Nora zoaz, Europa?

belokijmari@gmail.com 1700442561683 EUSKAL HERRITIK | 2025-05-29 02:06

belokijmari@gmail.com 1748479816631

“El Viejo Topo TV” izena duen Youtubeko kanalak bideo honetan hiru analista ezagunen artean egindako mahai ingurua eskaintzen digu. Moderatzaileak egin zien galdera NORA DOA EUROPA? izan zen, Ukrainako Guda bukatuta sortuko den egoera abiapuntutzat harturik. Adrian Zelaia euskalduna, Clara Statello italiarra eta Manolo Monereo andaluziarrak eztabaidarako oso planteamendu aberasgarriak eskaintzen dizkigute.

Manolo Monereo

Nik uste dut Europako herrien matxinada baten aurrean gaudela. Uste dut badirela baldintzak gerrara, berrarmatzera eta austeritate politika berrietara garamatzaten elite batzuen aurrean Europako herriak matxinatzeko.

Bake elkarrizketei dagokienez, ez naiz baikorra. Europako eliteak Ukrainaren eta Errusiaren arteko bake saiakera guztiei boikot sistematikoa egiten ari zaizkie, horretan jokatzen baitituzte euren proiektu politiko, pertsonal eta ekonomikoak.

Estatuetako eta Europar Batasuneko eliteengandik bereizita, herritarrek gehiengo sozialen eskaerak aldarrikatzen dituzten egoerarantz goaz. Autonomia estrategikoarekin jardunen duen Europa independentea planteatzeko unea da. NATOri amaiera emanez bakarrik izanen da posible hori.

Zer esan nahi du horrek praktikan? Nire ustez, hiru gauza funtsezko. Lehena, Europa konfederal baterantz jo behar dugu. EBren federalismo neoliberalak langileen eskubideak eta eskubide sozialak mugatzen dituen eta demokrazia bera krisian jartzen duen demokrazia oligarkikoa eraiki du. Europa konfederal bat behar da, non estatuek eta herriek proiektu ekonomiko, politiko eta sozial aurreratu berri batekin konprometituko dituzten herritarrak. Bestalde, Europako segurtasunak Errusiarekin bake eta kooperazio itun bat exijitzen du, Europako edozein autonomia estrategikoren oinarrizko baldintza baita. Hirugarrenik, sortzen ari den nazioarteko ordena berri, multipolar, demokratiko eta justuarekin konprometitu beharra da Europa.

Adrian Zelaia

Gauza asko aldatuko da Europan epe motz-ertainean. Errusiaren garaipena inflexio puntua izanen da. Errusia eta AEB ados dira Europan segurtasun estrategikoa negoziatu behar dela esatean. Negoziazio hori gerra amaitzean eginen da. Beste gauza askoren artean, NATOren desagerpena hor azalduko da.

Mendearen hasieran Lisboatik Vladivostokeraino doan Europaren inguruan eztabaidatu zen. Ondoren, De Gaullek muga aldatu eta Atlantikotik Uraletarainoko Europaz hitz egin zuen. Eztabaida hori berpiztu eginen da, agerikoak baitira EB eta Errusiaren arteko osagarritasun ekonomikoak, interes komunak eta segurtasun estrategiko bateratuaren beharra. Bitartean, barne konbultsio politiko izugarria izanen dugu Europako Batasunean eta bertako Estatuetan.

Konbultsio horrek hiru hanka izanen ditu. Batetik, klase politiko tradizionala, alderdi bakarra deitzen duguna; bere baitan hartzen ditu ustez ezkerrekoak, eskuinekoak edo zentrokoak diren taldeak, baina praktikan denak neoliberalak direlarik. Bestetik, talde kontserbadoreak ditugu, trumpismora inguratu direnak eta Europan indar handia hartzen ari direnak. Hirugarren hanka gorabidean dauden herrialdeen multzoa da, hauen eragina izugarri igoko da Errusiaren garaipenarekin eta nabaria izanen da batez ere erdialdeko eta ekialdeko Europan.

Hiru indar mota hauek Estatu guztietan izanen dute eragina eta boterea eskuratzeko muturreko politika garatuko dute. Europako alderdi bakarra deitzen duguna izanen da bortitzena, Frantzia eta Alemanian bereziki, bietako bat erortzen bada Europako Batasuna berehala eroriko delako.

Horregatik ari dira Errumaniako hauteskundeak baliogabetzea bezalako jarrera erradikalak hartzen. Horregatik, Thierry Breton Europako komisario ohiak egin zuen Alemanian gauza bera egiteko mehatxua, beraiek Errumaniakoa egin zutela onartu ostean. Horrelako jokaerak alderdi bakar horren baitan benetako izu politikoa dagoela adierazten du. Aurrera begira, ez dugu aukera bakar bat ere baztertu behar izu egoera hori dela eta.

Europarrok arazo sakon bat dugu: Europako herritarrak defendatuko gaituen oposizio artikulatu baten falta. Langile mugimenduak oso argi irudikatu zuen oposizio hori bere garaian. Baina gaur egun langile mugimendua botere korporatiboek bahituta dago. Oposizio hori azkar sortzeko beharra dago.

Beste kontua ekonomikoa da. Zein izanen da Europaren etorkizun ekonomikoa? Eredu neoliberalak porrot egin du eta aldatu egin beharra da. Zein norabidetan, ordea? Oro har, eredu alternatiboak parte-hartzaileagoa izan behar duela aurreikusten da. Eta horrek Errusia eta Txinara garamatza eta gorabidean dauden herrialdeen eredura. Funtsean, eredu horretan estatuek korporazio handien gainetik dihardute, enpresa-esparruan publikoaren eta pribatuaren arteko oreka bilatuz.

Clara  Statello

Buruzagiek isolamenduaren bidez Errusia eta Txina garaituko zituztela pentsatu zuten unean galdu zuen Ukrainako Guda Europak. Guztiz kontrakoa gertatu baita. Pekin-Mosku ardatza indartu egin da eta mundu multipolarraren sorrera azkartu. BRICS handiagoa egin da eta Kuba, Bielorrusia eta Iran bezalako herrialdeak barruan dira orain.

Hau mendebaldearen porrota da, nazioarteko ordena neoliberalarena, mundu multipolarra sortu delako. Trump, mundu polobakarra amaitu zela ohartuta, munduko beste potentziekin jarri zen harremanetan. Horrela hasi zen Errusiarekin negoziatzen. Azpimarratzekoa da negoziazio hauek Europarik gabe ari direla garatzen. Europak Errusia isolatu nahi izan zuen eta berak amaitu du isolatuta.

Garai bateko Europako potentzia kolonialak AEBetako kolonia bihurtzen ari dira. Egunetik egunera, Europak are mendekotasun handiagoa izanen du AEBekiko. Nord Stream AEBei saltzeak energiari dagokionez AEBekiko mendekotasuna handituko dio EBri. Gauza bera gertatzen da berrarmatzearekin. Zergatik armatuko gara? Ez Errusia gure etsaia delako, baizik eta Trumpek bere herrialdeko armetan gehiago gastatzea nahi duelako.

Armen gastuak handitu eginen dira, eta gastu sozialak, berriz, murriztu. Errusiak ez dio inoiz erasoko Italiari, Espainiari edo Poloniari. Europako arkitektura estrategikoa berrantolatu nahi du, Errusiarentzat mehatxu existentziala izan ez dadin.

Estatuek eta Europar Batasunak ez dute askatasunik izanen euren atzerri politika propioa garatzeko. Europa AEBen zerbitzura dagoen morroia bihurtzen ari da, Latinoamerikak orain arte garatu duen papera. Miseria eta esklabotzaren atarian gaude. Borrokarako norabidea ez da Europako konfederazio bat, ez baitago elkartasunik Europako herrialdeen artean. BRICSekin elkartruke politika bultzatzea eta, agian, haiekin bat egitea da bidea.

Washingtondik eta Bruselatik aldendu eta BRICSera inguratu behar dugu, etorkizuna ez baitago ez batean eta ez bestean. Etorkizuna Txina da, Errusia da, gure Mediterraneoko bizilagunak dira. Langileengan ondorio positiboak izan ditzakeen ikuspegi aurrerakoi bakarra hauxe da.

https://www.youtube.com/watch?v=Tlrz_s2j0GA&ab_channel=EKAICenter

 joan mari beloki kortexarena

2025-05-29


Utzi iruzkina: