Sahel burujabetzarantz tinko

"La Base" Canal Red-en gaurkotasun politikoa lantzen duen saioa da. Bideo honetan Afrikako Sahel eskualde erraldoiaren berri dakarkigu, azken estatu-kolpeak nola ulertu behar diren azalduz. Aurreko artikuluan aurkeztu genuen Ibrahim Traoréren lana eta politikaren nondik norakoak ongi ulertzeko ezinbesteko idatzia duzue honakoa.
Thomas Sankararen ondarea
New York, 1984ko urriaren 4a, Nazio Batuen egoitza. Thomas Sankara, Burkina Fasoko Iraultzarako Kontseilu Nazionaleko presidentea: “Gure iraultza Burkina Fason herri zapalduen borroka unibertsalaren parte da. Ez dugu potentzia handien karitatea nahi, justizia nahi dugu. Gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea onartzea nahi dugu, ditugun baliabideak gure herritarrentzat ustiatzekoa eta ez atzerritarrak aberasteko. Aberria ala hil, irabaziko dugu!”
Eta halaxe egin zuen. Oso urte gutxitan nekazaritza erreforma, elikadura burujabetza, tokiko ekoizpena, baliabide mineralen eta frantsesen eskutik ateratako lurren nazionalizazioa, alfabetatzearen gorakada izugarria, doako eskolak, emakumeen askapena, emakumeen genitalen mutilazioaren edo ezkontza behartuen debekua, bi milioi eta erdi umeri txertoa jartzea, trenbideak, eskulanarekin eta tokiko materialarekin eraikitako ospitaleak eta, batez ere, antiinperialismoa eta panafrikanismoa. Hori guztia egin zuen Thomas Sankarak Burkina Fason eta ez zioten barkatu.
Thomas Sankarak Etiopiako hiriburuan, Addis Abeban, 1987ko uztailaren 29an, Afrikako Batasunaren Erakundearen goi-bileran emandako beste hitzaldi batean: "Zorra neokolonialismo mekanismo bat da. Hirugarren munduko herrialdeak ez dira beren zorren erantzule. Zorra baztertzeari Burkina Fasok bakarrik eusten badio, ni ez naiz hurrengo konferentzian izanen”. Ongi asmatu zuen. Thomas Ankara bi hilabete geroago hil zuten Burkina Fason, mendebaldeko potentziek babestutako estatu kolpe batean.
Sahelgo Estatuen Aliantza
35 urte igaro ziren 2022an beste estatu kolpe batez 34 urteko Ibrahim Traoré kapitainak boterea hartu zuen arte, Thomas Sankararen ildo beretik. Kaleetan, gainera, frantziarren aurkako sentimendua azaleratu zen eta, horren ondorioz, dozenaka lagunek Frantziako enbaxada eraso zuten.
Afrika mendebaldeko gobernuak beren identitatea, munduan duten posizioa eta nazioarteko aliantzak birdefinitzen ari dira. Panafrikanismo berri bat ari da hazten Sahelen. Sahelgo Estatuen Aliantza hiru gobernurekin sortu zen: Malikoa, Niger eta Burkina Fasokoekin hain zuzen, Afrika mendebaldeko aldaketaren protagonista nagusiak.
Sahel Afrika horizontalki zeharkatzen duen eskualde erraldoia da eta dozena bat herrialde inguru lotzen ditu. Baina mendebaldean gertatu da 2020az geroztik bertan nagusi ziren botere-dinamikak kolokan jarri dituen astintze politikoaren zatirik handiena.
Aliantzaren eraketa 2021ean hasi zen, Assimi Goïtak zuzendutako Maliko estatu kolpearekin. Gero, Burkina Fason, 2022ko urrian Ibrahim Traoréren kolpea gertatu zen. Bi gobernu hauek berehala hurbildu zituzten ibilbideak. 2023ko uztailean, Nigerren dinamika bera piztu zen eta Abdourahamane Tchianik hartu zuen boterea. Kolpe hura inflexio puntu bat izan zen, bete-betean islatu baitzuen Mali eta Burkina Fasoko prozesuek frantziarren interesen aurkakoa eskualde osoko dinamika zela. Berehala hasi ziren Nigerren gaineko presioak frantziarren eta estatubatuarren aldetik, eta erantzun militarrarekin mehatxatu zuten.
Burkina Faso eta Maliko gobernuek jakinarazi zuten Nigerren esku-hartze militarrik bazen haiek buru-belarri sartuko liratekeela Nigerko gobernuaren defentsan. Erantzun honek esku-hartze militarra uxatzea lortu zuten, ez baitzen horrelakorik gertatu, eta hiru gobernuek indarrak batu eta Saheleko Estatuen Aliantza sortu zuten. Hau aliantza militarra izan zen funtsean. Besteak beste, defentsarako eta elkar laguntzarako konpromisoa edota lurralde osotasunaren eta subiranotasunaren aurkako edozein mehatxu uxatzeko lankidetza zehazten ziren testuan. Ez ziren defentsarako elkarlanera mugatu eta hiru herrialdeetako ordezkariek beren interesak federatzeko beharraz hitz egin zuten lehen momentutik eta hainbat gailur burutu zuten ekonomia, merkataritza, moneta, segurtasuna, kultura... eztabaidatzeko. Togo, Txad eta Senegalekin ere harremanak bizkortu egin zituzten.
Sahelgo Estatuen Aliantzaren Konfederazioa
Sahelgo Estatuen Aliantzaren Konfederazioa 2024ko uztailean eratu zen, Sahelgo Estatuen Aliantzaren jarraipen gisa. Hirutariko akordioan gai hauek jorratu zituzten: mendebaldeko potentzien bitartekaritzarik gabeko inbertsio-banku bat sortzea, garapen ekonomikorako estrategikoak diren industria eta sektoreak nazionalizatzea, kolonialismoaren garaitik zerabilten CFA frankoa alboratu eta hura ordezkatuko duen moneta komun bat sortzea eta integrazio militarra eta bere armaden defentsa-gaitasunak sakondu eta hobetzea. Prozesu subiranista hau hasi ondoren hartu dituzten erabakien adibide dira Maliko gobernuak Sahelgo eguzki energia zentralik handiena eraikitzea eta Burkina Fasoko gobernuak erabaki duen urre esportazioa mugatzea, erreserbak pilatzea ahalbidetu duena, bere garapen ekonomikoko prozesurako lehen urrats erabakigarri gisa. Diagnostiko argia egiten duten gobernu subiranistak dira: afrikarrek beren burua goberna dezakete eta gobernatu behar dute eta kolonizazioa izan da kontinentearen garapena eragotzi duena.
Senegal ere, 2024tik Diomaye Faye gobernuburu duela, bide subiranista beretik doa. Bere hitzaldiek Patrice Lumumba edo Thomas Sankara bezalako buruzagi afrikarrak ekartzen dituzte gogora, non subiranotasunaz, garapenaz, batasun afrikarraz edo legez kanpoko zorra ez ordaintzeaz hitz egiten zuten. Frantziaren aurkako sentimendua eta Saheleko herrialdeek subiranotasuna bilatzea neokolonialismoaren eta AEB buru direla mendebaldeak berak hautsi duen “arauetan oinarritutako” nazioarteko ordena horren aurkako aliantza eta alternatiba berri gisa ehuntzen ari da.
Bigarren independentziaren aldeko borroka
1960ko hamarkadan independentzia formala eskuratu arren, Frantziak ezarritako akordioek bere nagusitasun ekonomikoa eta militarra ziurtatzen zioten eta uranioa, urrea edo litioa bezalako baliabide estrategikoetarako sarbide pribilegiatua izatea ere. Mali, Burkina Faso eta Nigerreko estatu kolpeek bigarren independentziaren aldeko borroka suposatzen dute, neokolonialismoak ipinitako kateak apurtzea bilatuz. Bere gobernu subiranoek erabakita, Afrikako agendaren ordua iritsi da.
Sahelgo Estatuen Aliantzaren Konfederazioak baditu bere aliatuak. Marokok lankidetza areagotu du eta Togok Aliantzarekin bat egiteko atea zabaldu du. Arlo horretan keinu oso garrantzitsua 2025eko urtarrilaren 29an gertatu zen, Mendebaldeko Afrikako Estatuetako Ekonomia Erkidegoak erakunde horretatik Mali, Niger eta Burkina Faso kanporatzea ofizial egin zuenean. Baina kanporatze horrek beste aliantza geopolitiko batzuetarako biraketa eragin du. Errusia, Txina eta BRICS dira panafrikanismo berri honek jorratu nahi dituen aliantza berriak.
Herrialde hauek oraindik kanpo-laguntzaren beharra aitortzen dute, zenbait baliabide ustiatzeko eta beren erregimenak arriskuan jartzen dituzten matxinatuen aurkako defentsa antolatzeko oraindik ez dutela gaitasunik uste baitute. Errusia bere indar militarrekin sartu da Defentsa Ministerioaren bitartez eta Txina azpiegitura handien eraikuntzan inplikatuta dago, hala nola aireportuak, trenbideak, ibilbide komertzial osoak, errepideak, portuak, etab.
https://www.youtube.com/watch?v=tmPkcUnrXPY&ab_channel=LaBase
joan mari beloki kortexarena
2025-08-11
Iruzkinak
Utzi iruzkina: