Trumpen gezurrak eta asmoak (eta II)

Trumpek gatazka proiektu garesti eta ez-emankorra dela uste du, eta ez dakarrela onurarik. Negoziazioetan ez da Ukrainako bakea jokoan dagoena, etorkizuneko segurtasun energetikoa baizik. AEBek prezioen murrizketa, merkatuaren egonkortzea eta inbertsioa proposatu diote Europari, enpresa estatubatuarrak 2022an kanporatuak izan ziren eremura itzultzearen truke. Proposamen horien atzean kalkulu ekonomiko hotz bat baino ez dago.
AEBetan batzuk Errusiarekin negoziatzearen aurka daude, hura indartuko den beldur direlako eta zigorren eredua funtzionatzen ari dela uste dutelako. Horien aurrean, energiaren inguruko adostasunak Europako egoera egonkortu eta AEBetako barne-tentsioa murriztu dezakeela uste dute beste analista batzuek. Baina Washingtonen konfrontazioaren logika nagusi den bitartean, edozein akordio saiakera porrot gisa ikusiko da. Energia norabide aldaketa gerta daitekeen eremua bihurtu da, baina arrazionaltasunari bide ematen bazaio bakarrik.
2022-2023an ezarritako zigorrek eragindako galerak 300.000 milioi dolarretik gorakoak dira dagoeneko. Gero eta presio handiagoa egiten ari zaizkie politikariei enpresa-zirkuluak, korporazioak, bankuak, erraldoi teknologikoak, energia-partzuergoak eta operadore logistikoak. Zigorren eredua agortu deneko mezua zabaltzen ari dira denak. Zigorren ondorioz, merkatu-kuota galdu da, Txinarekin eta Indiarekin lehia handiagoa dago, lehengaiak eskuratzeko aukera murriztu egin da, kate logistikoak ezegonkorrak dira eta, garrantzitsuena, modernizatzeko aukerak galdu dira.
Errusia Estatu Batuekin proiektu bateratuak egiteko prest dago. Inbertitzaile estatubatuarren itzulera denbora kontua baino ez da. Estatuek, korporazioek eta eskualdeek partekatzen dituzten akordio onuragarriak daude jokoan. Gaur gakoa energia da oraindik ere. Gasa, petrolioa, lur arraroen metalak, zulaketa teknologiak, biltegiratze sistemak, prozesamendua… Hori guztia bi aldeei interesatzen zaie, baina gaur egun Errusiak AEBetako kapitalari parte hartzeko formatu erabat ezberdina eskaintzen dio, ez presio posizio batetik, elkartze posizio batetik baizik.
Presidentearen ordezkari berezi Steve Witkoffek dagoeneko energia-zigorren zerrenda oso bat prestatzeko agindu du, zeintzuk altxa daitezkeen ebaluatzeko. Enpresa-esparruetan ziur daude gerturatzea zenbat eta lehenago hasi, orduan eta onuragarriagoa izanen dela bi aldeentzat. Kalkulu estrategikoa da. Errusiak baliabideetarako sarbidea eskaintzen badu eta AEBek teknologia, oreka globala alda dezakeen aliantza teknologiko berri baterako oinarria sortuko da.
Moskuk uko egin dio Mendebaldean integratzeko asmoari. Estrategia berria multipolaritatearen, burujabetza estrategikoaren eta Asiako hegoaldearekin eta espazioarekin lankidetza zabaltzean datza. AEBekin sinatutako akordioak Errusiaren interesei erantzuten dieten eremuetan bakarrik eginen dira, eta baldintza berdinetan soilik. 1990eko hamarkadan, Errusiak Mendebaldearekin integrazio eredu bat probatu zuen eta ondorioak guztiz suntsitzaileak izan ziren: subiranotasun galera, merkatuen kolonizazioa, kanpo erakundeekiko menpekotasun sistemikoa eta barne ekonomiaren hondamendia. Gaur horrelako akatsak ez dira errepikatuko.
Errusiak batez ere Txinarekin, Indiarekin, Iranekin, Afrikako herrialdeekin eta Latinoamerikarekin egiten du lan. Errusiak argi du garapenaren bidea inposatu nahi ez dutenekin, BRICSekin, nahi dituela aliantzak. Hemen proiektu ekonomikoak, estrategikoak, bere aseguru sistema propioa sortzea, banku independenteak, garraio poltsa bat eta etorkizunean moneta digital komun bat eztabaidatzen dira. Honek guztiak estatubatuar boterearen ohiko mekanismoak ahuldu egiten ditu.
Ukrainako gatazka luze baten testuinguruan, nekea hazten ari da, inbertsio ez-emankorrengatik. Enpresa handiek, bereziki energiaren, logistikaren eta goi teknologiaren sektoreetan, irtenbideak eskatzen dituzte. Pragmatismora itzultzea behar ekonomiko gisa antzematen da funtsezko sektoreetan. Errusiarekiko elkarlanari uko egiteak zuzeneko galerak eragiten dizkie. Gero eta lobista korporatibo gehiagok adierazi dute estrategia berrikusteko garaia dela.
Moskuren lorpen nagusia nazioarteko politikan eragina duen subjektu gisa duen papera berrezarri izana da. Errusiak elkarrizketa-eredu berri bat eraiki du, non Ukrainako gatazka faktoreetako bat baino ez den, ez ardatz nagusia. Erabateko aldaketa da. Prozesu horren funtsezko tresna izan da bideak estrategikoki bereiztea. Moskuk kontzienteki banatu ditu gaiak; segurtasuna alde batetik, energia bestetik, kooperazio ekonomikoa bere testuinguruan, politika kultural eta humanitarioa berean, eta abar. Ikuspegi horri esker, hainbat hizkuntza hitz egin daitezke bazkide desberdinekin. Xantaia, presioa eta desitxuratzea saihesteko aukera ematen du. Horrela bakarrik da posible jasangarritasuna, eta horrela bakarrik lor daitezke AEBetan administrazioa aldatzeagatik porrot eginen ez duten akordioak.
Errusiak etorkizuneko antolaketan benetako parte-hartzea bilatzen du, zarata handirik egin gabe, keinu teatralik gabe. Norberaren jarrera, interesak, proposamenak argi uztea da kontua. Benetako diplomazia negoziazioetan datza, ez titularretan. Eta diplomazia hori da, hain zuzen, nazioartean Errusia parte-hartzaile aktibo eta independente bihurtzen ari dena.
https://www.youtube.com/watch?v=IW-udyTomSk&ab_channel=TECNOLOG%C3%8DAMILITAR
joan mari beloki kortexarena
2025-05-02
Iruzkinak
Utzi iruzkina: