PEDRO SÁNCHEZEN KRISIA

belokijmari@gmail.com 1700442561683 EUSKAL HERRITIK | 2024-04-27 02:01

belokijmari@gmail.com 1714176214161

Egun hauetan jende asko ari da hitz egiten Pedro Sánchez presidentearen krisiaren inguruan. Politikoki ondoan dituenek elkartasun osoa erakusten dioten bitartean, urdinek hozkaka jarraitzen dute ahalik eta odol gehien eragitea bilatuz. Inork ez daki nola amaituko den bost egunetako gogoetaldi honek -agian berak ere ez oraindik-, eta entzuten ari garen apustuak oso desberdinak dira. Dimititu eginen du, hauteskundeak deituko ditu, normaltasunez jarraituko du…

Urak oso harrotuta daude oraintxe Estatuan. Espainian diotenez, politikoen artean oposizio politikoa egiteko moduak aldatu egin dira eta kritika egitea baino aurkaria pertsonalki hondoratzea bilatzen ari dira aspaldi. Sánchezek beti erakutsi du adore eta indar handia, eta inork ez zuela irmotasun hori gainditzeko ahalmenik zirudien. Baina berak ere badu bere Akilesen orpoa nonbait, eta barruko puntu ahulena ukitu diotela ematen du. Dirudienez, berari zuzenean egiten dizkioten eraso guztiei aurre egiteko gaitasun osoa du, baina familia ukitu diotenean… pitzadurak sortu zaizkio.

Espainia erdia -lehen gorria esaten zena- aztoratuta dago, kezkatuta, urduri. Ez dute oposizio politikoa egiteko eskuinaren modu “berria” onartzen eta betiko urdinak azken urteotan guda zikina egiten hasi zaizkiela kritikatzen dute biziki. Oposizioa irizpide politikoetan oinarritzea eskatzen dute eta ez familiari eraso eginda. Politika egiteko modu hau 2011n hasi zen batzuentzat, 2008an besteentzat… Hasiera Atotxako bonbetan kokatzen dute batzuek, Felipe Gonzalezen garaian beste batzuek… Guda zikina pairatu duten izen asko aipatzen dute… baina euskal izenik ez. Ala zankoa!, egoera politikoan eragiteko “era espainiar” hau berria ote da eta euskaldunok sekula ez gaitu ukitu ala?

Guda zikina, aspaldiko kontua

Ez horixe. Guda zikina aspaldiko jarduera da Estatuan. Hobeki esanda, Euskal Herrian, Estatuko indarrek gauzatuta. Zergatik, ba, eskandalu hau orain? Arrazoia bakarra da: orain artekoak, azken 49 urteotan egin denak euskal herritarroi eragin digulako ia osotasunean. Eta kolore gorriko Espainia erdiak urte hauetan guztietan beste aldera begiratu du errealitatea ez ikusi nahi izateagatik.  Beste aldera begiratu dute -Grande Marlaska eta gainerako epaileek milaka torturatuen aurrean egin duten bezala- eta orain era gordinean etorri zaie gainera. Franco hil zenetik izan dugu munstro hau gure gainean eta etengabe ikus ahal izan dugu bere mutur beltza. Trantsizio demokratiko deitu zuten hura ez zela ongi bideratu euskaldunok ozen oihukatu genuenean Espainiako gorriek beste aldera begiratu zuten. Francok utzi zituen instituzio guztiek bere horretan iraun zuten garbiketarik egin gabe. Monarkia, armada, polizia, epaileak… sistemak ez zituen ukitu eta gaurko egunera birtziklatu gabe iritsi dira, Espainia gorria gehiegikeria guztien aurrean isilik geratu zelarik.

Zergatik isildu ziren Espainiako gorriak milaka euskal herritar atxilotu ondoren etxera torturatuta bidaltzen zituztela jakinda? Zergatik egin zuten bat munstroarekin frankismoa ez zela amaitu Euskal Herrian urtetan salatu genuen bitartean? Zergatik ez zieten garrantzirik eman presoak ikustera joanda bidean hil ziren senide eta lagunen heriotzei? Zergatik ez ziren mobilizatu 1981eko otsailaren 23an Tejero guardia zibila Madrilgo Parlamentuan tiroka sartu eta Brunete Dibisio Korazatuaren tankeak Madrilgo kaleetan barna ibili zirelarik? Zergatik onartu zuten militarren mugimendu hauen ondorioz Euskadiko autonomiaren transferentziak seko geratzea? Ez al zuten guda zikinik ikusi katalanen independentziaren aldarrikapenean jasan zituzten kolpe, irain, isun, zigor eta kartzelatze haietan? Edo Konstituzioaren 155. artikulua ezarrita Kataluniari Autonomi-Estatutua bertan behera utzi zitzaielarik? Ez al zuten guda zikinik ikusi GARA eta EUSKALDUNON EGUNKARIA bortizki itxi zirelarik? Ez al zuten guda zikinik ikusi kutxazain bat erretzeagatik hamar urtetara zigortuta izan ziren gazte horien kartzelaratzean? Edota Altsasuko taberna bateko liskarragatik kartzelatuta izan ziren gazteen kasuan? Zergatik ez zuten PSOEren aurka jo Felipe González eta bere ministroek GAL talde terrorista sortu zutenean? Zergatik ez ziren mobilizatu PSOEk Espainia Estatu terrorista bihurtu zutela salatzeko? Zergatik geratu dira isilik Gobernu urdinek dozenaka politiko lagun ustel indultatu dituztenean? Barkatuko didate asmo oneko espainiar guztiek, baina 49 urte hauetan beste aldera begira bizi izan dira eta orain munstroak hozka tiratu die. Ez dute kolore urdineko Espainia beltz hori ongi ezagutzen. Euskaldunok oso ongi ezagutu dugu, Franco hil zenetik guda zikina erabat eta etengabe gure bizkarrak gogorki jipoitzen gainean izan dugulako.

Francoren azken urteetan eta geroztik independentziaren aldeko borrokan inplikatu garen milaka euskaldunok etengabe pairatu dugu Espainiako instituzioen guda zikina. 1936-39ko urteetan jardun zuten gudarien hazia eta eredua jaso genuen. Batzuek bidean geratu zitzaizkigun. Eta gainerakook betiko geratu zaizkigun urradurak ditugu. Orbain horiek desagertzen ez direlako. Beraz, ez etorri orain Espainiatik pairatzen ari zareten guda zikina zerbait berria balitz bezala guri mintzatzera. Francok utzi zuen munstroa sekula ez duzue ikusi nahi izan eta orain bere atzaparkadak hasi zarete jasotzen. Guk ongi ulertzen dugu zuen egoera tamalgarria. Bost hamarkada hauetan gainetik kendu ezinik izan dugulako. Eta ongi ezagutzen dugulako enpatizatzen dugu zuekin eta prest gaude zuei gure elkartasuna eskaintzeko. Euskal herritarron laguntza hor izanen duzue beti.

Pedro Sánchez

Pedro Sánchezek berak badu guda zikina gaur arte hain indartsu iritsi izanaren erantzukizunaren zati bat. Munstroa hazten utzi du, bere aurretik Zapatero eta Gonzálezek bezala. Sahararrak saldu ditu, Israelekin harreman normalizatuak mantentzen ditu, Ukrainako naziekin ere, multinazionalek eta bankuek milioiak pilatzen jarraitzen dute, langabezia oso goien da, Estatu nazioanitza egitasmoa geldirik dauka… Egunero burua makurtu ezkero, munstroa hazi egiten da.

Gaurko guda zikina aztertzeko orduan, bereziki azpimarragarria da epaileen egiten ari direna. Bost urte daramate beren organo nagusia -Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia- berritu gabe, berek betearazi egin behar dituzten legeetako bat bete gabe. Okupa bezala ez dagozkien karguei eutsiz. Non izan da Sánchez bost urte hauetan, presidente kargua baliatuz irtenbidea inposatzeko? Orain munstroak hozka tiratu dio.

Baina Espainiako herritar gorriek ere badute erantzukizunaren beste zati handi bat. Presidentearen esku utzi dutelako ardura politiko osoa. Espainia gorria erabat desmobilizatuta dago. Eta itsaso bare horretan munstroa gozo-gozo mugitzen da hara-hona, nahi duen guztia eginez.

Espainiako urdinek ez dute jarrera aldatuko. Ezin dute Gobernua eskutan izan gabe bizi. Botere guztiak harrapatuta dauzkate: monarkia, armada, poliziak, eliza katolikoa, epaileak, komunikabide nagusiak, elite ekonomikoak… Gobernua ere nahi dute eta eskuratzeko zernahi egiteko prest dira. Ez dute amore emanen. Guk botere guztien artean bakarrik Gobernua har dezakegu geure esku. Azken urteotan hala dugu, hauteskundeetan nagusituta. Eta horri kosta ahala kosta eutsi egin behar zaio.

Presidenteak gogo-aldartea ukitua duela dirudi eta ez da erraza zer erabakiko duen asmatzen. Baina zaila da oso bere ibilbide politikoa burua makurtuta bukatuko duela irudikatzen. Erasora joko duela errazago irudika dezakegu. Konfiantza-bozketa planteatzen Parlamentuan? Hauteskunde orokorrak deitzen? Biak agian, lehenik konfiantza bozketa irabazi eta ondoren hauteskundeak deituz?

Euskaldunoi ez diezagutela esan Espainiako urdinen guda zikina arazo edo jarduera berria denik. Aspaldikoa baita. Azken etapa 1975ean hasi zen. Aurrekoa 1936an. Horrela, 1512ra arte jarrai dezakegu. Edo 1200eraino. Hala ere Euskal Herrian aurrera begiratzen dugu eta prest gara gorriei laguntzeko. Espainiako urdinei ate guztiak ixtea lehentasunezko zerbait baita denontzat.

joan mari beloki kortexarena

2024-04-27


Utzi iruzkina: