NBEk bere buruaz beste egin du

belokijmari@gmail.com 1700442561683 EUSKAL HERRITIK | 2026-01-29 00:24

belokijmari@gmail.com 1769642928146

Yanis Varoufakis irakaslea 2015ean Greziako finantza-ministroa izan zen. Egun analista bezala ere aritzen da geopolitikaren esparruan. Elkarrizketa honetan NBEk bere buruaz beste nola egin duen azaltzen digu, beste hainbat ikuspuntu interesgarriren artean.

Etorkizuneko historialariek gogoan izanen dute 2025eko azaroaren 17a. Egun horretan NBEren Segurtasun Kontseiluak Bakearen Batzordea onartu zuen, Trump jabe eta presidente zuela. Segurtasun Kontseiluaren onespen hori Nazio Batuen amaiera gisa agertuko da historian. Neurri horrekin NBEk bere burua indargabetu egin du. Soilik bi herrialdek jo zuten abstentziora, Txinak eta Errusiak.

Honek Nazio Batuak indargabetzen dituela esaten dut palestinarren eta israeldarren arteko gatazkaren amaiera aitortzen duelako. NBEko Segurtasun Kontseiluak hilero adierazpenak egin izan ditu etengabe, Israel eta Palestinaren arteko bake prozesua martxan mantentzeko ahaleginetan. Azaroaren 17ko ebazpenak Benjamin Netanyahu salbatu egin du. Izan ere, su-etenik ez da -palestinarrak egunero ari baitira hiltzen, bonbaz eta gosez- eta Segurtasun Kontseiluaren ebazpenak Netanyahu propaganda porrot handi batetik salbatu du.

Kanadak, Australiak, Erresuma Batuak eta Frantziak oso modu hipokritan aitortu zuten Palestinaren estatua. Estatu palestinarraren sorrera lortzeko benetan zerbait egin nahi izan balute, Israel armatzeari utzi eta enbargoa ezarriko ziotelako.

Trumpek su-eten hori ezarri du eta nazioarteko zuzenbidetik erabat kanpo egonen den Bakearen Batzordearen ideia planteatu du, okupatutako lurralde palestinarren historiatik guztiz kanpo geratuko dena.

Nazioarteko Justizia Gorteak 2024ko ekainean argi adierazi zuen Israel nazioarteko zuzenbidea urratzen ari zela eta Jerusalem ekialdetik, Zisjordaniatik eta Gazatik erretiratzeko agindua eman zion. Nazioarteko zigorra zegokion genozidioagatik. Nazioarteko Zigor Auzitegiak Netanyahu eta bere defentsa ministro ohia gerra kriminal gisa auzipetu zituen. Segurtasun Kontseiluaren ebazpen horrekin NBEk aurreko guztia baliogabetu du eta Gaza dagoeneko ez da palestinarrena. Ez da palestinarren aipamenik ebazpenean.

Terra Nullius da, lur hutsa. Horixe zen duela bi mende baino gehiago Europako potentzia kolonialek mundu osoko hainbat lurren kolonizazioa justifikatzeko erabiltzen zuten termino legala. Lehenik eta behin, lurrak ez zuela herririk, ez historiarik, ez inolako jaberik, baieztatzen zuten.

Nazioarteko zuzenbidetik kanpo geratzen da Nazio Batuek aitortzea enpresa pribatu batek biziarteko presidente gisa Donald Trump izeneko gizon bat edukiko duela, eta ez herritarren ordezkari bat. Gainera, ez du inolako betebeharrik izanen Nazio Batuen aurrean. NBEk bere burua baliorik gabe utzi du ebazpen hori onartzean.

Harritu egiten nau jendea harrituta ikusteak. Donald Trump historiako teorialari koherenteena ez izan arren, bere inguruan badiren pertsonak ditu, eta etorkizunari begira oso ikuspegi argia dute. Estatua korporazioek ordezkatzea dute helburu. Hiri libreez hitz egiten dute, baina ez hiritarrentzako askatasun eremu gisa.  Korporazioen jabegoa diren hiriez ari dira, non korporazioko kontseiluko kideak hiriarekin nahi dutena egiteko libre diren. Hondurasera joan ziren, zati bat bereganatu zuten eta korporazioaren estatu txiki bat bihurtu zuten. Hori egin nahi dute gure hiriekin, gure estatuekin, Gazarekin, Groenlandiarekin, Kanadarekin… Hori da Peter Thielek eta inguruan dituen teknokratek eta teknologiaren jaunek une honetan irudikatzen duten mundua. Harrigarria da britainiarrek, frantziarrek, herrialde arabiarrek, Hamasi babesa eman zion Turkiak, bere lurraldean Hamasen buruzagiak izan zituen Qatarrek, Egiptok, Aljeriak eta, jakina, europarrek nola onartu duten egitasmoa. Hau oraintxe ez da palestinarren arazoa, guztiona baizik.

Duela urte pare bat Teknofeudalismoa izeneko liburua idatzi nuen, non gure telefonoetan bizi den kapital molde berri bat sortu dela sostengatzen dudan. Hodeiko kapitala du izena. Ez du aberastasunik sortzen, gure buruak zuzenean kontrolatzeko dago diseinatuta eta horren bidez teknologia handien poltsikoetan errenta mota jakin batzuk pilatzen ditu. Teknologia handiei asko gustatzen zaie, eta, horregatik, Trump mespretxatzen zuten Mark Zuckerberg eta Elon Muskek, adibidez, orain inguratu egin zaizkio, ongile handitzat hartzen baitute. Konplexu militar industriala pixka bat kezkatuago dago. Gerra gustatzen zaie, Europako diruarekin Ukrainari arma kopuru izugarriak saltzea oso gustuko dute, baina kezka puntu bat dute teknologia handiak haiekin lehiatzen ari direlako. Hala ere, Wall Street da kezkatuena Donald Trumpekin. Eta hala dago, praktikan finantza-errentak murrizten ari zaielako, teknologia handien mesedetan. Dena den, guztiek babesten dute Bakearen Batzordea eta Nazio Batuak oskol hutsa bihurtzea.

Mark Carneyk Davosen egin zuen hitzaldia oso interesgarria izan zen. Zentrista liberal bakar batek ere orain arte esan ez dituen gauzak esan zituen. Baina, azkenean, hipokresia bere gorputzeko poro guztiei darie. Benetan zerbait egin nahi baduzu, hasi Ukrainarako bake prozesu batekin. Non dago Trump eta Putin egiten ari direnaren aurrean bere alternatiba? Ideia bakarra sustatzen du, Ukrainarentzat arma gehiago aurkitu behar dituztela ukrainarrek eta errusiarrek elkar hiltzen jarrai dezaten. Eta zer proposatzen duzu Palestinari buruz? Ezer ez. Egoera nahiko modu arrazoizkoan deskribatu zuen hitzaldi handi baten gisa gogoratuko dugu, baina ez zuen ezertxo ere eskaini egin beharrekoei dagokienez.

Donald Trump AEBen hegemonia zabaltzen saiatzen ari da, Europako Batasuna, Kanada eta bere aliatuak leherraraziz. Txinatarrei iruzur egiten saiatu zen, baina huts egin zuen. Txinatarrek merkataritza gerra irabazi zioten. Apirilean Trump eta Xi-ren arteko bilera bat ikusiko dugu eta su-etena areago luzatuko dute, AEBek Txina gehiago behar dutelako Estatu Batuek Txina baino, lur arraroak eta industriarako material kritiko batzuek direla medio. Bere aliatuei ahalik eta gehien atera nahi die eta txinatarrekin ongi moldatu. Ez du Europako Batasun osoarekin traturik nahi; beraz, Europako Batasuna suntsitzen saiatuko da. Kaosa lortzen saiatuko da. Trumpek Groenlandia bereganatzeko mehatxua egitean, europarrak kexu agertzen dira NATO eta EB lehertzeko arriskuan jartzen dituelako, Trumpek hori nahi duela ohartu gabe.

https://www.youtube.com/watch?v=fvsemsmhI-4

joan mari beloki kortexarena

2026-01-29


Utzi iruzkina: