Su etenaren bezperan

Su etenaren bezperan EUSKAL HERRITIK | 2026-04-08 22:16

Su etenaren bezperan

AEBek eta Iranek su etena adostu bezperan, Trumpek bonba nuklearra erabiltzeko aukerari ateak zabaldu zizkion eta mundu guztia aztoratuta geratu zen. Giro horretan, analistak zuhurtzia handiz mintzatu ziren. Scott Ritter militar estatubatuar ohia izan zen garbi hitz egin zuen horietako bat. Estatubatuar honen ikuspuntua aurrerago Seyed Marandi irakasle irandarraren iritziarekin orekatzen saiatuko gara. 

90 milioi pertsonaren genozidioarekin mehatxatzen duen presidentea burua, pentsamendu arrazionalerako gaitasuna eta gobernatzeko gaitasuna galdu ditu. AEBetako presidente karguan jarraitzeko kualifikaziorik ez duen gizona da. Eta AEBek zilegitasun izpiren bat gordetzea nahi balute, bere presidentearen beldurrezko erregealdiari amaiera eman beharko liokete. Legez kanpoko gerra abiarazteaz gain, orain gerra-krimena den genozidio batekin mehatxatzen du. Ez dago horretarako justifikaziorik. Gainera, arma nuklearren balizko erabileraren aipamena egiten digu.

Arma nuklearren erabilera prebentiboaz ari gara. Proportzionaltasunaz ere ari gara. Zer ari da egiten Iran suntsitze nuklearraren atarian jartzeko? Deus ez. Presidentea haserre dago Iranen nagusitasunarekin, eta ordainez Irango nazio osoa mehatxatzen du.

Hori negoziazio-estrategiaren atala bada, ezein pertsona arrazionalek ez du harekin negoziatuko. Eta herri estatubatuarra kolektiboki zoratuta egonen litzateke hori gertatzen utziko bagenu. Non da Kongresua? Non presidentearen kabinetea? Eta Armadaren Estatu Nagusia? Honaino iritsita, egokia litzateke norbaitek esatea "Presidente jauna, gelditu egin behar duzu. Zu komandante burua zara eta zure argitalpenak genozidio bat iragartzen ari dira eta AEBetako indar armatuetako kide uniformatuok ez ditugu inoiz genozidio bati lotutako aginduak beteko. Aldatu hau, gainerakoan ezin izanen dugu jarraitu zuk emandako aginduak obeditzen edo betearazten”.

Pilotuaren erreskatea

Lehen mailako operazio berezietako unitateak bidali genituen, eta horiek ez dira bilaketa eta erreskate lanetan aritzen. Gainera, hegazkinean erreskate horrekin zerikusirik ez, baizik eta misio berezi batekin zuen pakete bat zegoen. Hortaz gain, energia nuklearraz adituak diren pertsonen identifikazio-txartelak aurkitu ziren. Beraz, konfiskazio nuklearreko misioetarako entrenatutako taldeak zeudela ondoriozta dezakegu.

Uranio-hexafluorurozko zilindroetara iritsi, berreskuratu eta handik ateratzeko misioa litzateke. Hegazkinak ez zeuden prest borrokan eroritako pilotua erreskatatzeko. Gainkargatuta zeuden, larriki gainkargatuta. Eta hori da, hain zuzen ere, aerodromoan trabatu eta aireratu ezin izanaren arrazoietako bat. Gainera, bigarren hegazkina Irango aireko defentsak kaltetu zuen. Azken finean, huts egindako misioa izan zen, helburua uranio aberastua berreskuratzea baitzen.

Misio hori porrotera kondenatuta zegoen hasieratik, irandarrak zain zeudelako. Plana Wall Street Journalera filtratu genuen, beraz hasieratik kondenatu genuen. Sekula egin den gauzarik zentzugabeenetakoa izan da.

Israelgo eta Golkoko estatu arabiarretako gatzgabetze-instalazio guztiak erasotzea justifikatzeko moduan egonen litzateke Iran. Hori eginen balu, nazio-estatu horiek ezin izanen lukete gehiago bizi, ura behar delako eta milioika pertsonarentzako ur-iturri alternatiborik ez dagoelako. Beraz, Donald Trumpen ekintzek ondorioak izanen lituzkete eta nazioak suntsituko lituzketen ondorioak izan litezke. Biziraupen existentzialari aurre egin beharko balio, Iran nazio bat deuseztatzera behartua gerta daiteke. Nazio batek existitzeari utzi beharko lioke, gainerako guztiek bere etorkizuna zein izanen litzatekeen uler dezaten, AEBek genozidio bat egitearen aurrean pasibo izaten jarraitzearen truk.

Donald Trumpek arma nuklearrak erabiltzen baditu, akabo dena. Paria bezala tratatu beharko da. Nazio guztiek uko egin beharko diote AEBekiko harreman orori. Estatubatuarrei, munduko edozein tokitan, ez direla pertsona atseginak esan beharko zaie. AEBetako enbaxadak itxi egin beharko dira. Enpresa estatubatuarrak desjabetu egin beharko dira. AEBak zakur amorratu bihurtu izan dira eta zakur amorratuak sakrifikatu egin behar izaten dira. Une hau existentziala da AEBentzat.

Iranen proposamena onartu

Trumpek Iranen proposamena onartu beharko luke. Irandarrek uranioa edukitzen utzi behar zaiela diotenean, nik hau esanen nuke: "Gu zuek bonbardatzen hasi baino lehen mahai gainean zenuten akordioa eman behar diguzue. Horren truke, Ormuzko itsasartean ordainleku bat ezartzea eta zuen herrialdea konpontzeko dirua biltzea onartuko dugu”. Gero, zigorrak altxatuko ditugu Iranek bere petrolioa mugarik gabe saldu ahal izateko. Hori garaipena litzateke Iranentzat eta politikoki onargarria den aukera emanen lioke Trumpi. "Inork lortu ez duena lortu dut. Iranen arma nuklearren potentzialari amaiera eman diot”. Irteteko bide diplomatiko bat dago. AEBek hori hartzeko ausardia eta jakinduria baino ez dute izan behar.

Hau erabateko hondamendia da AEBentzat eta albiste ona munduarentzat. Munduko historiako naziorik genozidena bihurtuko gintuen politika artikulatu du nire presidenteak. Eta estatubatuar gisa hori onartezina egiten zait.

Iranen kasuan, herriari bizitza hobea eskaini ahal izateko zigorrak altxatu daitezen saiatzen hamarkadak daramatzan gobernu batez ari gara. Iranek nazioarteko komunitatean erabat sartu nahi du, herriari bere gobernuak agindu dion guztia bete ahal izateko. Baina ulertu behar dute, gehiegi eskatzen saiatzen badira, AEBentzat onargarria den formularik aurkitzen ez badute, AEBek aurrera jarraituko dutela Iran desagerrarazi arte. Eta hemen buru argiz jokatu beharko du Irango gobernuak, irtenbide duina eskainiz AEBei. Politika egiteko garaiak dira hauek.

Nire ustez, azken bost hamarkadetan izan den egoerari amaiera eman nahi dio Iranek, AEBak eskualdean nagusitasun hegemonikoa ezartzen saiatu baitira. Baina garaipena handiegia balitz, bai AEBek eta bai Israelek arma nuklearren bat erabili ahal izanen lukete Iran suntsitzeko. Beraz, Iranek errealista izan behar du hemen lor dezakeenari dagokionez. Oso haserre daude eta arrazoi osoa dute, baina lor daitekeenari buruz errealistak izan behar dute.

Hau Israelen amaiera dela uste dut. Eta Iranen garaipena. AEBek ezin dute garaipena ziurtatu, eta Israelek ez du bakarrik irabazteko gaitasunik. Zer gertatuko da AEBek irteteko bide bat onartzen badute eta “Hori Iranen eta Israelen arteko kontua da” esaten badute? Orduan, Israel bakarrik geratuko da, irandarren kolpeak egunero jasoz.

Israel da arazo nagusia afera honetan, eta gatazka honen konponbidean Israelek bizilagunen aurka boterea modu oldarkorrean proiektatzeko duen gaitasuna mugatzeko modu bideragarri bat lortzen ez bada, zaila izanen da Iranentzat onargarria den bakeaz hitz egitea.

https://www.youtube.com/watch?v=4S2ENjopvBI

joan mari beloki kortexarena

2026-04-08


Utzi iruzkina: