SAHEL, panafrikanismoaren bidetik

SAHEL, panafrikanismoaren bidetik EUSKAL HERRITIK | 2026-11-29 18:52

SAHEL, panafrikanismoaren bidetik

Panafrikanismoa pentsamendu-korronte politiko eta kulturala da, Afrikako herrien askapenerako mugimendua, 1804ko Haitiko Iraultzaren ondoren sortua. Panafrikanismoa mugimendu beltz antikolonialista da, askapenerako esparru bat bilatzen duena.

Sahel mendebaldarrentzat eskualde guztiz ezezaguna da. Baina azken urteotan nazioarteko albisteen orrialdeetara iritsi da, bertan herritarren babesa izan duten hainbat estatu-kolpe gertatu delako. Sahelen, 2010etik aurrera, terrorismoa ezarri zen, eta horrek eskualdea krisi sakonean murgildu zuen luzaroan. Krisi horretatik Sahel erdialdeko eremua askatzeko hiru iraultza militar sortu zen, Burkina-Faso, Mali eta Nigerren hain zuzen. Beste estatu-kolpe batzuk ere izan ziren Ginea-Bissaun, Txaden eta Gabonen. Baina aurreko hiruak dira garrantzitsuenak, herritarrak eta panafrikanistak direlako.

Saheletik arma-kontrabando guztia igarotzen da. Terrorismo hori Mendebaldeak Pakistanetik eta beste leku batzuetatik ekarri du, Afrika ezegonkortzeko eta Boko Haram bezalako terrorismo islamikoa antolatzeko. Europak Saheleko mineralak gerra nuklearrerako, telefono mugikorretarako, espazioko gerrarako eta abarretarako erabiltzen ditu. Afrikako iraultzek beren baliabideen lapurreta etetea dute helburu.

Saheleko Estatuen Konfederazioa

Malik, Burkina Fasok eta Nigerrek elkar defendatzeko akordioa sinatu zuten. Frantziak haiek galdu berriak zituen, eta ezin zuen hori onartu. Terrorismoa baliatu zuen Niger-ri eraso egiteko eta kargutik kendutako agintaria berriro ezartzeko. Malik eta Burkina Fasok Niger babestu zuten. Niger inbaditzen saiatzen den edozein herrialde zuzenean bi herrialde horiekin gerran sartuko da. Liptako-Gourma akordioa sinatu zuten autodeterminazioaren, askatasunaren eta independentziaren alde elkarrekin borrokatzeko. Ez dute onartuko terrorismoa aurreko egoerara itzultzeko tresna bezala. 2023an Saheleko Estatuen Konfederazioa sortu zuten, Afrikan ezohiko zerbait.

Hiru estatu-kolpe hauek aurreko guztietatik desberdinak dira. EBk diktadurak ezartzen zituen, dirua lapurtu eta Europara ekar zezaten. Estatu-kolpe hauek desberdinak dira, herria bera baita, terrorismoaz nazkatuta, aldaketa erradikala eskatzen duena. Leku horietan, indar armatuak herriarekin lotuta daude. Jendeak, Europaren aurka zuzenean altxatu ezin denez, Afrikan Europaren ordezkari diren agintarien aurka altxatzen da.

Orain boterean dauden agintariak gazteak dira, unibertsitatetik igaro direnak, eta herritarren interesen arabera lanean ari direnak; hori inoiz ikusi gabea zen Afrikan. Horregatik, herrialde horiek eraso asko jasaten ari dira alor guztietan. Panafrikanistak dira, guk defendatzen dugun agenda bera dute, eta jende askok utopikotzat jotzen zituen gauzak orain errealitate bihurtzen ari dira.

Liburuaren tesi nagusia autodeterminazioaren aldeko borroka da. Belaunaldi hau Afrika aldatzeko prest dago, eta oso garrantzitsua da guretzat herrian oinarritzen diren gobernuei laguntzen jarraitzea. Biztanleria dagoeneko lehen aldaketak ari da bizitzen. Adibidez, Burkina-Fason bizi-maila igo egin da. Hiru estatuek Frantziako enpresak kontratuak berriro negoziatzera behartu dituzte. Petrolio-kontratuak, lehen Frantziarentzat %90ekoak zirenak, orain %45-50ekoak dira. Gauza bera egin da uranioarekin eta urrearekin. Frantziako indar armatuak kanporatzea ere lortu da.

Komunikabideen alorrean, Mendebaldeko telebisten boikota dago. Latinoamerikan 200 milioi afrikarren populazioa dugu. Mugimendu panafrikanista oso presente dago han eta telebista guztietan zabaltzen diren kontakizun mediatikoen aurka egiten du lan. Paterak aipatzen dituzte, baina ez dute azaltzen zergatik hartzen dituen jendeak ondasun guztiak atzean utzita. Latinoamerikako gure jendeak Afrikan gertatzen ari zenari buruzko informazioa behar zuelako idatzi genuen liburua.

Akordio kolonialek indarrean jarraitzen dute

Europako enpresek ez dute zergarik ordaintzen eta diktadurek Europako hedabideak erosten dituzte haiei buruz hitz egin ez dezaten. Horren ondorioz, Europako jendearentzat Afrika guztiz ezezaguna da. Afrikan herria nazkatuta dago familia horiekin guztiekin -Bongó, Paul Biya...-, petrolioaren multinazionalekin, IPF-rekin, Repsol-ekin eta abarrekin lotuta daudenekin eta herriaren interesak kontuan hartzen ez dituztenekin.

CFA frankoaren gaia oso garrantzitsua da. 15 herrialde afrikarrek erabiltzen dute Frantziak sortutako moneta hori, 1945ean ezarria. Interesen %100 Frantziako Altxorrera doa. Eta Frantziak erabakitzen du diru horrekin zer egin behar duten Afrikako herrialdeek. Frantziak esandakoa betetzen ez badute, ez dute aurrekonturik herrialdean. Gaur egun, Afrikako baliabideen %50 Europako bankuetan dago gordeta. Afrikarren dirua Afrikako gobernuei mailegatzen zaie. Hori akordio kolonialak indarrean daudelako egiten dute. Independentzia lortzeko, akordio horiek sinatu behar izan baitzituzten.

Sahelek erronka ugari ditu. Burkina-Fasoren kasua barne-mailako erronka da, aurretik zegoen egiturak beste estatu-kolpe batzuk edo Ibrahim Traoré-ren aurkako hilketa-saiakerak errazten dituelako. Biztanleriaren aldetik ere badaude erronkak, urte askotako atomizazioaz ari baikara. Kanpo-mailan ere zailtasun ugari daude, EBk ez duelako herrialde horiek garatzeko gaitasuna izatea nahi. Herrialde horiek beste Afrika bat posible dela erakusten badute, Afrikako gainerako herrialdeek dinamika bera jarraitzeko joera izanen dute, ustezko independentzien garaian gertatu zen bezala.

EBk egungo egoerari eutsi nahi dio, aldaketarik izanez gero immigrazioa alderantzizkoa izanen litzatekeelako, jendea Europatik Afrikara joanen litzateke. Burkina-Fason, Malin eta Niger-ren baliabide naturalak tokian bertan tratatzeko industriak sortu baitira. Lehen Afrikako baliabide horiek Europan sortzen zuten enplegua, baina orain Afrikan bertan hasi dira sortzen. Herrialde horietan egon nahi duten multinazionalek prozesu osoa tokian bertan garatu behar dute, baliabidea ateratzen denetik industrializatu arte.

Europara joan nahi ez duen jende asko da

Frantziako Orano enpresa publikoa auzitegietan dago Niger-ren, lehen uranioa doan ateratzen zuelako. Orain hornidura-iturria moztu diotenean, ez du Nigerrek bere uranioa industrializatzea eta beste batzuek erostea nahi. Gauza bera gertatzen da petrolioarekin eta gasarekin. Baina, aldi berean, terrorismoaren aurka ere borrokatu behar da. Fronte asko irekitzen dizute. Europara emigratu nahi ez duen gazte asko dago, eta beren diktadoreen aurka eginen dute, antolatzen ari baitira. Gure ustez, borroka handi bat irabazten ari gara.

Nola izan daiteke AEBetako enpresa batek milioika petrolio-upel ateratzea eta herrian eskolak pribatuak izatea? Petrolioa duen herrialde batek, hala nola Ekuatore Gineak edo Nigeriak, nola ezin die eman biztanleei doako hezkuntza? Gobernu berriak ez dira lehengoen berdinak. Ez da nahikoa boterea hartzea; iraultza soziala egin behar da.

https://www.youtube.com/watch?v=LEusNIH0Bt4

joan mari beloki kortexarena

2026-11-29

 


Utzi iruzkina: