Ormuz
AEBek eta Israelek Irani eraso egin ziotenetik, “Ormuz” izena behin eta berriz entzuten eta irakurtzen ari gara egunero albistegi guztietan. Pertsia eta Omango golkoak banantzen dituen itsasartea da eta bertatik igaro izan da gerra hau hasi arte munduan garraiatzen den petrolioaren %20a. Baina orain “itxita” dago. Hortaz gain, dirudienez, Trumpek bertatik lurreko erasoa egiteko agindua ematekotan da. Alastair Crooke eta Chas Freeman-en hitzak ekarri ditugu hobeki ulertzeko Ormuzko Itsasarte honek nola baldintza lezakeen munduko ekonomia eta lurreko erasoa egin litekeen zerbait den ala ez.
Irandarrak AEB eskualdetik ateratzea ekarriko lukeen aldaketa paradigmatiko oso batean pentsatzen ari dira. Ondorioz, Golkoko estatuek Iranekin tratua egin beharko lukete, Iran izanen baita Ormuzko itsasartean segurtasuna eta pasabidea bermatzeko gai izanen den bakarra. Petrodolarraren amaiera eraginen du, Ormuztik pasatzen den edozein kargamentu yuanetan ordaindu behar izaten delako, ez dolarretan. Horrek esan nahi du, funtsean, petrodolarraren eta dolar estatubatuarraren hegemoniaren amaiera.
Irandarrek Ormuz kontrolpean dute. Munduko petrolioaren %20az gain, beste gauza garrantzitsu batzuk ere pasatzen dira: azido sulfurikoa, helioa, ongarriak... Elementu horiek guztiak hil ala bizikoak dira Mendebaldearentzat. Eta adituek diotenez, Ormuz beste hiru astez itxita geratzen bada, hondamendia izanen da Mendebaldeko ekonomiarentzat. Iranek petrolioaren prezioa eta Ormuztik eta Itsaso Gorritik pasako den energia kopurua ere kontrolatuko ditu.
Arazoa ez da epe laburrean konponduko, denbora asko hartuko baitu dena normaltasunera bueltatzeko. Baita bizpahiru aste barru irekiko balitz ere. Ez dut uste Mendebaldean ulertu denik zein larria izan daitekeen berarentzako kaltea eta, bereziki, Asian AEBen aliatuak diren Japonia, Hego Korea eta beste herrialde batzuentzakoa.
Une honetan, Iran pasatzen uzten ari zaie kargamentua yuanetan erosi dutenei. Japonia negoziatzen ari da. Pakistanek eta Indiak kargamentuak igaro ahal izan dituzte. “Negoziazioak izan ala ez, Ormuzko Itsasarteko egoera ez da berriro lehengoa bezalakoa izanen” da IRGC-en (Guardia Iraultzaile Islamikoaren) bozeramaileak uzten ari diren mezua.
Badirudi AEB irekiera behartzeko moduren bat aurkitu nahian ari direla, bitarteko militarrekin edo negoziazioren bidez. Baina ez dut uste aukera horiek politikoki posible direnik, Iranek eskualdetik joan daitezen nahi baitu. Petrodolarraren sistema amaitzen bada, aldaketa izugarriak gertatuko dira eskualdearen egitura osoan, eta horrek esan nahiko du eskualdeko estatuek erabaki zail bati aurre egin beharko diotela: Iranekin akordio batera iritsi ala petrolioa eta beste produktuak Ormuzen bidez esportatu eta elikagairik inportatu ezinean geratu.
Horrek erabat aldatuko ditu jokoaren arauak eskualdean. Arazoa beste hiru astez luzatzen bada, 70eko hamarkadaren aurretik mundua zenera itzultzea bezala izanen da. Horren aurretik, Iran potentzia garrantzitsua zen eskualdean. Baina 70eko hamarkadan, AEBek eskualdeko emir eta monarka sunitak euren ordezkari bihurtzea erabaki zuten, Israelekin batera noski, Iran ahultzeko asmoz.
Iran 2003tik aritu da egun garatzen ari den plangintza prestatzen. Trumpek eta Israelek deklaratutako gerrak bidea ireki dio eskualdeko gailur politikora itzultzeko plana gauzatzeko. Iran berriz ere potentzia nagusi gisa azaltzen ari da eta erregeak eta eskualdeko emirrak, menpeko.
Lurreko erasoa
Iturri batzuen arabera estatubatuarrak, Irani gaitasun hori kentzen saiatzeko asmoz, bertan zerbait egiteko zorian egon litezke. Baina, lurrez nonbait sartuz gero, horrek behartuko ote du Iran itsasartea irekitzera AEBek ezarritako baldintzetan? Segur aski, hondamendi izugarria izanen da AEBentzat. Ormuzko geografia oso gogorra eta gupidagabea da. Ormuz lur eremu beldurgarria da 2.000 km-ko mugan zehar. Mendiak daude atzean eta itsaslabarrak aurrean. Eta itsaslabar horiek itsasontzien aurkako misilez josita daude. Mendietan artilleria daukate. Gainera, abiadura handiko droneak, drone urperagarriak, txalupa azkarraren erako droneak, drone tripulatuak eta, gainera, Ormuzen barruan lan egin dezaketen 25 edo gehiago itsaspeko txiki.
Iranentzat defendatzeko oso erraza den eremua da. 2.500 marinek kilometroko gizon bat suposatzen dute. Ez dute blindaje astunik, ez dute arma astunik, soinean daramaten janaria baino ez daramate. Nondik hornituko dituzu? Gainera, Iranek argi utzi du, Ormuzen uharteak hartzeko saiakerarik badago, gainontzeko azpiegiturari eraso eginen diela Golkoan, bereziki Irani gerra deklaratu dioten Arabiar Emirerri Batuei.
Pentagonoan ez da benetan ulertzen gertatzen ari den hau guztia. Aireko nagusitasuna dutela errepikatzea ez da egia. Gurutzaldi-misilik gabe geratzen ari dira. Agian beste 10 egunetarako izan dezakete. Gero, akabo. Iranek milioi bat gizonek osatutako armada du. Eta hori ez da milizia; honek beste milioi bat gizon-emakume dauka. Horri 2.500 marinerekin aurre egitea, arazoak bilatzea da.
Ezin zara sartu Witkoff bezala esanez, "Aukera hau aprobetxatzen ez baduzue, gainditu eginen zaituztegu. Hauxe duzue azken aukera. Eseri eta 15 puntuak onartu behar dituzue”. Irandarrei ez zaizkie 15 puntu horiek interesatzen. Hau eurentzat gerra existentziala da, eta beren helburuak lortu arte luzatuko dute. Ormuz beren diru-iturri nagusia bihurtzea izanen da garaipenaren osagarri bat. Urtean 800.000 milioi jasotzea espero dute modu horretan. Han operatzen duten ontzi guztiek ordainduko dute, dagoeneko ordaintzen ari diren bezala. Eta ordainketan dolarra saihestuz.
ALASTAIR CROOKE: https://www.youtube.com/watch?v=JJG8yWJmcF4
Irandarrek oso modu egokian egiten dute diplomazia. Berriki, Donald Trumpi aukera eman diote garaipena aldarrikatu eta Ormuzko itsasartea irekitzean alde egiteko. Modu horretan Ormuzko itsasartearen epe luzeko kudeaketa eztabaidatzeko prozesu bati atea zabal ziezaioketen. Iranen asmoak kontutan hartu behar dira. Nahiz eta aurreko erregimena nahiago izan. AEBek erregimen hori baztertu egin dute, eta orain Iranek ere bai. Iranek atea erdi irekita utzi zuen eta Donald Trumpen erantzuna erabat irrazionala izan da. Atea itxi, kisketa bota eta kandadua erantsi dio. Horrek munduko ekonomia guztien gaineko presioa maximizatzen du. Funtsean, ekonomia globala atzeraldi batera bultzatuko du. Ohiko duenez, harrokeriaz eta errealitatetik guztiz deskonektatuak diren adierazpenez heldu dio auzi honi guztiari.
Donald Trump arrisku politiko izugarria hartzen ari da, bai barne mailan, bai nazioartean. Bakarrik interes estatubatuarrak bilatu izan balitu, itsasartea irekitzea onartu eta bake prozesu baten antzeko zerbait hasteko aitzakia gisa erabiliko zukeen. Baina ez du aukera hau aprobetxatu.
Ormuzko Itsasarteari buruzko bilera serio bat egiten denean, Iranekin adostutako nazioarteko erregimenen bat ezarri beharko da. Itsasartearen kudeaketan Iranek duen papera aitortuko duena, batetik, eta adostutako arauek botere gehiegikeria saihesteko mekanismo erregulatzaile bat ezarriko duena, bestetik.
Iranek arrazoi du AEB burutzen ari den Ormuzko Itsasartearen aurkako blokeoa su-eten akordioaren urraketa dela adieraztean. Gerra-ekintza da eta, beraz, legez kanpokoa.
CHAS FREEMAN: https://www.youtube.com/watch?v=kIYsuCg3W5w
joan mari beloki kortexarena
2026-04-20

Iruzkinak
Utzi iruzkina: