TRUMPek lortuko al du bere helburua Ukrainan?
Zalantza batzuk sortu eta gero, badirudi Trumpek serio dioela Ukrainako gudari amaiera eman nahi diola. Biden presidenteak Ukrainari irismen luzeko misilak botatzeko baimena eman zion egun berean, Trumpen semeak “ergela” deitu zion egungo presidenteari. Eta AEBetako konplexu militar-industrialari bere aitak presidentetza hartu baino lehenago III. Mundu Gerra hasi nahi izatea leporatu zion.
Bestalde, Britainia Handiak eta Frantziak ere irismen luzeko misilak botatzeko baimena eman diote Ukrainari. Beraz, AEBek, Britainia Handiak eta Frantziak elkar hartu dute Errusiari irismen luzeko misilak botatzeko eta dagoeneko lehen ATACMS eta Storm Shadow izenekoak erabili dituzte. SCALP frantsesak edozein egunetan izanen dira bidaliak. Jaurtiketa hauek guztiek errusiarren erantzuna ekarriko zutela jakin arren. Gogora dezagun Europako Parlamentuak irailean ezaugarri horiek dituzten misilak botatzeko adostasuna erakutsi ziela hiru estatu horietako gobernuei, gehiengo handiz gainera. Guda Ukrainatik Europara zabaltzeko lehen urratsak emanak dira.
Errusiak guda areago gogortzearen aurka dago eta orain arte eman duen erantzun bakarrean misil berri bat jaurtiki du. “Hurritz” (Oreshnik) izena du eta, lurrera iritsi baino lehen, bere erraietatik sei ojiba atera zuen. Hauetako bakoitzak, berriz, beste seina artefaktu atera zuen bere baitatik. Guztira, 36. Mundura irismen horren ondorioen inguruko argazkirik zabal ez dadin, gobernu ukrainarrak debekatu egin du bertara iristea. Baina auzokoek diotenez, “Hurritz” (Oreshnik) haren helburua zen irismen luzeko misil-fabrika hartatik ez da eraikinen arrastorik geratu eta hautsa bakarrik ikus omen liteke paraje hartan. NATOri arma horren aurka ez duela defentsarik esan dio Vladimir Putin presidenteak, detektatu ezinezkoa delako. Lehen misil honek ez zeraman eduki nuklearrik, baina badu horretarako gaitasunik. Diotenez, Hiroshima eta Nagasakin botatakoak bezalako dozenaka bonbaren ahalmena du “Hurritz” (Oreshnik) bakoitzak. Lehen aldi honetan misil honek ez zuen inolako lehergairik izan. Egin zuen triskantza guztia abiadura zinetikoari esker izan zen.
Nor ari da “Mendebaldean” guda gogortzeko ausarkeriazko urrats beldurgarri horiek agintzen? AEB eta Europako Batasuna gidatzen dituzten elite ekonomikoak zatituta daude. Bidenek ordezkatzen dituenek Ukrainako guda gogortu egin nahi dute, porrotik jasateko prest ez daudelako. Bestalde, Trumpek ordezkatzen dituenek amaiera eman nahi diote, Ekialde Hurbileko eta Txinako aferak lehenesten dituztelako eta arreta osoa azken hauetan jarri nahi dutelako.
Bi hilabete eskas falta dira Trump presidente izendatua izateko, 2025eko urtarrilaren 20an. Bitartean Bidenek jarraitzen du presidente izaten. Espero izatekoa zen demokrata etiketa dutenek, guda honen inguruko giro politiko-militarra nahasteko, zerbait handia egin zezaten. Hala egin dute. Horretan jarraituko al dute? Noraino iristeko prest daude? Errusiak orain arte erakutsi duen pazientzia estrategikoa beste bi hilabetez luzatzeko konfiantza ematen du. Baina, zein puntutaraino behartuko dute erantzun bortitza ematera?
Errusiak guda irabazia du. Fronte osoan bere armada etengabe ari da ukrainarren lerroa zulatzen eta egunero ari da herri eta hiri gehiago hartzen beren esku. Bukaera denbora kontua da. Errusiaren garaipena ziurra da eta guda luzatzeak hildako eta elbarritu gehiago eragitea besterik ez dakar. Irismen luzeko misilek eguneroko errealitate hau ez dute aldatuko. Min eginen dute, baina ez dute gudaren bilakaera aldatuko.
Bi hilabete bero ditugu aurretik. Baina denok sutan erre baino lehen, Atlantikoaren bestaldean bizi diren elite horiek hobe lukete behingoz errusiarren garaipena onartu eta Minsken eta Istanbulen zapuztu zituzten hitzarmenei berriz heldu eta jarraipena eman.
joan mari beloki kortexarena
2024-11-25
Iruzkinak
Utzi iruzkina: