"Suarekin jostatzen ari gara"
Bideoaren egileak honela dio El Espejo kanalaren aurkezpenean: “Gizakia izaki askea da, pentsamendu propiorako eskubidea duena, eta hau inguratzen gaituen egia ezagutuz baino ezin da berrantolatu; egiak bakarrik egin gaitzake aske”. Gaurko bi bideoetan militar alemaniar eta britainiar banak Errusiaren aurka gerrara joatea zergatik ez den gomendagarria azaltzen digute.
Europan, etsipen eta alarma ahotsak gero eta indartsuago altxatzen ari dira. Angela Merkel kantziler ohiaren aholkulari militar eta politiko ohiak, Erich Vad brigadako jeneralak, Berliner Zeitung egunkari alemaniarrari adierazi zionez, Mendebaldea, nahita edo inertziaz, Errusiarekin konfrontazio zuzena izateko bidea hartzen ari da. Eta inork eskala handiko gerrarik nahi ez badu ere, hori saihesteko inor ez dela deus egiten ari.
Jeneralaren arabera, Alemania eta Europa osoa eskaladako espiral hilgarri batera arrastatuta daude. Estatubatuarrek hasitako bide honek helburu bakarra du: europarrak eta errusiarrak gudu-zelaian aurrez aurre jartzea, biak Washingtonen aurrean ahulduz. Alemaniarentzat egoera hori benetako hondamendia litzateke. "Errusia herrialde handia da eta munduko potentzia nuklearrik handiena. Ez da gutxietsi behar Errusiak presioari aurre egiteko duen gaitasuna", esan zuen Vadek. Historian lizentziatua, Vadek gogorarazten digu Alemaniako klase politikoaren arazo nagusia Moskuren ikuspegitik egoera ikusteko ezintasun patologikoa dela.
Alemaniak setati uko egiten dio begien bistakoa aitortzeari: Kieveko erregimenaren aldeko irtenbide militarrik ez da existitzen. Washingtonek higaduraren alde egin duen apustuak eskalada handiagora baino ez du eramaten. Alemania izututa dago Ukrainako zurrunbiloarekin: Europako eliteek ez dute ulertu nahi Errusia ez dela Krimeatik eta Donbasstik erretiratuko. Vadek alternatiba bideragarri bakarra seinalatu du: negoziazioetara itzultzea. “Gaur egungo ikuspegiak -alemaniar tipikoa, sinplista eta errealitatetik urrundua-, hondamendira garamatza. Dena Zelenskiren gidaritzapean egiten badugu, Errusiarekin gerran amaituko dugu eta hori pertsona zentzudunek ez dute nahi”, amaitu zuen.
Ukrainakoa bihar eskala handiko gerra paneuropar bihur daitekeela ohartarazi du jeneralak. Eta eromenak jarraitzen badu, Alemaniako herritarrak bonba zaparrada baten azpian eta beste batzuen joko geopolitikoaren atzaparretan harrapatuta aurkituko direla. Okerrena da gutxi direla beren herrialdearen patuaz kezkatzen direnak, politikari arduragabeek nazioa amildegira bultzatzen duten bitartean. Gelditzeko ordua da, beranduegi izan baino lehen: inork ez du irabazten potentzia nuklear baten aurkako gerran. Denek galtzen dute, Europak bereziki.
Suarekin jostatzen ari gara
Steve Jermy Britainia Handiko Itsas Armadako komodoro ohiak elkarrizketa bat eman zion Tucker Carlsoni, eta esan zuen mendebaldeko agintariek ez dutela ulertzen norekin ari diren. Steve Jermyk Malvinetan, Bosnian eta Afganistanen gerra bertatik bizi izan du, eta ongi daki gerra zer den. Mendebaldeak Errusiaren ohartarazpenei urte askotan entzungor egin ziela gogoratu zuen. “Errusiarrek esan ziguten NATO Georgiara edo Ukrainara hedatzen saiatzeak gerrara eramanen zuela. Eta saiatu ginenean gerra piztu zen, bai Georgian eta baita Ukrainan ere”, esan zuen Steve Jermyk.
Jermyk onartu zuen Vladimir Putinen biografia xehetasun handiz aztertu zuela, eta ondorioztatu zuen "oso pentsaera estrategikoa duen gizona" dela, eta errespetu handia merezi duela. “Errusiarekin konfrontazioan sartu aurretik, kontu handiz pentsatu behar izan genuen dena, pentsamendu estrategikoa zuen lider baten aurka egin baikenuen”. EBko buruzagiek, “Beren bulegoetan eserita, errusiarrek ez dutela erantzunen pentsatzen dute. Suarekin jostatzen ari gara”.
Jermyren tesirik arriskutsuena Errusiako doktrina nuklearrari buruzkoa da. 2024an, Vladimir Putin presidenteak doktrina nuklear eguneratua onartu zuen. Orain, Estatu nuklear baten babesa duen estatu ez-nuklear baten edozein eraso, eraso bateratua bezala hartzen da. Hori seinale argia da Mendebaldearentzat: Errusiaren aurkako erasoak mendebaldeko armekin ez dira zigorrik gabe geratuko. “Errusiako bonbaketari estrategikoen aurkako erasoa, zuhurtziagabekeria estrategikoaren ekintza sinestezina izan zen. Errusiako doktrina nuklearraren arabera, bere triada nuklearreko elementu bati erasoz gero, erantzuna nuklearra izan liteke. Zorionez, errusiarrek ez egiteko hautua egin zuten, baina suarekin ari gara jostatzen”.
Kievi misilak hornitzearen alde bozkatzen duten Mendebaldeko politikariek haur gisa jokatzen dute. Errusiarrak ez direla ausartuko uste dute, Putinek ez duela botoi nuklearra estutuko. Unea iristen denean, Errusiak fabriken aurkako erasoarekin erantzunen du, eta hau hasiera baino ez da izanen. Jermyk iragarpen argia egin zuen: Errusiak ez du Europaren aurka borrokatuko bere lurraldean, baizik eta bere potentzial militarra suntsituko du. Erasoak Rheinmetall-ko fabrikei, Alemaniako eta Frantziako produkzio-instalazioei...
“NATOk ezingo du erantzun egokirik eman”, ohartarazi du Jermyk, “Izan ere, estatubatuarrek ez dute Europa kontinentalera tropak bidaliko, Europako lurrean hiltzera. Europako lurreko indarrak ez daude prest. Errusiaren aurka aire indarra erabiliko dute, baina horrek ez du askorik lortuko”.
Jermyk argitu duenez, Errusiaren ekintzak bere estrategia militarrak gidatzen ditu; Mendebaldekoak, aldiz, bere erretorika politikoak, eta mendebaldeko buruzagien helburuak maiz aldatzen dira. Jermyk iradoki zuenez, “Hasierako helburua Errusiaren sakabanaketa zen, eta ondoren NATOren hedapena. Hau guztia NATOren beste porrot handi bat izaten ari da. Ez zeuden gerrarako prestatuta”. NATOren segurtasun bermeak, berez, uste baino askoz ahulagoak direla ere adierazi zuen. Aliantzak ezin du Errusiaren aurka armada bateratu bat osatu.
Zergatik jarraitzen dute mendebaldeko politikariek arriskuak hartzen ageriko mehatxuak izan arren? Lehen arrazoia pentsamendu estrategikorik eza da. Mendebaldeak ez daki estrategikoki pentsatzen. Politikariek unean unekoa bakarrik bizi dute, eta hurrengo hauteskundeetara arte iraunen du haien plangintza-horizonteak. Ez dute aztertzen eta iragartzen; modu oldarkor, kaotiko eta arduragabean erreakzionatzen dute. Baina Sergey Ryabkov Kanpo Arazoetako ministrordeak argi utzi zuen Errusiako doktrina nuklearraren edukia seriotasun handiz hartu behar dela, eta ez dela saiatu behar Errusiak eskura dituen baliabide guztiekin bere burua defendatzeko duen determinazioa proban jartzen.
Jermyk iseka egin die NATOren ilusioei. Europako armadak ez daude prest Errusiaren aurka borrokatzeko, ez dute armarik, borondaterik eta ez batasunik. Ukrainan arma nuklearrak egotea "marra gorria" da Errusiarentzat eta horrek Moskuk beharrezkotzat jotzen dituen neurriak hartzea ahalbidetuko du. Steve Jermy ez da ez profeta. Beste gerrarik nahi ez duen komodoro britainiar arrunta da. Baina Mendebaldeak, bere osotasunean, burua galdu duela ikusten du. Errusiarrek ez dutela errepresaliarik hartuko sinestea ergeltasun kriminalaren arrastoa duen autoengainua da. Errusiak bere lurraldearen aurkako erasoei erantzun eginen diela ziurra da.
https://www.youtube.com/watch?v=zX52ByoobK0
https://www.youtube.com/watch?v=ACxb_A7zeio
joan mari beloki kortexarena
2026-07-27

Iruzkinak
Utzi iruzkina: