen zaizkio Zelenskiri. Egungo presidentea ez dute gudari bukaera egokia emateko gai ikusten eta Errusiarekin negoziatu beharko duen norbait aproposagoa aurkitu nahian omen dabiltza. Ukrainako armadaren buru Valerii Zaluzhnyi omen da aukera handiena edukiko lukeena, oraingoz behintzat. Beste izen bat asko entzuten dena Oleksii Arestovych da, duela hilabete batzuk arte Zelenskiren gertueneko aholkularia izandakoa. Izen gehiago ere aipatzen da, baina oraintxe galdera nagusia zera da: zer gertatuko da Zelenskirekin? Bin Laden, Gadafi edota Sadam Huseinen patua bera izanen ote duen aipatzen du hainbatek. Beste batzuek, berriz, irla xarmagarri batean patxada osoan bizitzen buka lezakeela.

Guda honi amaiera ematerakoan, ez dirudi garrantzitsuena Ukrainaren izenean pakearen mahaian eseriko denaren izena denik. Bata izan ala bestea, garbi dago mahaian eseriko denak Errusiaren exijentziak onartu beharko dituela ezinbestean. Yankientzat Ukraina aurrerantzean ez da tresna baliagarria Errusiari kalte egiteko; beraz, trapu zaharra bezala bazterrean botata utziko du. Europako Batasunarentzat beste hainbeste. Laguntzera balihoakio, milaka milioi euro ugari inbertitu beharko luke birrinduta geratu den estatu hori aurrera atera ahal izateko. EBk eutsiko al die Ukraaina bere baitan bazkide bezala hartzeko gaur egun behin eta berriz errepikatzen dituen hitzei? Nekez.

Nolako Ukraina geratuko da guda amaituta?

2014an Minskeko hitzarmena sinatu zenaren arabera, Ukraina osorik geratuko zen. Baita 2022an Turkian sinatzeko prest zegoen dokumentuaren arabera. Errusiak ez zuen Ukrainaren lurrik eskuratzeko asmorik. Hasieratik, 1991n Sobiet Batasuna desegin zenetik alegia, dozenaka aldiz errepikatu du NATO Ukrainan ez sartzea dela bere marra gorria lehenik, eta Donbassko eta gainerako eskualdeetako errusiarren hizkuntz-eskubideak errespetatzea, bigarrenik. Bi helburu hauei bere horretan eusten die Errusiak, baina oraingoan -urte eta erdiko guda tarteko- lurraldetasunari dagokionez gauzak nabarmen aldatu dira. Genozidioa pairatzen ari ziren Luhansk eta Donetskeko Errepublikak dagoeneko Errusian txertatuta daude eta horrek ez du atzera bueltarik. Gauza bera gertatzen da Krimearako bidean dauden Zaporozhie eta Jersonekin, hauek ere erreferendum bana irabazi eta gero eskaera bera egin baitzuten. Bost eskualde hauek Errusiaren baitan geratuko dira aurrerantzean. Ikusteko dago Odessa, Jarkov eta beste hainbat eskualdek ere ez ote duten Errusiaren barruan sartuta bukatuko.

Bestalde, Poloniak mendebaldeko lur zati bat -ekialdeko Galiza, hain zuzen- eramateko asmoa agertu izan du historikoki. Hungaria ere kezkatuta dago bere hizkuntzan mintzatzen diren berrehun mila herritarren etorkizunarekin, Zelenskiren lege aldaketekin beren hizkuntz-eskubideak aintzat hartzen ez zaizkielako. Puzzlea bezala deseginen den Ukrainatik lur horiek bereganatu nahi izatea ez litzateke harritzekoa izanen. Hauen aldamenean, Errumaniak badu Ukrainan garai batean berea zen zati bat ere. Hortaz, guda amaituta nolako Ukraina geratuko den ikustekoa izanen da.

Ukrainako gobernu berria

2014an "Euromaidan" deituriko estatu kolpea eman zutenetik, boteregune guztiak naziek eduki dituzte beren esku. Hamar urteotan matarrasa politika ezarri dute eta soilik beren ideologia ultraeskuindarrak izan du landua izateko eskubidea. Komunikabideak itxi, alderdi politikoak eta sindikatuak debekatu, kartzelak ezkerreko militantez bete, erlijio ortodoxo historikoari jazarri, idazle errusiar ospetsuen liburuak desagerrarazi, Alemania naziaren aurkako guda osteko oroigarri eta monumentuak eraitsi ... politika basati eta uniformizatzaile horren adibide batzuk besterik ez dira.  

AEBek sustatu baina naziek gauzatutako guda honen ondoren, garbi dago hamar urte hauetako politika horrek eta bere gidariek ez dutela lekurik izanen Ukraina berrituan. Herritarrek hautatutako politikariek hartu beharko dute herrialdearen lema eta oso bestelako politika herritarragoa egin beharko dute. Amnistia osoa emanez gartzelak hustu, alderdi politikoak eta sindikatuak legeztatu, itxitako komunikabideei eta jazarritako eliza ortodoxo errusiarrari berriz bideak zabaldu ... Askatasunaren bidea zabaltzeko agenda ongi betea jarriko diote Gobernu berriari. Puntu honek bete-betean egiten du bat Putinek adierazi zuen operazio militar berezi honen Ukraina desnazifikatzeko helburuarekin eta ziur bake-mahaiaren gainean azalduko dela hizketan hasiko diren lehen egunetik.

bigarren atala: (https://blogak.eus/euskal-herritik)

joan mari beloki kortexarena

2023-12-15

 

 

 

 


Utzi iruzkina: