Terrorismoaren itxaropena
Stanislav Krapivnik ukrainarra da. AEBetan bizi zelarik militarra izan zen eta orain Moskun bizi da. Analista gisa dihardu eta gaurkoan, Pascal Lottaz akademikoaren galderei erantzunez, NATOren etengabeko ekintza terroristez mintzo zaigu.
Pascal Lottaz: droneekin egindako erasoak gero eta ohikoagoak dira Moskun. Zein da giroa orain?
Stanislav Krapivnik: haserre handia dago. Europako eztabaidetan erabat saihesten da funtsezko puntua, NATOren misil nuklearrak bere mugetan ezartzea Errusiarentzat krisi existentziala dela. Hau guztia hasi aurretik, Blinken-ek behin Lavrovi zuzenean esan zion, “Nahi ditugun misilak jarriko ditugu zuen mugan, baita nuklearrak ere, eta ezin izanen duzue deus egin horren inguruan”. Horrela hasi zen hau guztia. Orain Europa drone-produkzio masiboa egiten hasia da. Parte-hartzaile militar aktiboa da eta Kremlin-en gaineko presioa Europa kolpatzea da orain, azkar eta indarrez kolpatzea.
Errusiarrek, une honetan, aukera bakarra dute: Europarekiko gerra konbentzionala ala Ipar hemisferioarekiko gerra nuklearra. Ukrainatik geratzen dena base terrorista gisa erabiliko delako ideia zabaltzen hasia da Errusian. Europan esaten ez dena terrorismoranzko erabateko biraketa da, erabateko terrorismo lotsagabea Mendebaldearen eta Ukrainako bere aliatuaren aldetik. Mendebaldea aspaldi dago errusiarren odolarekin blai eginda. Mendebaldea da drone horiek ekoitzi eta terrorismo hori posible egiten ari dena.
Gaur egun jendea bizi den etxeak kolpatzen dituzten droneak ez dira istripu ondorioz iristen. Denok ezagutzen dugu Starobilskeko eskolakoa: 21 haur hil ziren eta 40tik gora zauritu. 16 drone erabili zituzten. Gainera, ingurua aztertu zuten droneak erasoa gauzatu baino egun erdi lehenago zelatatzen ibili ziren; beraz hau ez da ez istripu eta ez akatsa izan. Iranen egin zutenaren gauza bera da hau. Mendebaldeko aliantzek kopuru handitan hiltzen dituzte zibilak eta gero edozeini botatzen diote errua, onartu gabe zibilei egindako erasoa nahita egina izan dela, higadura kanpaina terrorista baten parte gisa.
Autobusen aurkako erasoak izan ditugu. Horietako batean, zortzi pertsona hil ziren, erreta, eta 11 zauritu (46 ziren guztira). Beste bideo batean lau nerabe ikusten dira auto batean, etxe baten aurrean seko frenatu zutenak. Korrika atera ziren, droneak atzetik jarraitu zien, baina atea ixtea lortu zuten justu droneak haren kontra jo zuenean. Beste bideo batean, 12 urteko mutil bat eta 13 urteko beste bat bizikletan hil zituztela ikus liteke. Hau da Ukraina, hauek dira Mendebaldeak mundu osoan zehar proiektatzen dituen balioak. Hilketak, kaosa, haurren suntsiketa… Hauek dira funtsean Epstein klasearen balioak.
Duela bi egun Bielorrusiako autobus bati egin zioten eraso. Haurren futbol talde bat zeraman barruan. Marrazki bizidunak ikusten zihoazen. Entrenatzailearen emaztea hil zen. Bi heldu larri zauritu ziren, baita lau haur ere.
Semaforo batean, kamioi baten kontra talka egiten duen drone bat ikus liteke beste bideo batean; haizetakoaren kontra jo zuen zuzenean eta gidaria hil zuen.
Bideo horiek nonahi daude. Munduko hiru erakunde terrorista nagusien kontrolpean dago Ukraina: CIA, Mi6 eta Mossad. Erakunde bakar gisa funtzionatzen dute guztiek. Beraiek sortu zuten Errusiak Ukraina inbaditu zezan eta Errusia urtetan higatuko duen gerra bat hasteko adina probokatzeko plana. Gaizki atera zitzaien eta orain terrorismora jo dute.
P.L. Errusiako gizarteari, biztanleria zibilari, oso garesti gertatzen ari zaion zerbait da. Eta horrek gobernuaren gaineko presioa areagotzen du, gerran urrunago joan dadin. Errusia zirikatzen saiatzen ari dira, NATOren lurraldeari eraso diezaion. Izan ere, hipotetikoki gauzak alda litzakeen gauza bakarra NATOk Errusiaren aurka egindako erabateko gerra litzateke. Suarekin jolasten ari dira. Errusiak europarrekin gauza bera eginen duela erabakiko balu, erabateko gerra izanen genuke Europa osoan, ez da?
S.K. Horren mugan gaude. Baina komeni da gogoratzea aurretik Ukrainak bi poloniar hil zituela eta NATOren aurka behin baino gehiagotan egin izan duela. Ukrainak petrolio findegiak eraso ditu Hungarian, Eslovakian eta Errumanian. Turkiako ontziak hondoratu ditu. Turkiako bandera zuen petroliontzi bat jo zuen. Turkiako kostazain militarra hondoratu zuten. Kaspio itsasoan, petrolioa hartzera zetorren petrolio-ontzi greziar bati eraso egin zioten lehen ere. Ukrainarrak NATOko herrialde bati zuzenean eraso egiten ari badira ere, ez da deus gertatzen. Hori da mendebaldeko demokrazia.
Dena den, Ukrainak jendea masiboki hiltzeko egin duen saiorik aipagarriena Errumanian izan da. Gogoratzen Ukrainatik ihes egindako lau drone horiek? Bada Mijail Lutzka izeneko tipo bat, Errumaniako PPR alderdiko burua, Parlamentuko diputatu ohia, Ukrainaren hilketa masibo bat ekidin berri dutela esan du. Droneak Konstantzako kaiko bi instalaziotara zeuden zuzenduta: petrolioaren biltegira eta nitratoaren gordelekura. Gogoratzen al duzu Beiruten izandako leherketa? Petrolio-isuriei eusteko erabiltzen diren hesi flotatzaileak izan ziren droneak geldiarazi zituztenak, bertan trabatuta. Drone horiek lehertu izan balira, ez zen pieza bakar bat ere geratuko ukrainarrak zirela frogatzeko. Konstantza hiriko biztanleriaren erdia hil zezakeen bandera faltsuko beste operazio bat izanen zen. Errumania, eta berarekin batera NATO, gerrara eramateko biktima asko eraginen zuen ekitaldia. Une honetan Ukraina, CIA, MI6 eta Mossad talde terroristak kontroletik kanpo daude erabat.
P.L. Nola uste duzu eginen diola aurre Errusiak horri? Izan ere, Errusiak deus egiten ez badu, taktika terrorista horiek herrialdea higatuko dute. Eta Errusia NATOren lurraldea edo drone horiek egiten diren instalazio horiek erasotzera iristen bada, gerra handia piztu liteke. Bi aukeretan erasotzaileak irabazle. Gatazka eskalatzeko edo eskalada saihesteko edozein bide erabat ixteko modu bihurria da.
S.K. Nik pertsonalki nahiago dut gerra konbentzionala, alternatiba gerra nuklearra baita. Ez dago beste irtenbiderik.
P.L. Utzidazu zerbait gehitzen. Alde batetik, Karaganov jauna dugu, Glenn Diesen-en programan, eraso nuklear mugatu bat egitearen aldeko bere argudioak ospea irabazten ari direla eta Errusian indarra hartzen ari direla esaten. Eta bestetik erabat galduta dauden europarrak ditugu. Suitzako telebistan Ukrainara armak esportatzeari buruz eztabaidatzen ari ziren saio bat ikusi nuen. Ordubeteko elkarrizketan, behin ere ez zitzaien burutik pasa argudio hau planteatzea: Suitzak Ukrainara armak bidaltzen baditu eta arma horiek errusiarrak hiltzeko erabiltzen badira, agian errusiarrek erantzun ahal izanen dute. Ikuspuntu errealista batetik gerraz pentsatzeko gaitasun oro galdu du Europak. Adibide bat besterik ez da, ikusteko zenbateraino gauden zulo oso gaixo batean sartuta hemen Europan.
Guk, geure aldetik, odolezko putzu baterantz zuzenean goazela ohartarazen jarraitzen dugu. Eta jende honek uste du hau guztia propaganda errusiarra dela. Puntu horretaraino iritsi da psikosi hau. Hainbeste bihurritu du jendea, dagoeneko ez duela begi-bistakoa ikusten.
Mendebaldeak aurrekari arriskutsu bat ezarri zuen: beste herrialde bateko estatuburua gustuko ez baduzu, atera eta hil egin dezakezu, lasai-lasai. Errusian jendea antzeko erasoak egitearen alde dagoela iruditzen al zaizu?
S.K. Bai, noski.
https://www.youtube.com/watch?v=60KOddTDpl4
joan mari beloki kortexarena
2026-06-24

Iruzkinak
Utzi iruzkina: