Putin, Witkoff eta Kushner (I)

Putin, Witkoff eta Kushner (I) EUSKAL HERRITIK | 2026-11-17 00:48

Putin, Witkoff eta Kushner (I)

Azaroaren 10ean eta 11n, Abu Dhabin, Errusia, Ukraina eta AEBen arteko negoziazioen beste atal bat egin berri dute. Gaurkoan, Alex Mercouris-en hausnarketak dakartzagu, Abu Dhabin eta biharamunean Moskun jarraipena izan zuten negoziazioek eman dutena hobeki ulertzeko.

Jared Kushner, Steve Witkoff eta Vladimir Putinen arteko bileraren giroa iluna eta goibela izan zela esan nizuen atzo. Eta Putinen hasierako hitzek argi erakutsi zutela errusiarrek jarrera oso gogorra azalduko zutela eta Abu Dhabin izandako jarrerari eutsiko ziotela.

Ushakovek nire hitzak berretsi egin zituen. Inor ez zen bilerara irribarretsu sartu. Inor ez zirudien pozik. Estatubatuarrak nabarmen haserre zeuden; errusiarrak, berriz, lasai eta irmo.

Kushnerrek Europak negoziazio-mahaian lekua izanen duela dio. Errusiarrek isiltasunari eutsi diote. Ushakovek esandakoaren arabera, errusiarrek ez dute horrelakorik onartu. Alderantziz, Ukrainako gerraren konponbidea Errusiaren garaipen militar osoarekin edo Europako segurtasun-arkitekturari buruzko akordio batekin lotzen jarraitu dute.

Ushakoven agerraldia gogorra izan zen. Bilera «zintzoa» eta «emankorra» izan zela esatean zintzotasunez hitz egin zutela eta funtsezko gaiak jorratu zituztela adierazten du.

Negoziazioen azken fasea urtarrilean hasi zen eta errusiarrek behin eta berriz eskatu dute estatubatuarrek Ukrainari emateko asmo duten segurtasun-bermearen berri. Urtarrilean, Kushner eta Witkoff Kremlinera joan zirelarik, errusiarrak gai horren berri prentsaren bidez bakarrik ari zirela jasotzen esan zien Putin presidenteak. Kushnerrek eta Witkoffek sinatzeko prest zegoen akordio-zirriborro bat bazela esan zioten, baina ez zutela dokumentua beraiekin eraman. Errusiarrek honela erantzun zuten: «Hori guztiz onartezina da. Dokumentu hori ikusi eta eztabaidatu egin behar dugu». Eta prozesua hainbat hilabetez geldirik geratu zen.

AEB Errusiaren segurtasunaz hitz egiteko prest

Gero, irailean, estatubatuarrek berriro ekin zieten harremanei, su-etena onar dezaten presioa egin nahian. Errusiarrek galdera bera planteatu zuten berriro: «Non da ukrainarrei emateko proposatzen ari zareten segurtasun-bermea? Ezin dugu negoziazioetan aurrera egin dokumentua ikusi arte». Estatubatuarrak, gero eta etsiago, errusiarren jarrera onartzen hasi ziren: gerra ondoren Ukrainaren segurtasunaz ez ezik, Errusiaren segurtasunaz ere hitz egin behar zela aitortuz. Hori Putinek eta Witkoffek San Petersburgon egindako bileran gertatu zen.

Ushakovek azken bileraz: «Argi dago guztiontzat Europako egungo segurtasun-arkitekturak ez duela funtzionatzen. Europako ordezkariek ere zatiezinezko segurtasunaren epe luzerako arkitektura berri baten parametroak adosteko ahaleginak babestea espero dugu. Prozesu hori berehala hasteko prest gaude, estatubatuar kideekin batera». Hemen ez da esaten europarrak negoziazioetan sartuko direnik. «Zatiezinezko» hitzak esan nahi du Errusia ere barne hartu behar dela, geografikoki Errusia Europaren zatia baita.

Ushakovek: «Presidenteak zatiezinezko segurtasun-arkitekturaren oinarrizko zutabeei buruz dugun ikuspegia gogorarazi zuen. 2021eko abenduan aurkeztu genuen». Beraz, 2021ean aurkeztutako bi itun-proiektuak berriro mahai gaineratu zituzten Abu Dhabin. Ushakovek hori baieztatu ondoren, xehetasunak eman ditu. «Baldintza horien artean daude NATOren aliantza ez handitzea, Errusiako mugetatik gertu mehatxu egiten duten arma-sistemarik ez zabaltzea eta NATO sortu zen garaian aliantzaren indarrek zuten antolamendura itzultzea»(1) Horrek, funtsean, NATOren indarrak Ekialdeko Europatik erabat erretiratzea esan nahi du eta Alemaniaren mugaraino atzeratzea. Hau da, NATO 1998ko egoerara itzultzea, handitze-prozesua hasi aurretik zegoen egoerara.

Errusiarrek estatubatuarrak Europako segurtasun-arkitekturari buruz hitz egitera eraman dituzte, eta argi adierazi diete beren eskakizunak 2021eko abenduko berak direla. Bi itun-proiektuei buruzko negoziazioek porrot egin zutenean, errusiarrek esan zuten horren ondorioz izaera tekniko-militarreko neurriak hartuko zituztela eta operazio militar berezia abiarazi zuten.

Ushakovek berriz ere: «Mendebalde kolektiboa gure aurka armak hartuta altxatu da, Kieveko erregimena salbatzeko eta Errusiari porrot estrategikoa eragiteko nahia ezkutatu gabe». Esaldi hori funtsezkoa da. Ushakovek dio hasierako operazio militar berezia, 2022an negoziazioek porrot egin ondoren, gerra irekia bihurtu zela. Hau dagoeneko benetako gerra da, Ukraina eta Mendebalde kolektibo osoa Errusiaren aurka egiten ari diren koalizio-gerra.

Ushakovek europarrez: «Bakea nahi duten ala gerrak jarraitzea nahi duten erabaki behar dute. Europarrak ahalegin guztiak egiten ari dira negoziazioetan sartzeko, baina bakea nahi duten ala gerrak jarraitzea nahi duten erabaki behar dute aldez aurretik». Ushakovek berriro argi uzten du errusiarrentzat hau benetako gerra dela. Europarrak, gatazka amaitu ondoren, Ukrainako lurraldean atzerriko tropak bidaltzeko «prest daudenen koalizioa» sustatzen ari dira eta hori da, hain zuzen ere, amaierarik gabeko gerra eragiteko errezeta onena. Putinek erabat argi utzi zuen Europako tropak Ukrainan zabalduko balira, gerra automatikoki hasiko litzatekeela eta Ukrainako lurraldean dauden Europako tropak Errusiako indarren lehentasunezko helburu bihurtuko liratekeela.

Akordiorik ez bada, gerrak jarraitu eginen du

Ushakovek: “Kieven ez dute gerra amaitu nahi, horretarako berehala hauteskundeak deitu beharko lituzketelako eta inork boterea galdu nahi ez duelako. Gure presidenteak ez du ahaztu AEBetako egungo administrazioa irmotasun handiz ari dela lanean Ukrainako gatazkan benetako bakea lortzeko. Trump presidentea pertsonalki inplikatuta dago auzi hau konpontzeko ahaleginean”.

Nire ustez, europarrek bakea baino gehiago gerra nahi dute. Eta gerra bakearen ordez nahi badute, ez dute tokirik bakea lortzea helburu duten negoziazioetan. Putin presidenteak ez dio inoiz uko egin europarrekin hitz egiteari. Ez zen Putin presidentea izan europarrekiko harremanak eten zituena. Europarrek baztertu zituzten errusiarrekiko harremanak eta elkarrizketak. Baina, “Europak hitz egiteko baimena duen norbait badu, eta europarrek benetan horretarako borondatea badute, haiekin hitz egiteko prest egonen gara” dio Putinek.

Kushner Putinen hitzak eta Errusiaren jarrera europarren parte-hartzeari buruz nahita desitxuratzen ari bada, sekulako arduragabekeria izanen litzateke eta oso arriskutsua. Negoziazioak hondatu eta Errusiaren eta AEBen artean geratzen den konfiantza apurrarekin buka lezake.

Europarako segurtasun-arkitekturari buruzko akordiorik ez badago, alternatiba Errusiak gerra jarraitzea da. Kasu horretan, gatazka amaitzeko modu bakarra Kieven agintean dagoen gobernua ez ezik, Ukrainako egitura politiko osoa eta, agian, Ukrainako estatua bera ere desegitea eta suntsitzea dela iruditzen zait.

https://www.youtube.com/watch?v=2cJ-R5evAe0

Iturri osagarria: https://www.youtube.com/watch?v=NkqXSRg6614

(bihar bigarren eta azken atala)

joan mari beloki kortexarena

2026-11-17

 


Utzi iruzkina: