SÁNCHEZ PRESIDENTEARENTZAKO FROGA

belokijmari@gmail.com 1700442561683 EUSKAL HERRITIK | 2024-04-20 00:57

belokijmari@gmail.com 1713567953774

(Artikulu honen oinarria "HASTEKO ... KIROL SELEKZIOAK" izenaz egon da orain arte ikusgai. Aldaketa esanguratsuak eginda eta izenburu berriaz duzue orain hemen)

2023ko ekainean hauteskunde orokorrak egin ziren Estatuan eta PP gertatu zen garaile bozka kopuruari dagokionez. Baina Pedro Sánchezek presidente hautatua izateko aukera ikusi zuen eta lortzeko hiru pausu ematea aski izan zuen: Sumar alderdia Gobernuan sartu, Podemos baztertu eta periferiako indar politikoen botoak bildu. Nola lortu zuen azken boto huek erakartzea? Lehen negoziazio haietan Espainia zinez Estatu nazioaniztuna balitz bezala jokatuz. Horren aurrekari bat 2017an dugu, Sánchezek berak bultzatuta PSOEk bere 39. Kongresu Federalean kontzeptu hori onartu zuenekoa. 2023ko hauteskundeetan, sei urtez ganbarako kutxan gordeta eduki ondoren, aireztatzera atera zuen eta inbestiduraren jokoan garaile geratzeko balio izan zion.

Sarri urtea beteko da hauteskundeak egin zirenetik eta oraindik ez dugu presidentea urrats serio bakarra ere ematen ikusi Estatu nazioaniztuna aktibatzeko bidean. Estatuan gai hau politikoki hilik dago. Ardura politikoa dutenen artean inork ez du proiektu honetaz hitz egiten. Komunikabideetan idatzi ere ez da egiten, intelektualki eztabaidatzeko besterik ez bada ere. Eguneroko dinamika politikoan ez du lekurik hartzen. Kontzeptu horren protagonismoa arlo politikoan eta komunikabideetan hutsa da. Eremu politikoan aspaldiko urteetan, Pedro Sánchezek bakarrik aireztatu du kontzeptu hau indarrez. Eta inbestidurarako behar zituen botoak eskuratzeko bakarrik. Geroztik berriz ere ganbarako kutxan utzi du gordeta.

Jakina da Estatuaren egoera politikoak zuhurtzia eskatzen duela. Baina zuhurtasunak ez du paralisia eskatzen. Eta aldaketak nahi ditugunok mugimendua ikusi nahi dugu. Pedro Sánchezen aliatuek, presidente hautatu zutenek alegia, dagoeneko urratsen bat eman beharra dute Sánchezek nazioaniztasun horretan sinesten duela froga dezan eragiteko. Nazioaniztasuna paperetik arlo politiko eta sozialean zerbait aktiboa izatera igaro dadin.

Madrilgo moketa zapaltzen dutenek ziur nik baino hobeki dakitela nondik has daitekeen presidentea nazioaniztasunarekin duen konpromisoa erakusten. Baina nik, neure ohiko ausardiaz baliatuz, gai bat proposatuko dut termometro gisa Sánchezen konpromisoa noraino iristen den neurtzeko: kirol selekzioen ofizialtasuna.

Kirol selekzioen ofizialtasuna

Joko Olinpikoen atarian gaude eta sarri hasiko gara ia mundu osoko banderak ikusten eta ereserkiak entzuten. Errusia eta Bielorrusiakoak ez, noski. Eta oraindik irudimena antzutua ez dugunok gustuko izaten dugu Euskal Herriko kirolari hoberenak zein dotore azalduko liratekeen Parisko podioetan ikurrina lau haizeetara astinduz tarteka ametsetan irudikatzea. Eta joko guztietan zehar euskal zaletuok gure kirolariei txalo zaparradak nola eskaintzen dizkiegun “Ikusi mendizaleak… gora, gora Euskal Herria!” ozenki abesten dugun bitartean. Amets hau egunen batean errealitate bihur daitekeela uste dugunok proiektu hau lehen maila politikora eramateko oraintxe aukera ederra dagoela ikusten dugu. Nazioaniztasunaren kontzeptua ganbarako kutxatik atera eta errealitate bihurtzen hasteko gai aproposa dela pentsatzen dugu.

Gaia aktibatzeko, Pedro Sánchezek lehen pausua bere etxean eman beharko du, PSOEren zuzendaritza proiektuaren onuraz komentzitzen. Hor ez luke arazo berezirik izanen, lider sendoa delako bere alderdian. Beste hainbeste esan genezake bere aliatuen bozkak Parlamentuan ziurtatzeko orduan. Presidente hautatua izateko erakarri zituen bozka guztiak arazorik gabe bildu beharko lituzke berriz ere. Aurka joko duten bakarrak PP eta VOX izanen dira. Espainia hausten ari dela errepikatuko dute enegarren aldiz -hori bai, egunero eta komunikabide guztietan-, errosarioren bat edo beste errezatuko dute Ferraz kalean… eta deus gutxi gehiago. Beraz, maila politiko eta instituzionalean ez luke arazorik izan behar.

Eta Espainian betidanik agindu duten indar faktikoek zer esanen ote dute? Indar ekonomikoek, hau da, bankuek, burtsako inbertsoreek, multinazionalek, putre-funtsek, finantza-merkatuek eta kapitala gobernatzen duten enparauek deus galduko al dute kirol selekzioak gure esku utzita? Ez dirudi beren administrazio-kontseiluetako eguneroko gai-zerrendan sartzeko moduko hizketagaia denik. Hortaz, alde honetatik ez dirudi arriskurik dagoenik. Ez da gutxi. Arrazoi desberdinengatik, Eliza Katolikoa, Armada eta epaileak ere ez ditut gai hau jorratzen ikusten, nahiz eta azkenek tentazioren bat eduki lezaketen.

Baina Madrilen bada gaia bapo astinduko duen gremioa: komunikabideen multzo erraldoia. Espainia urdinaren dozenaka bozemaile horiek… horiek bai hasiko direla zaunkaka, harrapatzen duten mundu guztia kikildu nahian. Zarata eta zalaparta ez zaigu faltako, parlamentari guztiak gogaituko dituzte, Gobernukideak ito arte inguratuko dituzte, egunkarietan orri osoak beteko dituzte, irrati eta telebistetan orduak emanen dituzte … denok ongi aspertu arte. Baina gaseosari bezala indarra poliki-poliki joan eginen zaie, behin lege berriak Parlamentuko bidea agortu ondoren etsiak hartuta geratu arte. Hauekin pazientzia beharko da. Baina azkenean, garaile izanik, pozik entzunen dizkiegu zaunka, orro, ulu, arrantza, karraka, zurrunga eta marruma guztiak. Bai horixe!

Badugu eredu bat presidenteari mahai gainean jartzeko: Britainia Handiarena. Urte osoan eta kirol mota guztietan, Ingalaterra, Eskozia, Gales, Ipar Irlanda eta Gibraltarrek beren selekzioekin jostatzen dute. Salbuespen bakarra dute: lau urtez behin, Joko Olinpikoetan, kirolari guztiak Britainia Handiaren izenean aritzen dira. Pedro Sánchezek izanen al du erronka hau euskaldunoi jartzeko ausardiarik?

Gaiaren samurtasuna kontutan hartuta, Espainiako presidenteak Euskal Herrian dugun ilusio honi ate guztiak zabaldu behar lizkioke. Gainerakoan, Estatu nazioaniztunak eskatzen duen zein beste neurri onartuko liguke? Eskola-curriculum osoa gure esku geratzea? Gizarte-segurantza euskal instituzioen eskuduntzen artean txertatzea? Herritarrei era guztietako galdeketak egin ahal izatea? Polizia espainiarrek hemendik alde egitea? Armada espainiaratzea eta kuartelak eraistea? Horiek denak -eta zerrendatu litezkeen beste asko- gai korapilatsuagoak dirudite. Dugun ilusio hau zapuztuko baligu, Xabier Amurizaren bertsoan bezala “…bota dezagun zerri askara!” abestuko genioke, euskal parlamentarioak gure txalo artean oposizioaren eserlekuetan esertzen diren bitartean.

joan mari beloki kortexarena

2024-04-20


Utzi iruzkina: