Silvia Carrasco eta transexualitatea (I)

belokijmari@gmail.com 1700442561683 EUSKAL HERRITIK | 2025-11-27 22:42

belokijmari@gmail.com 1764279915944

Berriki Adrian Zelaiak Silvia Carrascorekin elkarrizketa interesgarria izan du. Silvia Carrasco hezkuntzaren antropologian doktore espezialista da, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko irakaslea, erretiroa hartu behar izan duena jazarpen eta babesgabetasun egoerak sortu dion egoeragatik. Hezkuntza- eta gizarte-desberdintasunetan ikertzaile, Feministes de Catalunya erakundeko presidentea eta Dofemco-ko presidenteordea, Docentes Feministas por la Coeducación. Transgenerismoak adingabeen osasunean duen eraginari buruzko txosten aitzindari bat ere koordinatu du Espainian, Transit txostena izenez ezagutzen dena nazioartean. Elkarrizketa hiru ataletan banatuta eskainiko dugu.

Hemen gauza asko dago nahastuta. Alde batetik, transaktibismoa. Gero, hori nahastu egiten da osasun mentalaren alterazio batzuekin, hala nola genero-disforiarekin, transexualitate gaizki deitua. Eta gero, hori zaildu egin duten ideologiak eta alderdi politikoak ditugu. Eta, jakina, dena korapilatu besterik egiten ez duten komunikabideen laguntza ordainezina.

Esanen dudan lehenengo gauza gogorra da, baina zuzena. Ez dago trans pertsonarik, ez dago gizonezko edo emakumezko ez den pertsonarik, edo une jakin batean gizonezko izatetik emakumezko izatera pasa daitekeen pertsonarik, eta alderantziz. Giza espeziea ugaztuna da eta ugaztun guztiak bitarrak dira, espezie gehienak bezala, eta bi banakoek osatzen dituzte, zeinen gametoek elkartzean espezie honen ugalketa ahalbidetzen duten. Hain da sinplea. Eta hau Lehen Hezkuntzako boskarren mailako biologia da. Gizakiak ekoizteko beste modurik ez dago, emakumeok ekoizten dugun gametoarekin, obuluarekin alegia, eta gizonezkoek sortzen duten gametoarekin, espermatozoidearekin alegia. Bitarrak gara. Ezaugarri hori, XX edo XY izatea, gure gorputzeko zelula guztietan dago erabat, eta ezin da aldatu.

Itxura bakarrik alda daiteke. Gizonezkoen hormona gehiegi hartzen badugu, emakumeoi ilea handitzen zaigu edo modu anomalo, mingarri eta arriskutsuan klitoria hazten zaigu, hilekoa galtzen dugu, osteoporosia handitzen da… Aluan txertatutako zakil artifiziala eraikitzeko, besoko haragia erabiltzera iristen gara. Aberrazioak dira, beste sexu batekoak garela ikusarazteko. Hau guztia fikzioa da. Ez dago transgenerismoak dioen norbanakorik tartean.

Gauza bera gertatzen da gizonen kasuan. Bularrak ezar daitezke, makillatu egin daitezke eta emakumeok, batez ere feministok, gainetik kendu nahi ditugun era guztietako estereotipo sexistak erabil. Hori ez baita emakume izatea, ez azazkalak margotzea, ez ilea luze eramatea, takoiak, makillajea, gonak. Hau ez da emakumea izatea.

Hiztegia oso garrantzitsua da. Ez dago trans pertsonarik. Hori oso ikasita dago medikuntzan, psikologian edo antropologian. Badira adin samurrenetik hasita beren gorputzaren sexu-izaerekiko arbuioa senti dezaketen pertsonak. Zerbait gertatzen den seinale. Baina horregatik ezin esan liteke pertsona horiek okerreko gorputzean bizi direnik. Haurren kasuan, 5 urte bete arte, guztiz naturala den zerbaitengatik izan daiteke. Ondoez psikologiko sakon baten ondorio izan daiteke ere. Halaber, adingabeen kasuan, tratu txarren, sexu-abusuen eta abandonuaren ondorio izan daiteke.

Komorbilitatea ere badago, osasun mentalaren beste asaldura batzuei lotutako errefusa. Adibidez, espektro autistaren nahasmendua, estereotipoak dituen emakume edo gizon izateko arauetan zurruntasuna eskatzen duena. Badira gizon autoginefilikoak ere, buruko patologia dutenak eta fetitxistak direnak eta sexualki kitzikatzen direnak emakumeak imitatuz, emakumeak direla sinetsiz eta modu exhibizionista batean erakutsiz. Horrez gain, emakume trans lesbiana bezala ezinezko irainak eraikitzen dituzte. Lesbianak XX emakumeak bakarrik izan daitezke, emakumeek erakarritako emakumeak. Baina gizon batek, emakume bat dela pentsatuz kikiltzen bada ere, eta emakume batentzako erakarpena sentitzen badu ere, betiko gizon heterosexuala da. Hori guztia fetitxismoa da, eta oso ondo aztertuta dago. Berriro diot, ez dago trans pertsonarik. Bere garaian transexualitateaz hitz egin zen, baina inork ezin du sexuaz aldatu. Beraz, benetakoak ez diren gauzak ulertzera garamatzan hizkera nahasi hau alde batera uzten hasi beharko genuke.

Gauza bera gertatu da intersexualitatearekin. Intersexualitateak, halaber, aditzera ematen du badirela gizakiak, ez gizon eta ez emakume direnak, tartean daudenak. Hori ez da existitzen. XX emakumeak eta XY gizonak daude, eta desordena bat izan dezakete, sexu-garapenaren anomalia bat. Hori baldintza mediko bat da, espezie guztien ehuneko minimo bati eragiten diona. Haurra jaio zeneko arrazoi genetikoen ondorio izan daiteke, edo amaren haurdunaldiaren hormonen ondorio. Gizonezkoen XY kromosomek hormona maskulinoak xurgatzeko zailtasuna dute; baina horregatik genetikoki XY gizonezkoak dira, nahiz kanpotik emakumezkoak diruditen. Hau sindrome oso ezaguna da eta alderantziz ere gerta daiteke. Sindrome ugari daude, eta horiek sexu-garapenaren anomaliak dira. Beraz, transexuala zer den argituta, bazter dezagun intersexual hitza eta uler ditzagun autoginefilia, genero disforia eta norbere sexuarekiko ezinegona edo garapen sexualaren asaldura hauek eragiten dituzten beste faktoreak.

Genero ideologia mugimendu feminista kritikatzeko eskuin muturraren adierazpena da. Emakume feministek gizonek baino eskubide gehiago dituztela eta feminismoa pasa egin dela transmititu nahi dute. Arlo honetan ezkerretik oso gutxi duten ezker postmodernoko alderdiek ere badute ardura, emakume eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko borroka, identitate eta aniztasunaren aldekoarekin ordezkatu baitute. Feminismoarekin talka egiten duen Trans Legea ekarri digute eta berdintasunaren aldeko politika guztiak suntsitu dituzte.

Sexualitateari aplikatutako queer teoria genero identitatea da. Eta horixe agertzen da Estatuko erkidego guztietan dauden 40 lege eta trans protokoloetan. Hori da orain Bernedokoa bezalako kasuak izatea eragiten duen drama. Hori lehendik ere bazegoen eskoletan, aspalditik ari gara salatzen.

Queer teoria batez ere XX. mendearen azken herenean garatzen den filosofia bat da, kapitalismo neoliberalaren garapenarekin konkomitantea dena, Margaret Thatcher eta Ronald Reaganek sustatua. Ez dago gizarterik, norgehiagokan ari diren norbanakoak bakarrik. Pertsona batek eskura dezakeen ondasunik handiena indibidualki aukeratzea da. Lehenik eta behin, beharrak sortzen dizkizugu, eta, ondoren, aukeratu egiten duzu. Zure identitatea kontsumitzailearena da azkenean. Norberaren desira sakratua da. Nik bakarrik dakit nor naizen eta nik bakarrik erabaki dezaket zer. Baina hau fikzioa da, bai baitakigu desira guztiak eragindakoak direla.

https://www.youtube.com/watch?v=NOYaNesT1mk

joan mari beloki kortexarena

2025-11-27


Utzi iruzkina: