Nork akabatu du ezkerra?

Paco Arnauk Interneteko gune askotan analista politiko bezala dihardu. Gaurko bideoan berriki egin dioten ordu beteko elkarrizketa ikus dezakegu. Gako garrantzitsuak eskaintzen dizkigu Europa osoan ezkerrak dituen arazoak ulertzeko.
Gaur egun gehien kezkatzen nauena kapitalismo globalaren bilakaera da. Behin betiko krisian sartu da. Txinak pikutara bidali du XXI. menderako inperialismoak zuen proiektua, globalizazio kapitalista deitzen zena. Eta agerikoak dira Txinako gobernuaren politiken ondorioak. Laburbilduta, kapital-metaketa handia eta industria -oraintxe bertan munduaren fabrika da-, nazioarteko merkataritzan hegemonikoa, AEB argi eta garbi gainditu dituelarik. Txinan biztanleen bizi-maila igotzen ari da. 800 milioi lagun atera dute pobreziatik. Duela hamarkada batzuk arte, Txina hirugarren mundua esaten zeneko herrialdea zen eta, orain, gizarte sozialista garatu bat eraikitzen ari da. Txinako hirien irudiak ikusten ditugunean eta Espainiakoekin alderatzen ditugunean, gure zerbitzu publikoak nola ari diren degradatzen ikusten dugu. Zein da auziaren mamia? Txinan aberastasuna banatu egiten dela, Mendebaldean aberastasuna gero eta esku gutxiagotan kontzentratzen den bitartean. Horrek pobrezia-indizeen igoera kezkagarria dakar.
Komunikabideek gehiengoaren errealitate sozialarekin bat ez datorren errealitatea erakusten dute. Azken urteetan sustatzen joan diren gutxiengoetan jartzen dute azpimarra eta gehiengo soziala den langile klasearen arazoak ahazten dituzte. Oraindik bada Espainian ezkerreko gobernu bat dagoela uste duen jendea. Ezkerreko gobernu bat balego, ez litzateke egiten ari den politika neoliberalak gauzatzen ariko, eta ez lituzke langileak egurtuko greba egiten dutenean. Ezker honek lehenetsi egiten ditu identitate arazoak, langile klase osoa hartzen duten benetako arazoen aurretik. Ezkerra deitzeari uko eginen nioke. Ezkerra gehiengo soziala batzeko jaio zen, gehiengoaren interesak eta eskubideak defendatzeko. Neoliberalismo sasiprogresistak, aldiz, gutxiengoen defentsarako politikak lehenesten ditu gehiengoa zatitzeko. Zentzugabea da ezkerraren-aurkakoei ezkerra deitzen jarraitzea. Ezkerra suntsitu dutenak dira ezkerraren etsai nagusiak. Eta nork suntsitu du zegoen ezker antolatua, bere ahulezia eta akats guztiekin? Ba, orain neoliberalismo sasiprogresista osatzen duten PSOE eta bere bazkideak izan dira, inola ezkerrekotzat har ez daitekeen AEBetako alderdi demokrataren sukurtsal bihurtu direnak. Ezkerra suntsitu dutenei ezkerra deitzen jarraitzen den bitartean, bideraezina da ezkerraren berreraikitze prozesua.
Oinarri sozialik ez duen produktu mediatikoa den Sumar alderdiak eta inbestidurako bere bazkideek, EAJ eskuina, Junts, Podemos, EHBildu, Esquerra eta abarrek, Sanchez babesten jarraitzen dute. Gaiaren mamia da Sanchezek botere ekonomikoen babesa duela. Nork garatuko du etekinen errekorrak ziurtatuko dituen politika neoliberala, pobreziak gora egiten jarraitzen duen eta soldatek erorketa historikoak jasaten dituzten bitartean, aldi berean kalean mobilizaziorik ez dagoen bitartean? Hori Sanchezek ziurtatzen du, PPk ezin du. Beraz, botere ekonomikoei, bankuei eta CEOEri, Sanchezek jarrai dezan interesatzen zaio. Sanchezek ez du dimisioa aurkeztuko, botere ekonomikoen eta botere faktikoen babesa duelako.
Zer daki Marokok Sanchezi buruz Espainiak 180º-ko bira eman dezan Sahararako politikan eta Marokoren interesen defentsa bere gain har dezan? Kasualitatea al da erabaki politiko hori hartzearekin batera Sánchez presidentearen telefonoa kontrolatuta zegoela komunikabideetan zabaltzea? PSOE marokoarren aldeko lobbyrik handiena bilakatu da oraintxe bertan Espainian.
Maila globalean, neoliberalismo sasiprogresista neoliberalismo kontserbadore bihurtzen ari da. Mendebaldeko populazioaren sektore zabalak nazkatuta daude wokismoarekin. Aniztasunaren gaian eta abarretan doktrina ezartzeak, deuseztatzearen/kantzelazioaren kulturarekin batera, kontrako erreakzioa eragin du, batez ere belaunaldi gazteetan. Wokismoa mendebaldeko ezkerra desegiteko estrategian kokatzen den zerbait da. Eta wokismoa amortizatuta dago, dagoeneko mendebaldeko ezkerra suntsitzeko funtzioa ongi bete duelako.
Ezkerrak desbideraketak beti izan ditu. Eskuinetik sozialdemokrazia, eta ezkerretik trotskismoa. Hori izan zen Mendebaldean ezkerra krisian sartzeko lehen urratsa. Trotskismoak eragin handia izan zuen, besteak beste AEBetatik alderdi komunisten edo ezker tradizionalaren aurkako bultzada izan zuelako. Sozialdemokrazia, berriz, neoliberalismoaren bandera bilakatu da herrialde askotan.
Gero ekokapitalismoa iritsi zen, woke doktrina horren parte ere badena. Ekokapitalismoak neoliberalismoari koartada handia eman izan dio murrizketa sozialak justifikatzeko. Planeta salbatzen ari omen zen. Ez da planeta salbatzen ari, agintzen dutenen irabazi-tasa ari da salbatzen. Orain berdez jantzi da, gainera.
Gero, wokismo horren barruan, aniztasunaren eta transgenerismoaren teoriak ere iritsi ziren. Ezkerra batasunerako eta gehiengoaren eskubideetarako sortu zen. Baina aniztasunaren teoriek gutxiengoak hartzen dituzte aintzat, gehiengoaren eskubideak ahaztuta. Urteak dira ezkerra zatitzeko eta desegiteko faktore nagusia izaten ari dela. Baina hori guztia amortizatuta dago. Zergatik? Dagoeneko Mendebaldean ezkerra deseginda dagoelako. Kuba, Nikaragua eta Venezuela dira salbuespenak. Gizartean kontrako erreakzioa sortzen ari da, balio tradizionaletara itzultzeko erreakzio neokontserbadore moduko bat dena.
Espainiak NATOtik atera egin beharko luke. Alternatiba BRICS da. BRICS herrialdeak G7 baino bloke garrantzitsuagoak dira orain. Baina Espainian ez dago hori planteatzen duen benetako ezkerrik. Sistemako alderdiek, eskuinekoek zein ezkerrekoek, proiektu bera defendatzen dute, NATOrena. Oso zaila izanen da, benetako ezker politiko eta sindikalik gabe, atzerri politikan eta politika ekonomikoan norabidea aldatzea. Egunotan, Txinako Alderdi Komunista sortu zeneko 104. urteurrena ospatzen ari dira. 1921.ean sortu zen Shanghain, 60 militante zituela. Orain 100 milioi kide ditu, superpotentzia bat zuzentzen du eta munduko indar politiko garrantzitsuena da. Baina ezkerra berreraikitzen hasteko borondate politikoa behar da eta, ezkerra suntsitu dutenak ezkertiartzat hartzen jarraitzen dugun bitartean, nekez lortuko da.
https://www.youtube.com/watch?v=CSGD79EqJ4c&ab_channel=LaHoradePadri
joan mari beloki kortexarena
2025-07-09
Iruzkinak
Utzi iruzkina: