Putin, Witkoff eta Kushner (eta II)

Putin, Witkoff eta Kushner (eta II) EUSKAL HERRITIK | 2026-11-17 18:39

Putin, Witkoff eta Kushner (eta II)

Gaurkoan, Alex Mercouris-en hausnarketarekin jarraituko dugu, Moskun Putin, Witkoff eta Kushner-ren arteko negoziazioek eman dutena hobeki ulertzeko.

Honela laburtzen dut nik egungo egoera: europarrek bi aukera artean erabaki behar dute. Errusiarrekin Europako segurtasun-arkitektura berri batez akordioa egiten badute, Ukrainaren etorkizuna nola konpondu eztabaidatu ahal izanen da. Donbass, Zaporozhia, Kherson eta Krimea Errusian geratuko dira. Errusia ez da gaur kontrolatzen dituen lurretatik erretiratuko. Hala ere, Kieven nolako gobernua egon litekeen eta Ukrainak nolako bermeak izan ditzakeen eztabaida liteke. Ukrainaren barne-antolaketaz ere eta errusieradunen eta Ukrainako Eliza Ortodoxo Errusiarraren babesaz ere. Europarren tropak Ukrainatik kanpo egotea eskatuko du Errusiak. Kasu guztietan eta edozein egoeratan, ez da atzerriko base militarrik egonen Ukrainan. Ezta soldadurik ere. Oso baldintza gogorrak dira baina, hala ere, Ukrainak bizirik jarraituko luke, Europako segurtasun-mekanismo guztiak erabat berrantolatutako Europa batean.

Aurreko parrafoan esandakoa bi aukeretako bat da. Bigarrena, Europako segurtasun-arkitektura berri bati buruz hitz egiteari uko egitea da. Hori aukeratzen bada, gerrak jarraitu eginen du, Ukrainatik deus geratzen ez den arte. Nire ustez, horretara ari gara hurbiltzen.

Ez dut uste errusiarrek inoiz hain zorrotz hitz egin dutenik operazio militar berezia hasi zenetik. Diotenez, Witkoff eta Kushner bileratik ateratzean erabat lur jota ziruditen.

Nire ustez, errusiarrak pixkanaka eta sistematikoki indartzen joan dira operazio militar bereziak iraun duen bitartean. Industriak berrantolatu dituzte eta oinarri zientifiko eta teknologikoari erabateko norabide-aldaketa eman diote. Ekonomia hedatu egin dute eta arma-kategoria guztiz berriak garatu dituzte. Alegia, gogor lan egin dute gaur egun duten nagusitasuna lortzeko. Posizio horretatik egin ahal izan dizkiete atzo estatubatuarrei aurkeztu zizkieten eskakizunak. Orain, sakrifizio handien eta lan gogorraren ondorioz, izugarrizko indar-posizioa lortu dutenez, pentsaezina iruditzen zait negoziazio batean horri uko egitea.

«Nahikoa da»

Azkenean, «nahikoa da» esateko unea iritsi da. Gerra Hotza amaitu zenetik inoiz ez dute AEBetako ordezkariekin hain zorrotz hitz egin negoziazio batean. Irandarrek eta txinatarrek ere ez. Nahiz eta estatubatuarrek, ordainetan, sarritan modu zakarrean eta beldurgarrian jokatu duten. Atzo, lehen aldiz Gerra Hotza amaitu zenetik, estatubatuarrek errusiarren indar diplomatiko osoari egin behar izan zioten aurre.

Europarrei dagokienez, Errusiaren kezkei bizkar ematen jarraitzen dute, baita kezka horiek nolabaiteko zilegitasuna izan dezaketela aitortzeari ere. Europarrek Europako segurtasun-arkitekturan inolako arazorik ez dagoela esaten jarraitzen dute. Europako Kontseiluko presidente Antonio Costaren arabera, ez dago deus eztabaidatzeko, «Ez dago gurpila berrasmatu beharrik». Segurtasun-arkitektura horrek bere suntsipenaren haziak zituen barruan. Europako herrialderik boteretsuena, Errusia, arkitektura horretatik kanpo baitzegoen. Gainera, mehatxatuta sentitzen zen. Costak berak onartzen duen bezala, segurtasun-arkitektura hori suntsituta dago eta ez du funtzionatzen. Beraz, fantasia hutsa da lehen zegoen bezala berreraiki daitekeela pentsatzea.

Egin behar dena estatubatuarrek, hitzez behintzat, onartzen dutena da: errusiarrekin hitz egin. Costak suntsitutzat jo duen segurtasun-arkitektura askoz iraunkorragoa eta eraginkorragoa izanen den beste batez ordezkatu behar da. Baina Costa, praktikan, hori guztia ez dela Errusiaren kontua esaten ari da. Gelditu egin behar dute, gero erretiratu, kalte-ordainak ordaindu eta presidentea eta goi-kargudunak epaituak izatea onartu. Hori guztia gertatu ondoren, garai bateko egun zoriontsuetara itzuliko gara, 1990eko hamarkadara. Kushnerrek europarrei esan zien segurtasun-arkitektura berri hori ezartzeko lan egiten ez badute, deus ezin izanen dela aurrera atera.

Errusiarrak fede onez ari direla konbentzitu

Europarrak oso zatituta daude gai honetan. Politico aldizkariaren arabera, funtsean hiru talde daude. Batek Kaja Kallas babesten du Europako negoziatzaile eta ordezkari nagusi izateko, Kallas-ek negoziazioetan sinesten ez duen arren. Gainerakoan, Costa eta Macron-en inguruan ari da hautaketa mugitzen. Macron-en arazoa errusiarrek gorroto dutela eta pertsona faltsu eta traidoretzat jotzen dutela da. Macron-en beste arazo bat da Europako beste buruzagi gehienek ez dutela begiko. Beraz, erabakiren bat hartzen bada, seguruenik Costa izanen da EB ordezkatzeko aukera gehien duena.

Eta zein da errusiarren jarrera honen guztiaren aurrean? Europarrei serio hitz egiteko eta benetako negoziazioak egiteko prest daudela frogatzea exijitzen diete eta errusiarrak konbentzitzea fede onez negoziatzen ari direla, bakea lortzeko asmo zintzoarekin. Antonio Costak nekez konbentzituko ditu errusiarrak negoziazio-mahaian egoteko. Zertarako balio du Costa bertan egoteak aurrez esandakoak besterik ez badu? Gainera, Costak urte honen hasieran bi ordezkari bidali zituen Moskura eta errusiarrak hauei entzundakoarekin minduta eta irainduta sentitu ziren. Zintzoa izateko, une honetan ez dut ikusten Europako Batasunan horrelako eginkizuna bete dezakeen inor. Hori izan zen Sergei Riabkov Errusiako Atzerri ministrordeak Errusiako telebistan adierazi zuena, atzo Abu Dhabiko elkarrizketen ondoren.

https://www.youtube.com/watch?v=2cJ-R5evAe0

Iturri osagarria: https://www.youtube.com/watch?v=NkqXSRg6614

Eranskina

(1) Errusiak 2021eko abenduan aurkeztutako bi itun-proiektuak

(Puntu garrantzitsuenak)

1. AEBen eta Errusiaren arteko segurtasun bermeei buruzko ituna:

  • AEBek NATOren hedapen gehiago eragoztea, bereziki Ukraina eta Georgiara.

  • AEBek ez zabaltzea irismen ertaineko eta laburreko misilak Errusiaren aurkako erasoak egiteko moduko eremuetan.

  • Arma nuklearrak herrialde bakoitzaren lurraldean soilik kokatzea.

  • AEBetako eta Errusiako gerraontzien eta hegazkin militarren jarduera mugatzea elkarren mugetatik gertu.

2. Errusiaren eta NATOko estatu kideen segurtasuna bermatzeko neurriei buruzko akordioa:

  • NATO ez zabaltzea ekialderantz, eta Ukrainari eta Georgiari aliantzan sartzeko aukera ukatzea.

  • NATOko indar militarrak eta armak ez zabaltzea 1997tik aurrera aliantzan sartutako herrialdeetan.

  • NATOren jarduera militarra debekatzea Ukrainan, Ekialdeko Europan, Hego Kaukason eta Erdialdeko Asian.

  • Ariketa militar handiak mugatzea Errusiako mugetatik gertu.

  • Tentsio militarrak saihesteko eta gatazkak konpontzeko mekanismoak ezartzea.

Laburbilduz

Bi itun-proiektuen helburu nagusia Europako segurtasun-arkitektura berrantolatzea zen, Errusiaren inguruko NATOren presentzia militarra eta aliantzaren ekialderanzko hedapena mugatuz. Errusiak Mendebaldeari bere segurtasun-bermeak juridikoki lotesleak izatea eskatu zion.

joan mari beloki kortexarena

2026-11-17

 


Utzi iruzkina: