Nazioarteko legeria, aio! (I)
Gaurkoan diplomatiko bat dakargu munduko egoera politiko berria hobeki ulertzen lagun diezagun. Sandor Kusai da bera, Txinan 2008-2014 bitartean Hungariako enbaxadore izan zena. Egun ikerkuntzan dihardu ekonomia, politika eta gizarte gaietan. Pascal Lottaz analista suitzarrak egin dizkio galderak.
PL: Sistema diplomatikoaren eta nazioarteko zuzenbidearen erabateko kolapsoa ikusten ari gara gure begien aurrean.
SK: Donald Trumpek agindu bat eman zuen herrialdeak nazioarteko 35 erakunde utz ditzan, NBEren sistemaren parte diren beste 31 erakundeez gain. Beraz, praktikan, AEBak nazioarteko 66 erakunde uzten ari dira, eta horietako asko NBEren barruko egiturak dira. Aginduak AEBek mundu osoko erakunde horiei ematen dieten edozein finantzaketa etetea ere jasotzen du. Argi erakusten du egitura diplomatiko instituzional globala erortzen ari dela, eta oso azkar gainera. Hortaz gain, AEBak Venezuelan sartzearekin, oso argi geratu zen nazioarteko zuzenbidea eta nazioarteko sistema juridikoa abiadura handian ari direla hondatzen. Beraz, orain argi ikusten ari garena nazioarteko sistemaren amaiera da.
PL: Ez da lehen aldia AEBek beste herrialde bat inbaditu eta presidentea bahitu ere egiten dutena. Baina aldea handia da, lehen legezko justifikazio bat eraikitzen saiatzen zirelako. Oraingoa lotsagabea da erabat, AEBak eurak nazioarteko egiturak kudeatzeko eraiki zituzten instituzioen aurka ari direlako bete-betean. Inoiz ikusi al duzu diplomaziaren egiturari berari hain nabarmen eraso egiten zaion unerik?
SK: Ez dut sekula horrelako prozesurik ikusi nazioarteko harremanei eskainitako 40 urte baino gehiagotan. Alde batetik, nazioarteko sistema osoaren etorkizunak kezkatzen nau. Bestetik, poz sentsazio txiki bat badut, azken urteetan nazioarteko harremanen analista asko munduko ordenaren berehalako aldaketaz hitz egiten aritu garelako. Jende askok kritikatu gintuen dena ondo zegoela esanez, bereziki Europako herrialdeetan. EBko pentsamendu korronteak beti esaten zuen gure analisia okerra zela. Baina hemen daude frogak. Nazioarteko zuzenbidearen eta nazioarteko sistemaren kolapso-prozesu horrek inflexio-puntu bat lortu du. Inflexio-puntu hori zenbait gertaera garrantzitsutan datza. Lehenengoa CIAk Vladimir Putinen Valdaiko egoitzaren aurka zuzendutako erasoa izan zen. Gero etorri zen Venezuelaren aurkako erasoa eta Maduro presidentearen bahiketa. Ondoren, Errusiako bandera duen ontzi baten abordatzea itsaso zabalean. Eta orain nazioarteko erakunde asko uztea eta haien finantzazioa kentzearen AEBen erabakia. Gertaera hauek XIX. mende amaierako botere politikara itzultzen ari garela erakusten dute, botere basatia besterik ez. Eta 1945etik ezagutu dugun NBEren nazioarteko sistemaren amaiera.
PL: NBEren sistema bera erasotua izaten ari da orain. NBEk datorren urtean ere New Yorken izanen al du egoitza?
SK: Ez dakit zenbat denbora beharko duen sistemak osotara erortzeko. Baina ez da soilik AEBen erantzukizuna izanen, baita NBEren mekanismoarena berarena ere, bereziki haren idazkari nagusiarena, Guterres jaunarena. Bere erantzukizuna ere bada, bere kudeaketan zehar NBE erabat geldirik geratu delako, gai bat bera ere konpontzeko ez baita gai izan eta eztabaidarako plataforma gisa gero eta gutxiago balio izan duelako. Beraz, kontua ez da potentzia handien politika bakarrik, NBEren beraren paralisia ere bada.
PL: Errusia, Txina eta hegoalde globalak NBEren Gutunari omenaldia egiten diote, "Nazioarteko zuzenbidean oinarritutako mundua nahi dugu” esaldiaren antzeko aldarrikapena eginez. Zure ustez, AEBak horren aurka aktiboki borrokatzen ari dira ala erretiratzen ari dira eta gainerakoak geratzen dena hartu eta besterik gabe horrekin jarraitzen dute?
SK: AEBentzat NBEren edo nazioarteko sistemaren heriotza zehar-kaltea da, ez berez helburua. Nazioarteko potentzia ekonomiko, ideologiko, politiko eta militar gisa AEBen ekintza-askatasuna mugatzen duen guztia gainetik kendu nahi du Trumpen administrazioak. Nazioarteko sistema eta NBE honen zati bat dira, baina helburu nagusia eta politika nagusia Estatu hegemonia ziurtatzea da.
PL: AEBen erreakzio hau, egungo sisteman orain pisu handia duten beste potentzia batzuk sortu direlako izan al daiteke? Eta, hortaz, boterea proiektatu ahal izateko AEBek sistema hau gainetik kendu behar dutelako?
SK: Bai, hori da arazoa. 1991n, une polobakarra iritsi zenean, nazioarteko zuzenbidea arauetan oinarritutako sistema bihurtu zuten AEBek. Arauak eta legea desberdinak dira. Arauak AEBek ezarri zituzten. Orain ditugunak zerikusi handiagoa dute arauekin nazioarteko zuzenbidearekin baino. Baina duela lauzpabost urtetik hona potentzia berriek eragin handiagoa lortu dute nazioarteko diplomazian eta zuzenbide sisteman. Hegoafrika bezalako AEBen ikuspegitik bigarren mailako potentzia batek ere Gazari eta Israelen paperari buruzko prozesu legal bat hasi ahal izan du Nazioarteko Justizia Gortean. Beraz, argi geratu da sistema honek AEBetako botereari muga jartzeko balio dezakeela. Beraz, hura gainetik kentzeko unea iritsi da. Monroe printzipio berria Venezuelarekin hasi du. Iranen aurkako beste eraso bat prestatzen ari da. Orain Groenlandia da dagoeneko deus ez dela egonkorra erakusten duen adibiderik argiena. Datorren urtean ikusiko dugu NBE berreskuragarria den ala ez.
PL: Gaur egungo nazioarteko sistema aldatuta amaituko da. Sistema berri bat ezarriko da, elkarri eragiteko modu berri bat, baina horraino iristeko prozesuak askotan indarkeria handia dakar. Izan ere, nazioarteko zuzenbideak indarkeria ere egituratzen du. Nazioarteko zuzenbidearen zatiren batek erabilgarri izaten jarrai al dezake?
SK: XIX. mendearen amaierara itzultzen gara, non potentzia handien artean boterea lortzeko borroka bizian ari diren, baina maila askoz ere handiagoan. Garai hartan, Europako potentzia handiak, AEBak eta Japonia bakarrik lehiatzen ziren. Gaur egun askoz ere eragile gehiago ditugu, hala nola India, Brasil, Indonesia… Beraz, botere-jokoa askoz ere konplexuagoa izanen dugu, eta, ondorioz, nazioarteko zuzenbide-sistema desberdina etorkizunean. Baina urteak beharko dira hori sortzeko. Orain, gerra askoko prozesu honen urterik zailenetan gaude. Adibidez, orain Europan “prest daudenen” koalizioak konfrontazio militar baterako Ukrainan base militarrak ezartzea erabaki du.
PL: Orain, EBren aurkako mehatxu deklaratu bakarra mendebaldeko aliatutik dator, ez ekialdetik. Errusiak ez du behin ere esan Europar Batasunaren zati bat nahi duenik. Donald Trump, bai. “Groenlandia, edo eman edo hartuko dugu”. Zenbat denbora uste duzu jarraituko duela honek?
SK: Luze joko du. Ziur nago EBko elite politikoak eta integraziokoak, Ursula von der Leyen andrea eta bere taldea, ez direla gai prozesu berri honetara egokitzeko. Ez dute ulertzen zer gertatzen ari den eta ez dut uste ikasteko gai direnik. Hori da gertatzen ari dena.
https://www.youtube.com/watch?v=hZpAYkWLB3M
joan mari beloki kortexarena
2026-01-15

Iruzkinak
Utzi iruzkina: