Nazioarteko erakundeak Errusiaren ikuspuntutik

belokijmari@gmail.com 1700442561683 EUSKAL HERRITIK | 2024-09-26 15:33

belokijmari@gmail.com 1727357682593

Irailaren 24an, Sergey Lavrov Errusiako Kanpo-Harremanetarako  ministroak hitzaldia eman zuen NBE Nazio Batuen Erakundean. Osoko Bilkura honetan gauza askori buruz mintzatu zen ministroa eta guk horien arteko batzuk ekarri nahi izan ditugu artikulu honetara. Errusiak nola ikusten dituen mundu mailako erakundeak, zer funtzio betetzen duten gaur egun eta zein alternatiba duten aurrean azaltzea da guk artikulu honetan izan dugun asmoa. Testuan irakurriko dituzun guztiak Lavrovek esandakoak dira. Bertan ez duzu nire iritzirik edo baloraziorik aurkituko. Kontzeptu guztiak Sergey Lavrovenak dira.

NBE NAZIO BATUEN ERAKUNDEAZ:

NBEk nazioarteko diplomaziarako espazio neutral izateari utzi dio. Washingtonek erakundearen ezaugarriak usteldu ditu zigor ekonomikoak ezarriz eta manipulazioak erabiliz, mundu osoan nagusi izaten jarraitzeko. NBEan eta nazioarteko beste erakundeetan AEB Amerikako Estatu Batuen hegemoniak sortu duen egitura bidegabea da, mendebaldeko potentzien mesederako sortu baitu.

Errusiak konpromisoa mantentzen du NBEren gutuneko printzipioekin, baina mendebaldeak printzipio horiek traizionatu egin ditu, legez kanpoko eraso militar eta zigor bidegabeak justifikatzeko erakundea erabiliz. Putinen aurkako atxiloketa-agindua NZA Nazioarteko Zigor Auzitegia Mendebaldearen ordena desafiatzen duten buruzagiak erasotzeko erabiltzen dela erakusten duen adibide argia da.

Mendebaldean gero eta handiagoa da errusofobia. Errusiaren aurkako erasoak herrialdea nazioarteko eraginetik kentzeko ahaleginak dira. Estatu Batuek gidatzen dituzte, nola maila militarrean hala kulturalean ere, zigorren eta blokeo mediatikoaren bidez, Errusia suntsitzearren. Bide horretan, Mendebaldeak NZA Nazioarteko Zigor Auzitegia tresna politiko gisa darabil.

Ukrainako Operazio Militar Berezia legitimitatezko defentsa-ekintza da. NBEren gutuneko 51. artikuluak babesten du operazioa, segurtasun nazionalari mehatxu egiten dion kasuetan autodefentsa eskubidea bermatzen duelako. Aldiz, NBEk AEBen eta bere aliatuen presiopean jardun du, negoziazioa bultzatu beharrean. NBEk nazioarteko gatazketan bitartekari fidagarri izateari utzi dio. Mundua ezin da herrialde bakar baten arauetan gehiago gobernatua izan.

NBEk sistematikoki erakutsi du ez dela gai eraginkortasunez jarduteko munduko gatazka luze eta suntsitzaileenetan. Palestinaren okupazioaren kasuan, adibidez, hamarkadetan hartutako ebazpenak ez dira bete eta nazioarteak ez du irtenbide bidezko bat inposatzea lortu. Bitartean, Mendebaldeko potentziek Israel babesten jarraitzen dute eta horregatik NBEk ezin du ezer egin.

Segurtasun Kontseiluan garapen bidean dauden herrialdeen ordezkaritza beste arazo garbia da. AEB eta Europako aliatuak bezalako potentziek pisu handia dute, baina Afrika eta Hego Amerika gutxiegi ordezkatuta daude. Honela, NBEren erabakiek herritarren gehiengoaren interesak islatu beharrean bozka-eskubidea duten herrialde talde txiki batenak soilik islatzen ditu.

NBEk legitimazio krisia du. Gatazka globalak geldiarazteko ezintasuna eta AEB bezalako herrialde boteretsuen gehiegikeriak ez ikusteko joera du, munduko arbitro gisa duen eginkizuna saihestuz.

Eszenatoki honek oinarrizko galdera bat planteatzen du: XXI. mendean NBE eraginik gabeko zerbait izatera kondenatuta al dago?

“BRICS” ELKARGUNEAZ:

Sistema ustel honen benetako alternatiba BRICSen dago. BRICSen elkartutako herrialdeek, munduko ekonomia eta biztanleriaren zati handi bat ordezkatzen dutenez, aukera paregabea dute alternatiba bidezko eta multipolarra eskaintzeko. BRICS prest dago nazioarteko justizian oinarritutako ordena berri baten aldeko aldaketa gidatzeko.

BRICS nazioarteko eszenatokian oreka indar gisa aurkezten da. Bloke hau osatzen duten ekonomia emergenteek sistema global bidezkoago bat sortzeko ahalmena dute, non herrialde guztiek, handi nahiz txikiek, nazioarteko gaietan ahotsa izango duten.

BRICS plataforma ezin hobea da nazioarteko sisteman erreformak bultzatzeko, mendebaldeko potentzien gehiegizko eragina murrizteko. Mundu multipolarraren aldeko apustua egiten dugu, non inongo nazioak ezin izango dituen bere arauak inposatu indar militar edo ekonomikoaren bidez. Nazioarteko Diru Funtsa eta Munduko Bankua menderatze ekonomikorako tresnak dira. Aldiz, BRICSek erakunde horien benetako alternatiba eskaintzen du, bere finantza-mekanismoak garatuz. BRICSeko herrialdeen arrakasta ekonomikoak mundu multipolarra posible dela frogatzen du. Herrialde hauek hazkunde ekonomikoa eta garapen jasangarria ez direla Mendebaldeko zerbait esklusiboa erakutsi dute. Ekonomia globalaren etorkizuna gure esku dago.

Lavrovek BRICS nazioetako buruzagiei nazioarteko sistema erreformatzeko paper aktiboagoa hartzeko deia egin zien, ordena berri bat inklusiboagoa eta bidezkoagoa izan dadin bermatzeko, Kazanen (Errusia) urriaren 22tik 24ra egingo duen batzar historikoaren bezperetan. Mezua indartsua izan zen: "NBEk ezin baditu nazio guztiak hobeto ordezkatu, BRICS prest dago bere lekua hartzeko. Bloke honek diplomazia nazioartekoaren erdigune bihurtzeko gaitasuna eta borondatea ditu.

BRICS alternatiba gisa agertu da, Txina, India eta Brasilen ekonomiak hazten ari direlako, Estatu Batuen hegemonia argi desafiatuz. Mendebaldeko inposaketetatik urrun, nazioek eztabaidatu eta elkarlanean jardun dezaketen foroa eskaintzen du BRICSek, nazioarteko lankidetzarako espazio nagusi gisa NBE ordezkatzeko aukera sortuz. Une honetan, NBEk BRICSen aurrean tokia gal lezake diplomaziarako nazioarteko egoitza berri gisa.

Nazioarteko ordenaren kontrolerako borroka oraindik ez da amaitu. Mendebaldeak NBE eta beste erakundeen bidez bere nagusitasuna mantentzen saiatzen den bitartean, BRICSek aldaketaren alde presio egiten jarraituko du. Galdetzea baino ez da geratzen: NBE gai izango al da errealitate berri honetara egokitzeko edo oreka bidezkoagoa lantzen duten aliantza global berriek gaindituko al dute?

https://www.youtube.com/watch?v=Z77zCfUxuoU&ab_channel=PrensaAlternativa-ElJota

joan mari beloki kortexarena

2024-09-26


Utzi iruzkina: