Nork agintzen du?

Brian Berletic "The New Atlas" (Atlas Berria) izeneko komunikabidea kudeatzen duen analista geopolitikoa da. Bereziki Eurasia jorratzen du, multipolaritatearen ikuspuntutik eta inperialismo yankiari aurka eginez. Munduan aginteak nola funtzionatzen duen azaltzen digu, geopolitikaren ikuspegitik.
NATOren politika ez da Trump presidentearen burutik ateratzen, ezta inguratzen duten neokontserbadore gudazaleengandik ere. Ez du axola errepublikanoa edo demokrata izatea, ez du axola senil dauden edo egiten dutenaren jakitun diren. Politika bakarra dago, korporazioek eta finantza-erakundeek sortutakoa. Planak idatziz jartzen dituzte, ia beti publikoak direnak, eta gero kapituluz kapitulu inplementatzen dira. Bush Jr.engandik hasita, presidente guztiek idatzita zeuden bezala bete dituzte jarraibide horiek. Egin behar denaren inguruan interes korporatibo eta finantzarioen arteko adostasunaren isla dira dokumentu horiek. Landutako dokumentuak lege proiektu bihurtzen dira eta Washingtonera eramaten dira politikoek onar ditzaten.
Jende asko harritu egiten da politikarien diskurtsoak sinetsita, errealitatean existitzen ez diren zatiketak ikusten dituztelako, distraitzeko eta banatzeko antzerkia baino ez direnak. 2022an “2025 Proiektua” izeneko dokumentua sortu zuten. Agiri horretan esaten da Europak bere BPGaren %5 NATOn, defentsan, gastatuko duela. Eta horixe da zehazki gertatzen ari dena. Pete Hegseth Defentsa idazkariak otsailean esan zion Europari Bruselan: "Errusiaren aurkako gerra honen ardura hartuko duzue, guk Txinarantz jiratu behar dugulako. Armak erosiko dizkiguzue AEB gainkargatuta daudelako. Ezin dugu dena bakarrik egin”. Hegseth argitzen ari zen aliatuek diru publikoa beren jendeari mesede egiten dioten programetatik desbideratzen hasteko beharra, beren proxy gerran inbertitzeko. AEB egiten ari diren bezala, beren herritarrei edozein bizimodu eta etorkizun duina ukatuz. Eta horixe eginen du Europak.
Zergatik egiten du Europak hori? Politikoki harrapatuta dagoelako, Ukraina politikoki harrapatu duten bezala. Interes ekonomiko handien bidez harrapatu dituzte instituzioak. Hainbat erakunderen bidez kontrolatzen dituzte, baita EB bera ere, burokraziaren manta bat dena, Europako nazioen gainera jaurtia, haien subiranotasun nazionala itoz. Eta nazio horiek guztiak beren interesen kontra ari dira jokatzen AEBen kanpo-politika errazteko. Eta ez bakarrik Europan, Ukrainari eta Errusiari dagokienez, baita gainerakoetan ere, Txinari, Irani, Afrikari eta Estatu Batuei interesatzen zaien guztiari dagokionez. Prezioa aliatuek ordaintzen dute.
Horrela funtzionatu du beti inperioak. Europarrak menpeko inperialak dira, morroiak. Eta kezkagarriena da dena azeleratzen ari dela eta denbora amaitzen ari zaiela. Multipolarismoa indartzen ikusten ari dira, Txina esponentzialki hazten, eta badakite bere buruari eutsi ahal izateko leihoa ixten ari dela. Behin ixten denean, atzeraezina izanen da. Horregatik ari dira hau guztia azkartzen. Berdin zaie funtzionatuko duen ala ez. Beste guztiek ordainduko dute prezioa. Haiek azkenak izanen dira ordaintzen.
Pertsona batzuek uste zuten Trump presidenteak NATO desegin eginen zuela edo bertan behera utzi. Hori antzerkia baino ez zen, jendea izutzeko eta NATOri babesa areagotzeko. Donald Trumpek antzerkia egiten du. Beti egin du. Horrelaxe egiten ditu negozioak. Zergatik aldatu behar zuen zerbait? Proposamen zentzugabea zen hasieratik. Horrela ez du funtzionatzen gobernuak AEBetan. Benetan dena aldatu nahiko balu ere, ez luke behar adina botere izanen ez Etxe Zurian ez Kongresuan. Ofizial egiteko gauzak sinatu besterik egiten ez duten pertsonak dira, eta jendeari saltzen dizkiotenak. Politikak korporazioek finkatzen dituzte.
Zerbait aldatu nahi duenak sistema alternatiboren bat sortu beharko du, ez sistema erreformatzen saiatu. Planeta osoak sortu behar du sistema alternatiboa, Estatu Batuak bazterrean utzita, besteekin ongi jokatzen ikasi arte. Hori da estatubatuarrek egin behar dutena, beren herrialdean benetan gauzak aldatu nahi badituzte. Munduko gainerakoek multipolarismoan inbertitzen jarraitu behar dute, eta horrek markatuko du aldea, eta dagoeneko ari da markatzen. Milioika pertsona ari dira dagoeneko horretan.
NATO Errusia inguratu eta geldiarazteko bizi da. Beti izan da Errusiaren lagunak diren nazioak deuseztatzeko bitartekoa. Orain Txinaren txanda da. Hori lehentasuna da NATOrentzat. Gogoratu behar dugu gatazka guztiak elkarri lotuta daudela. Ez da AEB Iranen aurka borrokatzen ari direla eta kasualitatez Ukrainan ere, eta kasualitatez Asia-Pazifikoan ere. Dokumentuetan hori guztia estrategia bakar baten parte da, haiek mundu mailan estatubatuarren lidergoa deitzen diotenari eusteko. Berez, mundu osoan izan duten nagusitasunari eusteko. Trumpen administrazioa aurreko administrazio guztiak bezala jokatzen ari da, baina testuinguru historiko ezberdinean.
Gatazkak aurrera jarraituko du Ukrainan. AEBek ez dute inoiz gelditzeko asmorik izan. Azken ukrainarra arte jarraituko dute, Washingtonek esan bezala. Ukrainako gatazkari ahalik eta denbora luzeenean eutsiko diote, horretarako gastu militarrera bideratuko den BPGaren %5 lortu dutelarik. Europarrek gatazka bere gain hartuko dute eta Errusiari ahalik eta kostu handiena eragiten saiatuko dira.
Behin Europak Ukrainan AEBen erreleboa bere gain hartuta, hauek zentratu ahal izanen dira Irango gobernua boteretik kentzen edo, gutxienez, herrialdea ahalik eta gehien suntsitzen, eta Asia-Pazifikoan Txinaren aurrean bere presentzia militarra indartzen. Lloyd Austin aurreko defentsa idazkariak hala iragarri zuen. Hori da plana eta hori eginen du Europak.
Bidenen lanari jarraipena ematen ari zaio Trump. New York Times egunkariak jakinarazi zuenez, 2014tik CIAk hartu zuen operazio guztien kontrola. Alemaniako base militar batean dauden jeneral estatubatuar batzuk ari dira Ukrainako armadaren aginte-kate osoa zuzentzen. AEBen gerra da hau, Ukrainaren bitartez gauzatua, Irangoa ere AEBena den bezalaxe Israelek bideratua. Era berean, AEBena izanen da Txinaren kontra Taiwanen bidez eginen dena.
Nork du benetan boterea? Dirua eta armak dira giza boterearen oinarria. Hortik dator boterea. Ez dator Etxe Zurian artifizialki beltzarandutako eraikuntzaren promotore baten eskutik.
AEB Ukrainako gerratik urruntzeko ilusioa zabaltzen saiatu ziren. Eta hori guztia negoziaketetan ari zirelako izan zen. Errusiari ziria sartzea espero zuten, su-etena lortzeko, gudu-zelaian zer gertatzen ari den ikusten baitute. Ukrainako armadak suntsitzen eta atzeratzen jarraitzen du etengabe. Eta horrela jarraitzen badu, Ukraina osoa kolapsatuko da. Orduan AEBek ezin izanen dute gerra erabili Errusiaren aurkako tresna gisa.
Gerra honetan Europak ez du ezer irabazten. Horretan ikusten da politikoki menperatuta dagoela. Egiten duen ezerk ez baitie mesederik egiten Europako herritarrei eta ez estatuei.
https://www.youtube.com/watch?v=MLXfxAjd6UQ&ab_channel=DannyHaiphongEspa%C3%B1ol
joan mari beloki kortexarena
2025-07-12
Iruzkinak
Utzi iruzkina: