PALESTINAREN DEIADARRA
Azken hilabete eta erdi honetan hamaika argazki garratz ikusi dugu telebistan nahiz sare sozialetan. Israelek Gaza kanposantu erraldoia bihurtu duela esan digute eta konparaketa balekoa dela esan dezakegu. Seguraski, duela hilabete pare bat, mundu honetan bizi garenon artean inork gutxik pentsa zezakeen antzekorik gerta zitekeenik XXI mende honetan. Txundituta gaude, ezin harrituago, Europan genozidioa pairatu zuen herri batek nola bukatu duen jasan zuena bezalakoxea auzoko herri palestinarrari egiten. Baina gertatu da. Eta orain hainbat galderari erantzutea dagokigu, honekin amaitzea eta berriz errepika ez dadin nahi badugu.
NBE-Nazio Batuen Erakundearen aspaldiko erabakia
Nola liteke, zergatik gertatu da, halako krudelkeria? Beti izaten da arrazoi bat eta bera bilatzean ezin gaitezke azalean gera eta azalean geratzea izanen litzateke arrazoia urriaren 7ko Hamasen erasoan kokatzea. Sustraietara joan nahi badugu, gutxienez 1947. urteraino joan behar dugu atzera, NBEak Israeli estatu propioa izateko eskubidea aitortu zionean. Palestina historikoari puska handi bat kendu -utzi zitzaiena baino handiagoa- eta Israeli eman baitzitzaion. Harrezkero, Israelek palestinarrei lurra kendu eta kendu jarraitu du. Palestina osoa inbadituta dauka, eta armadak eta kolonoek palestinarrak egunero hilez idatzi dute ondorengo historia. Orain, Israelek inbasioaren azken kapitulua idaztea erabaki du eta, milaka palestinar hil eta gero, bizirik utziko dituenak basamortura bidaltzen saiatzen ari da. Genozidioa, garbiketa etnikoa, triskantza, sarraskia, hondamendia … hitz guztiak motz geratzen zaizkigu gertatzen ari dena azaltzeko eta irudikatzeko.
Urriaren 7an gertatu zena argitzeko oraindik asko falta da. Izan ere, pentsaezina baita ehunka Hamaseko militante sartu ahal izatea Israelen, hainbat orduz jendea bahitzen eta poliziarekin tiroka jardutea, eta munduan segurtasunean gehien inbertitzen duen estatuak mugimendu erraldoi horretaz deustaz jabetu ez izana. Israelek baimendutako zerbait izan zela defenditzen dutenek badute horretarako arrazoirik. Historian hainbat aldiz gertatu den beste ekintza izugarrietan gertatu ohi den moduan, geroak esanen digu benetan zer gertatu zen eta zergatik. Oraingoz, lehen kapitulu gisa, esan liteke Israelgo armadak onartua duela beren helikopteroek israeldar ugari hil zutela eta argazkitan ikusitako triskantza nekez egin zezaketela Hamasko kideek zeuzkaten baliabide eskasekin.
Zertarako nahi du Israelek erabat birrinduta utziko duen Gaza eskualdea? Bertan bizi diren milioi eta erdi palestinarrak bertatik atera eta basamortura bidaltzeko ahalegin basatia ez da bost laurlekotako pagotxa irabaztearen truke egiten. Yankiak ez dira mundu osoaren aurrean kriminal bihozgabe bezala geratzea onartzeko prest egongo soilik Israel estatu adiskide dutelako. Mesfidatienek gogoan dute Gazako lurren eta bere itsas azpian petrolio eta gas poltsa handi bat azaldu dela eta hor zain dagoela nork ustiatuko. Palestinak saiakera egin zuen baina, nola ez, Israelek ukatu egin zion baimena. Ekialde Hurbileko “estatu demokratenak” berarentzat nahi duela adieraziz.
NBEren eraginkortasunik eza
Palestinak oihu ozena egin dio mundu osoari. Oraintxe itxita dauden -Gazako guztiak- ospitaleetako medikuek aldarri ezin saminagoa zuzendu digute hango berriak jaso eta urrikaltzeko gaitasuna dugun guztioi: “geldi ezazue sarraski hau”. Baina mundua geldirik geratu da. Hitz dotoreak jaso dituzte Gazan, baina horiekin ezin da bizirik atera hondamendi horretatik. Elkartasuna jaso dute, bai, baina deus gutxi egin dezaketen milioika herritarren aldetik, mobilizazio jendetsuak egin baitira planeta osoan barrena. Baina zerbait operatiboa egin dezaketenek ez dute urrats eraginkorrik eman. Arabiarrek izan beharko lukete lehenak elkartasuna aktibatzen … baina Yemen eta Libanotik bakarrik jaso dute laguntza. Gutxi behar eta merezi dutenerako.
Urriaren 27an NBEra arabiarren proposamen bat iritsi zen, zeinetan Israeli “berehalako sueten iraunkorra” exijitzen zitzaion, eta 120 estatuk eman zioten babesa proposamenari. Aurka 14k soilik. Eta? Israelek ordura arte bezala jarraitu duenez, deus eraginkorrik ez dela egin ondorioztatu beharko dugu. Palestinarrek egunero ehunka jarraitzen dute hiltzen eta Israelek ehunka bonba botatzen. Zer demontre gertatzen da planeta honetan gehiengo garbiak ezin duela adostutakoa betearazi? Zein da gaur egun NBEren funtsa? Ba al du zentzurik akordioak betearazi ez dezakeen halako instituzio erraldoiak? Eskandalua biribiltzeko, bi aste beranduago, azaroaren 2an, Kuba azken 61 urtetan jasaten ari den blokeoa bertan behera uztea proposatzen zuen bozketa egin zen eta aldeko botoak 187 izan ziren, aurkakoak bi (AEB eta Israel) eta abstentzio bakarra (Ukraina). Bozketa hori irabazten den enegarren aldia da. Ikusi al dituzue kubatarrak blokeoaren amaiera ospatzen? Nik ere ez.
Yankiei ezartzen dituzten zigorren aurrean beldurra izatea ulergarria da txiroen kasuan. Baina aberatsak eta indartsuak diren estatuak zertan ari dira? Zer egiteko asmo dute Saudi Arabia, Egipto, Qatar, Emirerri Batuek … eta gainerako estatu arabiarrek? Eta zer gehiengo musulmana duten Pakistan, Indonesia, Maroko, Aljeria … eta enparauek? Erantzun militarrik izan gabe hainbat aukera dago. Israelekin harreman diplomatikoak etetea hain zaila al da? Areago eta eraginkorrago oraindik, merkataritza-harremanak gelditzea zerbait utopikoa al da? Errusiari jarri zaizkion zigorren modukoak zergatik ez Israeli? Edo apartheidaren garaian Hegoafrikari NBEtik bota ondoren mundu mailan egin zitzaion bizkar ematea bezalako zerbait? Apartheidarekin amaitzea ekarri baitzuen jarrera horrek.
Palestinako estatua
Palestina bere estatu propioaren zain dago. Emanen zitzaiola agindu zion NBEak duela 75 urte. Orain Mendebaldetik gero eta gehiago entzuten da "bi estatuen" soluzioa, baina inor gutxik sinesten du Palestinan -gazteen artean bereziki- horren praktikotasunean. Palestinari bere estatua zor zaio. Eta munduan barna zabalduta bizi diren errefuxiatu palestinar guztiek beren lurretara itzultzeko duten eskubidea aitortu behar zaiela ahaztu gabe. Musulmanak, judutarrak, kristauak, agnostikoak, ateoak... denak batera estatu laiko bakar batean. Konponketaren bat bilatzeko nazioarteko lehen bilerak hasten direnean, aukera hau ere mahai gainean eduki dezatela ziurtatu beharra da. Gainerakoan, oker hasiko gara.
Desdolarizazioa eta sistema kapitalistaren egungo ereduaren krisia direla eta, AEBen aspaldiko urteetako hegemonia ahulduz doa. Aurre egiteko 2006an BRICS elkargunea sortu zen -hasieran BRIC bakarrik bazen ere-. Azken urtean, bereziki Errusiak “operazio militar berezia” abian jarri zuenetik indar izugarria hartu du, kontinente guztietako estatu asko bertan sarrera eskatzen ari delarik. AEBekin harremanak nahi dituzten estatuak gero eta gutxiago dira. Txina eta Errusiak askoz ere konfiantza handiagoa sortzen dute, errespetuzko harremanetan oinarritzen dituztelako hitzarmenak. Agian elkargune honetan oinarri dezakete palestinarrek beren itxaropena.
joan mari beloki kortexarena
2023-11-22an idatzia
2023-11-30ean moldatua
Iruzkinak
Utzi iruzkina: