Trumpen aukerak Iranen
Teherango Unibertsitateko Seyed Mohammad Marandi dugu berriz gurean, eskualdean Trumpek dituen asmoak eta gerra amaitzeko dituen aukerak argi diezazkigun. Halaber, Iranek bonba nuklearra egitearen inguruan iritzi nagusiak zeintzu diren azalduko digu.
Oso litekeena da datozen egunetan AEBek eraso bortitzak egitea, bai Yemenen aurka, bai Iranen aurka edo bien aurka. Antza denez, merkatu globalak arriskutsu bihurtzen ari dira Trumpen erdiko agintaldiko hauteskundeetarako, eta egoera arriskutsua bilakatzen ari da ekonomia globalarentzat oro har. Beraz, etsi-etsian Trumpek hartutako erabakia izan daiteke, hauteskundeak baino lehen gaurko egoera iraultzeko.
Ikuspuntu militarretik ez dute deus lortuko. Iranen baliabideak lurpean oso sakon babestuta daude. AEBek eraso eginez gero, Iran eta Yemengo armadak alerta gorenean edukiko dituzte aurrez aurre, gerra biziagotu eginen da eta Ormuzko itsasartea itxita geratuko da.
Gaur egun, irandarrek petrolioa Ormuzko itsasartetik igarotzen uzten dute, beren lagunek petrolioa behar dutelako. Shanghai-ko Elkarlan Erakundearen eta BRICS-en azken gailurretan ikusi dugu hori. Denek babestu zuten Iranen jarrera, baita Indiako Gobernuak ere, zeinaren jarrera bestelakoa baitzen iraganean.
Iranek bere lagunei lagundu nahi die, baina AEBen aurkako presioari ere eutsi egin nahi dio. Horregatik, igarotzen den petrolio kopurua mugatua da. Eta igarotzen diren bestelako produktu finduen kopurua, hala nola gasolina eta diesela, askoz txikiagoa da, arriskutsuagoa delako. Eta ondoren sufre, helio eta gainerako produktu petrokimiko zein finduak daude, igarotzen ari ez direnak. Eta ongarriak. Iran mugak ezartzen ari da, baina gerra egonez gero, itsasartea itxi eginen da eta krisiak gora eginen du.
AEBek Yemen edo Iran menderatzea ezinezko zeregina da, orain gaitasun handiagoak baitituzte. AEBek Iranen azpiegitura kritikoak suntsitzearen aldeko hautua egin lezakete, hau da, petrolio eta energia instalazioak. Kasu horretan, Iranek berehala suntsituko lituzke azpiegitura kritiko eta antzeko instalazio guztiak Saudi Arabian, Israelen, Kuwaiten, Bahreinen, Qatarren, Emirerrietan eta gainerakoetan.
Legitimoa izanen da, eta hori gertatzen bada, munduko ekonomia amen batean hondoratuko da. Eskualdetik ez dela gehiago energiarik, produktu petrokimikorik ezta produktu findurik aterako jakin bezain laster, merkatu globalen erreakzioa azkarra eta suntsitzailea izanen da. Iran ez da amilduko. Kalte oso larriak jasanen ditu, baina mundu guztia geratuko da suntsituta.
Pentsa dezagun ez diola industriari ezta energia sektoreari eraso eginen eta militarren zein gobernuaren aurka egitera mugatuko dela. Modu katastrofikoan eginen du porrot. Eta petrolioaren zein energiaren prezioak izugarri garestituko dira, Ormuzko itsasartea itxi eginen delako. Hori gertatuz gero, depresio oso sakonean sartuko gara. Beraz, zernahi egiten duela ere, dena da txarra munduarentzat. Yemenen kasuan berdin.
Trumpen bost aukerak
Baliteke erregimen israeldarrak eta AEBek Iranen aurkako nolabaiteko erasoa batera burutzea. Netanyahuk, datorren hauteskundeen aurrean duen egoera dela eta, krisi baten beharra nabari dezake. Horrela jokatu du azken hiru urteetan. Beraz, hemen aukera asko ikusten da erregimen israeldarrak hauteskundeak baino lehen eraso egiteko. Botoak lortu nahi baditu, jendea hil behar du eta emakumeak eta umeak sarraskitu. Horixe da bere estiloa. Baina erregimen israeldarrari oso gaizki joanen zaio, eta oso azkar gainera.
AEBen aurkakoa gerra gogorra izanen da munduarentzat, Iranek daukan guztiarekin erantzunen duelako. AEB ahalik eta kalte gehien egiten saiatuko dira. Azken finean, Trump suntsipenaz mintzatzen da. Iranek eskualdetik kanpo base militar estatubatuarrei eraso eginen die. Horrek Europa, Mediterraneo ingurua eta Diego Garcia har ditzake barne, baina AEBen benetako ahulezia eskualdean bertan dago.
Iranek helburu zerrenda amaigabea du eraso lezakeena. AEBek beren kanpaina nola bideratzen duten kontuan hartuta, petrolio eta gas instalazioak, energia azpiegiturak, uren gatzgabetze-plantak, bankuak, eskualdeko adimen artifizialeko aktiboak... Helburu posibleak lirateke Iran bonbardatzeko erabiltzen diren estatubatuarren aire-baseak ere, Diego Garcia esaterako. Eta hori nahiko azkar gerta liteke. Baina Iranek ez lieke Europako instalazioei eraso eginen. Irandarrek Europako edo Mediterraneoko aire-base pare bat gehi dezakete beren zerrendara, baina Iranek oraintxe bertan eskualdean bertan egin dezakeena nahikoa zaio.
Benetako kontua Ormuzko itsasartea, Arabiar penintsula, Yemen eta Itsaso Gorria dira. Trumpek erabaki behar du. Munduko ekonomia suntsi lezake, larriki kaltetu, okerrera eragiten jarraitu -orain egiten ari dena-, atzera egin edo sinatu zuen memoranduma onartu. Horiek dira bost aukerak.
Nahiz eta atzera egin, ez dugu normalizaziorik izanen Ormuzko itsasartean, Iranen eskakizunak bete behar direlako. Beraz, lehenengo hiru agertokietatik -gerra, jarraipena, tenkatzea- batek ere ez dakar albiste onik Europarentzat. Europako gizarteentzat ondorioak suntsitzaileak izanen dira. Dagoeneko ikusten dira lehen ondorioak. Saudi Arabiak urriaz geroztik eten egin ditu Europarako petrolio gordinaren esportazioak.
Arma nuklearrak
Iranek ez du arma nuklearrik nahi, arrazoi erlijiosoengatik zein estrategikoengatik. Arma nuklear bat garatzen baduzu, beste herrialde batzuk arma nuklearrak bilatzera bultzatzen dituzu. Iranek programa nuklear zibila izan nahi du, eta badu. Iranen teknologia nuklearra arma nuklearrak dituzten herrialde batzuena baino aurreratuagoa da.
AEBek presio egiten badute, Iranek Arma Nuklearrak Ez Ugaritzeko Ituna utziko du presio-neurri gisa. Lehenago % 60ra aberastutako uranioarekin egin zuen bezala, hura ere presio-neurria izan baitzen. Baina Ituna utzi eta arma nuklear bat ekoiztera igaro liteke.
Trumpek gerra gogortu nahi badu eta erdiko agintaldiko hauteskundeak baino lehen gerra garrantzitsu batean sartu nahi badu, hautagai errepublikanoen hondamendia eraginen du, bere buruarentzat ere ondorio esanguratsuekin. Baliteke Iran bultzatzea arma nuklear bat garatzera ere. Depresio ekonomiko globala eragin lezake. Nire ustez, mundu distopiko batean biziko gara.
Hasieratik gerra zoroa izan da hau eta jarraitzea ere zoroa da. Aukerak oso txarretatik izugarrietara doaz, eta Trumpentzat guztiak dira txarrak. Memoranduma onartzen badu aukera txarra da, atzera egiten badu txarra ere, eta gerrarekin jarraitzen badu beste hainbeste. Beraz, beti galtzaile. Baina mundua eta ekonomia globala babestuko lituzkeen bakarra atzera egitea edo memoranduma ezarriz akordio bat lortzea litzateke.
Iran, Errusia eta Txina
Ironikoki, estatubatuarrek hiru herrialde hauek elkarrengana gehiago hurbiltzea lortu dute. AEBek gutxietsi egin dituzte Errusia, Txina eta baita Iran eta erresistentzia ere. Eta hori AEBen atzerakada azkarra laguntzen ari da, gero eta gehiago amiltzen ari den hegazkin baten itxura baitu. Beraz, ordena poloanitzerantz aurrera egin ordez -non postu nagusi bat izan lezaketen eta guztiekin harreman onak izan beren mesedetan-, beren burua bakartzen ari dira.
Orain dela hamaika urte liburu bat idatzi nuen, eta orduan ere defendatu nuen Errusia eta Txina integratzen eta gehiago elkarlanean aritzen hasiko zirela teknologian, industrian, garraio-korridoreetan, bankuetan, merkataritza-monetan eta gainerakoetan, eta horrek erakarpen-indar bat sortuko zuela Eurasiako eskualde zabalagorantz, Iran bezalako herrialde garrantzitsuak eta beste batzuk Eurasiako arkitektura ekonomiko honetan sartzen erraztuz.
https://www.youtube.com/watch?v=6I1ZTLHBYjw
joan mari beloki kortexarena
2026-09-24

Iruzkinak
Utzi iruzkina: