Shenzhen, mundu berriaren lehen adreilua

Shenzhen, mundu berriaren lehen adreilua EUSKAL HERRITIK | 2026-11-20 02:06

Shenzhen, mundu berriaren lehen adreilua

Txinako Shenzhen hirian Trump, Xi eta Putinek goi-bilera garrantzitsua egin dute eta, oraindik emaitzak ezagunak ez badira ere, mundu osoa bertan hartu diren erabakiak ezagutzeko irrikitan dago. Gaurko bideoan, Adrian Zelaiak bileraren nondik norakoak azaldu dizkigu.

Donald Trump, Xi Jinping eta Vladimir Putin, hau da, Amerikako Estatu Batuen, Txinaren eta Errusiaren arteko goi-bilera gaur hasi da Shenzhen-en. Mundu osoko itxaropen guztiak bilera horretan jarrita daude. Eta ez arrazoirik gabe, ez baikara edozein bilkuraz hitz egiten ari.

Erabakirik hartzen den ala ez kontutan hartu gabe, ziurrenik bide baten hasieran gaude. Negoziazio mota hauek ez dira inoiz goi-bileran hasten. Normalean, aldez aurretik lan-taldeak aritzen dira goi-bilera prestatzen eta, ahal den neurrian, arrakasta izanen duela ziurtatzen.

Hala ere, zerbaiten hasiera dela esan dezakegu. Baina, zeren hasiera? Lehenik eta behin, mundu poloaniztun baterantz ematen ari den aurrerapauso horren hasiera. Eta, oso litekeena da, finantza-oligarkiaren porrotaren hasiera ere bai.

Finantza-oligarkia horrek oraindik Amerikako Estatu Batuak eta Europa kontrolatzen ditu, baita gure talde politikoak ere. Gure inguruan botoa jasotzen duten Alderdi Popularra, Alderdi Sozialista, EH Bildu, EAJ... finantza-oligarkiaren kontrolpean daude, argi eta garbi. Ba, finantza-oligarkia hori garaitua izanen da. Horregatik gorroto dituzte hainbeste hiru pertsona horiek. Bilera hau finantza-oligarkiaren porrotaren hasiera izanen da. Agian, porrotaren azken fasearen hasiera. Izan ere, hamarkadak daramatzan gatazka baten aurrean baikaude.

Eredu ekonomiko berri baterantz

Eredu ekonomiko berri baten hasiera ere bada. Eredu horrek, garapen bidean diren herrialdeen kasuan, enpresa pribatuak gobernuen menpe jartzea ekarriko du herrialde askotan.

Mendebaldearen kasuan, berriz, finantza-oligarkia industria-helburuen menpe jartzea ekarriko du. Mendebaldean, ziurrenik, teknologia- eta industria-enpresen eta gobernuen arteko aliantza baten bidez gauzatuko da hori.

Txinaren eta Errusiaren kasuan, haien jarrera oso argia da. Badakigu nondik datozen eta nora doazen.

Baina munduaren aurrerabide honetan oraindik argitzeko dagoen kontua, eta funtsezko auzia, AEBen jarrera da. Hauek botere korporatiboak bereganatu eta erabat kontrolatutako potentzia dira. Botere horrek mundua kontrolatu du 1990eko hamarkadatik, baina orain hegemonia galtzen ari da, eta zailtasun handiak ditu barne-mailan bere posizioa berriro definitzeko.

Horren aurrean, bi jarrera dute. Alde batetik, jarrera hegemonista dago, finantza-oligarkiarekin oso lotua eta ordezkari politiko argiak dituena: Alderdi Demokrata eta Alderdi Errepublikanoaren barruko neokontserbadoreak. Bestetik, sektore errealista eta isolazionista dugu, AEB mundu poloaniztun horretan kokatzearen aldekoa dena.

AEBetako gobernuaren barruan, sektore hau JD Vance presidenteordeak eta haren ingurukoek ordezkatzen dute. Bestalde, Trump dugu. Lehen agintaldian, bigarren agintaldian eta hauteskunde-kanpainetan, alde batetik bestera ibili da, bi sektoreen artean.

Funtsezko galdera honakoa da: zer neurritan eta zer erritmotan izanen dira gai AEB mundu poloaniztunera egokitzeko? Eta zer neurritan lortuko du finantza-oligarkia menpean jartzea eta ekonomia errealarekin konprometituago dagoen sistema ekonomiko orekatuago bat ezartzea?

Trumpek eragiten dituen zalantzak

Trumpen zeregina da zalantza gehien sortzen duena. Etengabe ibili baita hauteskunde-kanpainetan esaten duenaren eta egiten duenaren artean dantzan, alde batetik, eta errealismo geopolitikoaren eta hegemonismoaren artean, bestetik. Etengabeko kontraesanak dituen gizona da, hitzez behintzat, eta oso zaila da benetan zer pentsatzen duen jakitea.

Ez dakigu hegemonista den eta sektore isolazionista engainatzen ari den. Ala isolazionista den eta sektore hegemonista engainatzen ari den; edo, besterik gabe, trumpista den eta bi sektoreak engainatzen dituen, komeni zaionaren arabera.

Nolanahi ere, goi-bilera honek, Donald Trumpek pertsonalki zer pentsatzen duen alde batera utzita, Amerikako Estatu Batuen mugimendua adierazten du. Mugimendu hori isolazionistatzat har dezakegun jarrerarantz doa edo, bestela esanda, mundua testuinguru poloaniztun baterantz garatzen ari dela onartzera.

Une honetan zergatik gertatzen ari den galde diezaiokegu geure buruari. Izan ere, hauteskunde legegileen ondoren, badirudi Donald Trump ahulago egon daitekeela edo egonen dela. Baina, aldi berean, bere bigarren agintaldiaren amaiera ere bada eta, agian, horregatik sentitzen da aske jarduteko. Ez dakigu zer kalkulu politiko eginen duen. Ez dakigu Donald Trumpek, AEBko gobernuak, Errusiak edo Txinak zer egutegi duten estrategia horiek garatzeko, baldin eta azkenean norabide horretan aurrera jarraitzen badute.

Ezin da baztertu, AEBn bi sektoreen arteko borroka kontutan hartuta, sektore isolazionistak pentsatzea Trumpi geratzen zaizkion bi urteak aprobetxatu behar dituela. Hurrengo presidentetzarako hauteskundeetan, agian, sektore hegemonista berriro irits baitaiteke boterera, Alderdi Demokrataren edo Alderdi Errepublikanoko neokontserbadoreen bidez. Nolanahi ere, goi-bilera bera gertakari itxaropentsua da.

Europa berri baterantz

Itxaropentsua da, halaber, Abu Dhabin Ukrainaren, Errusiaren eta Estatu Batuen artean egindako hiruko bileraren aurrekaria. Bilera hartan, ohiko gaiak eztabaidatu ziren: su-etena bai ala ez, presoen trukea eta abar. Baina, horretaz gain, nazioarteko garrantzi estrategiko handiko kontzeptu bat jarri zen mahai gainean: Europan segurtasun-testuinguru berri bat negoziatzeko beharra.

Horrek esan nahi du Europa berri baterantz aurrera egiten hasi direla. Bilera hartan Europa berri baterantz aurrera egiten hastea adostu bazen, bilera honetan, oso litekeena da mundu berri horretarako bidea egiten hastea adostu izana.

Mundu berri hori, lehenik eta behin, poloaniztuna izanen da. Bigarrenik, finantza-oligarkiaren interesen gainetik ekonomia erreala lehenetsiko duen mundua izanen da. Eta, hirugarrenik, nazioarteko ekonomia orekatuagoa izanen duen mundua.

Goi-bilera honetan gertatzen diren xehetasunen berri ematen jarraituko dugu. Adi egon eta gertatzen ari dena guztion artean joanen gara interpretatzen eta ulertzen.

Hasieran esan dizuedan bezala, mundu berri baterantz goaz, edo, hobeki esanda, mundu berria prestatzen ari zaizkigu.

https://www.youtube.com/watch?v=nfvl-5G7ATk

joan mari beloki kortexarena

2026-11-20


Utzi iruzkina: