Pablo Gonzalezen adierazpenak

belokijmari@gmail.com 1700442561683 EUSKAL HERRITIK | 2025-06-04 15:37

belokijmari@gmail.com 1749045285262

Pablo, Pavel, preso eduki dute Polonian 2022ko otsailaren 27tik  2024ko abuztuaren 1eraino. 900 egun, berak dioen bezala, “muturreko kezka” sortu beharko liguketen baldintzatan. Bideo honetan Pedro Baños “Koronelak” berriki egin dion elkarrizketa entzuteko aukera dugu. Gauza interesgarri asko esan du eta horietatik batzuk ekarri ditugu hona, bere esperientzia ezagutzea denontzat aberasgarria delakoan. Pablo Errusiatik mintzatu da. Behean irakurriko duzuen guztia Pavelek esana da.

Kartzelako egonaldia

Europar Batasunean giza eskubideen inguruan gertatzen dena oso kezkagarria da. Moral bikoitza erabiltzen da, eta horren eraginez kartzelan ezartzen den segurtasun handieneko neurriak pertsonak apurtzeko aplikatzen dira. Poloniako behin-behineko espetxealdiak 12 urte arte irauten du. Suizidioak, autolesioak, heriotzak… bata bestearen atzetik gertatzen dira. Politikari batzuk atxilotzera joan dira, eta bere buruaz beste egin dute, zer gertatuko zaien ongi dakitelako. Suntsitu egiten zaituzte. Adibidez, amak eta seme-alaba txikiak sistematikoki bereizten dituzte, hilabete gutxiko haurtxoak izan arren. Duintasuna ezabatzen dizute.

Niri dagokidanez, hiru aste behar izan zituzten dutxatzen uzteko, eta bi hilabete betaurrekoak emateko. Guantanamoko arroparekin ibili nintzen denbora guztian. Bi urte eta erdiak arropa gorriarekin eman nituen, garbigailurik gabe. Inoiz ezin izan nuen nire seme-alaba txikiekin telefonoz hitz egin. Zaharrena, 17 urtekoa, behin ikusi ahal izan nuen. Hiru familia bisita izan nituen denbora guztian. Lehen hiru hilabeteetara kondenatua izateko lehen bista abokaturik gabe egin behar izan nuen, defentsa legalik gabe. 9 hilabete igaro ziren nire konfiantzazko abokatuarekin lehen kontaktua izan nuen arte. Telefono deiak 10-11 hilabete igaro arte ezin izan nituen egin.

Ezin dut ezer esan, ezta nire burua defendatu ere, sumarioaren sekretua urratzea leporatu diezadaketelako. Poloniako hedabideetan argitaratuta dagoena baino ezin dut esan, Errusiako Federazioaren propaganda ofiziala zabaltzen duen eragin-agentea naizela leporatzen didate eta.

Kanpoko munduarekiko komunikazioa gutunak ziren. Bi hilabete behar zituzten etxera iristeko, eta bospasei hilabete igarotzen ziren erantzuna jasotzen nuenerako. Bidali zizkidaten gutunen erdia edo herena besterik ez nuen jaso izan. Bidali zizkidaten 50 liburuetatik 15 inguru bakarrik iritsi izan ziren nire eskuetara.

Kontsularekiko tratua egokia izan zen. Familiaren mezuren bat ekartzen zidan eta futbolaz hitz egiten genuen. Zertaz bestela? Maila estrategikoan, ez zuten ezer egin, ez zuten ezer lagundu, nik abokatua eskura izan nezan, adibidez. Egin zituzten gestioez ere gezurra esan zuen ministroak. Azkenean esan nien ez etortzeko gehiago, ministerioak dominak jartzeko baino ez baitzuen balio. Hitz onak Eusko Jaurlaritzari buruz bakarrik esan ditzaket, eskerrik asko handi bat.

Egunean ordubete izaten nuen patioan. Bere neurriak 6,5 m x 3,5 m-koak ziren. Aulki txiki bat besterik ez zegoen, gimnasia egiteko balio zidana. Ziegan ere ariketa fisikoa egiten nuen. Zerua gauez ikustearen hutsunea nabaritu nuen. Bi urte eta erdian ezin izan nuen ikusi eta horrek asko jotzen du buruan.

Ukrainar, bielorrusiar eta beste herrialde batzuetako preso pila dago baldintza beldurgarrietan, eta torturatu egiten dituzte. Nirea batez ere tortura psikologikoa izan zen, kasu batzuetan fisikoa baino okerragoa ere badena. Errusiar nazionalitatea ere badudalako atera naute espetxetik, Errusiak bere herritarrak zaintzen eta laguntzen saiatzen baita.

Maidan

Maidan guztiz artifiziala izan zen. Ez zen iraultza izan, sistema oligarkikoak ez baitzuen ezer aldatu. Protesta egiteko gogoa zegoen, jendea nazkatuta zegoelako oligarkekin, dena kontrolatzen zutelako eta bizitzen uzten ez zutelako. Ustelkeriaren ideia bat egiteko, 10.000 pertsona desagertzen ziren urtero. Ukraina haragia ateratzeko lurraldea zen, prostituzio edo organo moduan, gehienak emakumeak eta haurrak.

Baitutako haurren akusazioek ez dute zentzurik. Gerraren arriskuetatik libratzeko eraman dituzte Errusiara. Sobiet Batasunak nire aitonarekin 1937an egin zuen bezala. Hori praktika humanitarioa da. Dagoeneko ia denak gurasoei edo tutoreei itzulita daude. Eta oraindik ere gehiago itzultzen ari dira. Dena dokumentatuta dago.

Donbassek errusierarako autonomia eta estatus jakin bat baino ez zuen eskatzen. Errusiak 8 urte itxaron zuen Minskeko akordioak betetzeko zain. Ez dakit munduan nork duen hainbesteko pazientzia. Ukrainako armadak, Donbass zanpatzeko asmoz, muga 2022ko udaberrian ixtea aurreikusita zuelako sartu zen Errusia Ukrainan. NATOren laguntzarekin genozidio bat egiteko asmo zuten. Dagoeneko, egin daitekeen gauza bakarra indarrez jokatzea dela konturatu da Errusia. Besteek egiten duten bezala. Oso pentsatutako eta heldutako erabakiak dira.

Sentibera naiz herrialde baten iragan historikoarekiko. Hala naiz, nire birraitona gorria izateagatik preso egon zelako Espainian, nire aitona bere anai-arrebek atera behar izan zutelako bere herrialdetik, nire birramona gosez hil zelako Leningradeko setioan eta nire amona oso egoera txarrean atera behar izan zutelako hiritik 1942an.

Ukrainan 9 milioi pertsona inguruk parte hartu zuten sobietar armadaren eta partisanoen artean. Nazien bandoan 200.000 inguru. Hauek ideologia bat inposatzen ari dira gaur egun eta hori faxismoa da. Eta erreakzioa eragin du.

Volodimir Zelenski

Zelenski umorista eta gidoilari gisa saiatu zen karrera egiten Errusian. Bere ama hizkuntza errusiera izateak lagundu egiten zion. Inoiz ez zen Errusiako goi mailara iritsi. Ukrainan bai, top zen. Behin boterera iritsita, Zelenski oso pertsona mendekuzalea izan zen eta bere kide izandako jende asko zigortu zuen, baita lotarako bere etxean hartu zutenak ere.

Zelenski historikoki oso figura tristea bilakatu da. Agindu zituenetatik egin dituenetara distantzia izugarria da. Gainera, ia alderdi politiko guztiak debekatu ditu. Ez ditu hauteskundeak deitu; beraz, presidente ez-legitimoa da.

Gaur egun Zelenskik ez du agintzen. Ultranazionalisten aginduak betetzera mugatzen da. Bestela, bera eta bere senide guztiak hiltzearekin mehatxatuko lukete. Ez du autonomiarik. Botereari eutsi besterik ez du egiten. Mesias sentitzen da, herrialde ugaritako parlamentuetan ongietorria egin diotelako, hitz egiten utzi diotelako eta txalotu egin dutelako.

Errusiar Federazioa

Hasieran errusiarrak ez zuen oso ondo ulertu gertatzen ari zena. Orain ulertzen du eta ikusten du, gainera, bizi mailak ez duela behera egin; aitzitik, alderdi batzuetan hobetzen ari dela baizik. Kapitala ez da atzerrira joaten, herrialdean geratzen da, eta horrek herrialdea aberatsago egin du. Lehen lerroko borrokalariak 2.000 €-tik gora kobratzen du. Gatazka ez da zama herrialdearentzat, berarekin bizi daiteke.

Europa inbaditu? Errusian inork ez du ezer inbaditzeko gogorik. Historikoki, herria mobilizatu egin daiteke bere burua defendatzeko eta kontraerasoa egiteko. Errusiarrek alemaniarrak ere ez dituzte etsaitzat hartzen.

North Stream hondatuta, EBk tiro bat jo du hankan. AEBek urteak zeramatzaten Lisboatik Vladivostokeraino espazio bakarra apurtzeko gogoz, eta lortu egin dute. Espazio hori oso aberasgarria izango litzateke europar guztiontzat. Europak energia Errusiari erosten jarraitzen du, baina Turkia, India eta abarren bidez eta askoz garestiago ordainduta.

Nire etorkizuna

Abokatuen esku dago. Poloniako hauteskundeak nork irabazten dituen ere eragina izanen du. Oraindik sendabidean naiz, nire osasun fisiko eta mentalak oraindik ondorioak jasaten ari baitira. Nire lanbidera itzuli nahi dut; beraz, hemendik gutxira Youtuben, sare sozialetan eta aldizkako kolaborazioetan zerbait egitea espero dut. Irakaskuntzan eta idazten ere aritu nahiko nuke. Eskaintza dezente ditut. Kazetarien eta politologoen formakuntzan ere inplikatu nahi nuke.

Baina lehenengo sendatzea da, biriketan fibrosia eta orbainak baititut. Horietako batean %40 galdu dut. Egunero bideo dei bat egiten dut etxekoekin. Bizitzaz gozatzen saiatzen ari naiz. Besteak beste zortzi ordu lo eginez, hasieran lo gutxi egiten bainuen. Askatasuna laster galtzen da, baina asko kostatzen da %100ean berreskuratzen.

https://www.youtube.com/live/0Lo6f5hal04

joan mari beloki kortexarena

2025-06-04

 


Utzi iruzkina: