Txinparta bat aski
Gaur, Jiang Xuequin izanen dugu gurekin. Pekinen bizi den hezitzaile, idazle, historialari eta analista geopolitikoa duzu Xuequin. Txinako hezkuntza erreformari egindako ekarpenengatik da ezaguna, batez ere sormena eta pentsamendu kritikoa sustatzeagatik. Batzuek Txinako Nostradamus ezizena jarri zioten. Bere analisiek errealitatera modu harrigarrian hurbildu diren eszenatokiak proiektatu ohi dituzte, eta horrek intuizio historiko nabarmena eta epe luzeko joerak aurreikusteko gaitasun handia duen analista geopolitikoaren ospea finkatu dio.
Europa
AEBek europarrak errusiarren aurka borrokatzera joatea nahi dutela uste dut, baina Europako iritzi publikoan ez dago gerra honetan borrokatzeko inolako gogorik. Europako buruzagi politikoak Errusiaren aurka gerran sartuko dira, ukrainarrei laguntzeko indar bereziak bidaliz. Baina azkenean nahitaezko errekrutamendua eginen da. Ukrainako lubakietan zentzurik gabeko gerra honetan gazteak borrokatzera behartuko dira eta horrek iraultza politikoa eraginen du.
Zergatik gerra? Batetik, EBri maila psikologikoan zaila egiten zaiolako Errusiarekin akordio bat bilatzea. Bestetik, garaitu egin nahi dutelako. Beraz, irudimen falta eta borondate politiko falta dira gakoak. Mendebaldeko europarrak burokrata horien kontrolpean daude. Burokrata horiek ilusioz itxaroten dituzte beren pentsio izugarriak, eta beren egun eta denbora gehiena oporrak prestatzen ematen dute. Sonanbulu gisa doaz hondamendirantz, eta ez dago hori saihesteko modurik
Europak arazo asko biziko ditu. EBn oposizioaren zati handi bat kontrolpean dago. AEBetako inperioaren aurka egiten baduzu, oposizioko taldeak finantzatuko dituzte eta gero beren baliabide guztiak erabiliko dituzte zure sinesgarritasuna ahultzeko eta zure populazioan presio izugarria eragiteko. Inperioak oraindik tresna asko dauka bere esku Europako populazioei bere borondatea inposatzeko.
Hurrengo 10 urteetan europarrek AEBetako inperioak eta indar sionistek diotena egin beharko dute. Eta hau ez da oso etorkizun baikorra europarrentzat. AEB eta Europa gainbehera doazen gizarteak dira. Ezinezkoa da gainbehera hori gelditzea. Zein abiaduratan hilen diren da zalantza bakarra.
Hau ez da Ukrainaren eta Errusiaren arteko gerra. Hala balitz, gerra hau hasi ere ez zatekeen eginen. Zelenskik lehen egunetik sinatuko zukeen ituna Errusiarekin, gatazka saihesteko. NATOren eta Errusiaren arteko gerra duzu hau. Zelenski aktore ordaindua da, literalki. NATOren ordezkaria da. Eta orain Ukrainako frontean jota daude, efektiborik gabe geratu dira eta ustelkeria handia da.
Ukrainarren anbizioa estatubatuarrak Ukrainako gerrara eramatea da, Ukrainako eta Irango fronteak elkartuz. Errusia eta Iran aliatuak direla erakutsiz. Iran garaitu nahi baduzu, Errusia ere garaitu egin beharko duzu. Estatubatuarrek ez dute bi fronteek bat egin nahi. Baina NATOk estatubatuarrak Ukrainako gerra babestera behartu nahi ditu kosta hala kosta. Horregatik uste dut Kaspiar Itsasoan Iranen interesen aurkako erasoek jarraitu eginen dutela. Ez dut uste gerra hau bukatuko denik. Ukrainako gerra Irango gerrarekin bat eginen dela uste dut.
Txina
Munduko beste gatazka-eremu bat Txina hegoaldeko itsasoa da. Taiwan beti izanen da Japonia eta Txinaren arteko tentsio gunea. Eta uste dut Ipar Korea lehentxeago edo geroxeago sartuko dela gudu-zelaian.
Denbora luzez, Txina Ukrainako gerratik eta Ekialde Hurbilekotik kanpo mantentzen saiatu zen. Txinak beti mantendu ditu Ukrainako gerrarekiko distantziak. Baina Ekialde Hurbileko gerrak zuzenean eragiten die txinatarren interesei, Txinak Ekialde Hurbiletik petrolio eta energia asko lortzen duelako. Horregatik Txinak lan handia egiten du hegalen artean irtenbide diplomatiko bat bilatzeko.
Txinatarrek petrolioaren prezioak egonkortu nahi zituzten eta Trumpi pizgarri politiko bat eman irandarrekin bakea ahalik eta azkarren lortzeko. Beraz, txinatarrek asko egin dute Irango gerrari lehenbailehen amaiera emateko, baina estatubatuarrak Txina haserrearazten ari dira, muga-zerga berriak ezarriz, Txinako enpresa asko zigortuz eta Japonia birmilitarizatzera bultzatuz. Beraz, nahiz eta Txinak AEBekin akordio batera iritsi nahi duen, badirudi AEBek Txina itotzeko asmoa dutela. Eta AEBetan asko dira Txina benetako mehatxutzat hartzen dutenak. Inperio bat gainbehera doanean, hondamendirantz abiatzen da. Egia esan, Txinak ez du inolako arrazoirik Irani eta Errusiari laguntzeko, baina AEB arrazoi asko ematen ari zaizkio Txinari hori egiteko. Beraz, Errusiaren eta Iranen arteko lankidetza esparru gehiagotara zabaltzea espero dezakegu.
Txinak ez du Taiwan bide militarretik berreskuratu nahi. Txinak eragin ekonomiko eta politikorako gaitasuna sortu nahi du Taiwanekin batzeko. Taiwango oposizioko liderra, Cheng Li-wen izeneko emakumea, Txinan izan zen duela hilabete batzuk, eta Xi Jinping presidenteak egin zion harrera. Bera oso interesatua dago bateratzean eta ziurrenik hurrengo hauteskunde orokorrak irabaziko ditu Taiwanen. Beraz, Txinak uste du denborarekin Taiwan eta Txina modu baketsuan elkartuko direla. Hori Alderdi Komunistaren garaipen politiko handia izanen litzateke, zalantzarik gabe.
Mendebaldeko gizarteak
Gizarteak guk uste baino askoz ere aldakorragoak dira. Panorama geopolitikoan zentratzen gara, gizarte hauek bolbora upelak dira. Ingalaterrara, Frantziara, Alemaniara edo Espainiara baldin bazoaz, herritarrak ez daude batere gustura gauzak dauden moduarekin. Los Angelesen nago -nire lehen aldia da AEBetan naizela bi urtetan- eta aurrekaririk gabeko gainbeheraren seinaleak ikusten ditut nonahi. Ezin dut sinetsi estatubatuarrak pozik daudenik elikagaien prezio hain eskandalagarriekin. Ez dut ulertzen zergatik eusten dion hainbeste herri estatubatuarrak. Azkenean, detonatzaileren bat sortuko da eta indarkeria asko egonen da AEBetan.
Beraz, jendea ohartzen ez den zerbait badagoela uste dut. Ez dugu onartzen gizarte horien guztien barruan jendea oso kezkatuta eta frustratuta dagoela agintari politikoekin. Edozein momentutan gauzek eztanda egin dezakete.
Irango gerra honek goseteak eraginen ditu mundu osoan, Afrikan bereziki. Elikagaien prezioak izugarri igoko dira AEBetan, eta ez dakit ziur zein den AEBetako herritarren sufrimenduarekiko tolerantzia-maila. Beraz, ezinezkoa da gauza horiek noiz gertatuko diren iragartzea, baina osagaiak hor daude eta behar den guztia txinparta bat besterik ez da. Eta baliteke txinparta hori Irango gerrak eragindako inflazio masiboa izatea.
Erabateko finantza-kolapsorantz goaz. AEBetako ekonomiak bi burbuila ditu, kreditu pribatuena bata eta adimen artifizialarena bestea, biak bilioika dolarretakoak. Eta hauek ez dira burbuila iraunkorrak. Eztanda egiten dutenean sufrimendu ekonomikoaren gogortasun guztia azaleratuko da.
https://www.youtube.com/watch?v=LgQsKNDQW3s
joan mari beloki kortexarena
2026-08-16

Iruzkinak
Utzi iruzkina: