Nuklearrik bai?

Nuklearrik bai? EUSKAL HERRITIK | 2026-08-25 18:29

Nuklearrik bai?

Glenn Diesen eta Seyed Marandi bonba nuklearren balizko ekoizpenaz eta erabileraz mintzatu dira, besteak beste, gaurkoan. Irango gerrak mundu osoan bonba nuklearren inguruko iritzia aldarazten ari ote den aztertu dute.

Glenn Diesen: nigan dagoen baikorrak esanen luke gerra honen helburua arma nuklearren ugalketa eragoztea zela baieztatuta, Trumpek garaile deklaratu eta etxera joan daitekeela. Nigan dagoen ezkorrak kezka handiagoa du. Arma nuklear taktikoak erabiltzeko aukera baterako lurra prestatzen ari dela esanen nuke. Dirudienez, asko hitz egin da horri buruz Washingtonen, ea horrek eskaladaren hurrengo maila izan beharko lukeen, alegia.

Seyed Marandi: hau ikusteko hirugarren modu bat ere badagoela uste dut: gerrak porrot egin du, baina helburua Iranek arma nuklearrak ez eskuratzea zenez, «Egia esan, nik irabazi nuen gerra» esan ahal izanen du. Horrek ez du esan nahi aipatu dituzun bi egoeretako batetik edo bestetik bereizita dagoenik. Bietako edozeinekin bateratu liteke. Hau esan eta irteera gisa erabil lezake, baina baita esan eta irteera gisa ez erabili ere, umiliagarriegia izanen litzatekeelakoan. Eta arma nuklearrak erabiltzeari buruzko elkarrizketek jarraitu egin lezakete.

Iranen inoiz ez da arma nuklearren programarik izan. AEBetako gobernuak eta inteligentzia-agentziek onartu dute Iranek, 2003tik aurrera, arma nuklearrak lortzeko lan egiteari utzi ziola. Baina errealitatea da Iranek 2003a baino lehen ere ez zela inoiz arma nuklearrik fabrikatzen aritu.

Nolanahi ere, 2015ean akordio nuklearra sinatu ondoren, Iranek historiako ikuskapen zorrotzenak onartu zituen. Eta urte haietan Iranen egindako ikuskapenen kopurua munduko gainerako herrialdeetan egindako guztiena baino handiagoa izan zen, batera hartuta. Inoiz ez zuten aurkitu Iran arma nuklearren programa bat garatzen ari zenaren frogarik.

Gaur egun, agian batzuek galdetuko dute zergatik aberastu zuen Iranek uranioa %60raino?. Horrek Trumpen garaira garamatza, hark zigorrak berritu zituenean. Iranek akordioaren bere zatia betetzen jarraitu zuen bi urtez, besterik gabe europarrak negoziazio-mahaira itzul zitezen behartzeko. Ez zuten lortu, eta, ondoren, Iranek programa berriro aktibatu zuen. Pixkanaka, Mendebaldeak akordioaren bere zatia betetzeko aurrera egiten ez zuela ikusita, Iranek uranioa gero eta maila handiagotan aberastu zuen, azkenean %60ra iritsi arte. Hori legezkoa da. Mendebaldeari presioa egiteko egin zuen.

AEBek edo Israelgo erregimenak bezalako erakunde batek arma nuklear taktiko bakar bat ere erabiltzea serio planteatuko balu, horrek, zalantzarik gabe, herrialde asko bultzatuko luke arma nuklearrak garatzera. Mugarri historikoa izanen litzateke. Eta oso argi esateko, Iran ere horien artean sartuko litzateke. Izan ere, bart, Mohsen Rezaí Segurtasun Nazionaleko Kontseilu Goreneko presidenteak —gaur egun Iranen oso pertsona garrantzitsua denak— esan zuen AEBek Iranen aurka izandako jokabideak mundu osoan herrialdeek arma nuklearrak garatzeko pizgarriak sortu dituela. Horrek esan nahi du pizgarri hori Irango adituen artean ere sortu dela.

Estatuaren jarrera ofiziala beti izan da arma nuklearrik ez edukitzea. Gerra baino lehen, irandarren artean, arma nuklearrak izatearen alde eta aurka zeudenak nahiko parekatuta zeuden kopuruz. 12 eguneko gerraren ondoren, egoera erabat irauli zen. Herritar arrunten gehiengo esanguratsu bat ez dago ados estatuak hartutako jarrerarekin, eta arma nuklearrak izan beharko genituzkeela uste du.

Prozesu hori hasten denean, ez dago atzera bueltarik. Horrek esan nahi du munduan, baita gure eskualdean ere, 30-40 herrialdek arma nuklearrak izan ditzaketela. Imajinatu zein erraz eragin lezakeen horrek mundu osoaren suntsipena.

Glenn Diesen: Ipar Korea edo Pakistan bezalako herrialdeak, programa nuklear sekretuak zituztenak, gaur egun seguru daude arma nuklearrak dituztelako. Libia eta Irak bezalako herrialdeek, berriz, arma nuklearren programak bertan behera utzi zituzten, eta suntsituak izan dira. Ezarritako pizgarrien sistema aztertzen badugu, nahiko arriskutsua da. Baina Iranen aurkako gerrak logika hori indartu du. Helburua arma nuklearrak ezabatzea bada, zentzugabea da herrialde bati bonbardatzea disuasio-tresna bat lortu ez dezan.

https://www.youtube.com/watch?v=aLRiUVgrPPI

joan mari beloki kortexarena

2026-08-25


Utzi iruzkina: