NAZIO BATUEN ERAKUNDEAK ISRAEL SALATU DU
Antonio Guterres NBEko Idazkari Nagusiak urriaren 25ean kargu hartu zion Israelgo presidente Netanyahuri. “Hamasen atentatuak ez datoz deusezetik” esan zion, Gazako palestinarrekin egiten ari den genozidioa dela medio. Ez ziren makalak izan leporatu zizkionak: “56 urtetako okupazio itogarria, kolonoek irentsia duten lurraldea, bortizkeriaz suntsitua, ekonomia itoa, populazio lekutua, etxe eraitsiak, konponbide politikorako itxaropen desagertua, milioi bat herritarri lekuz aldatzeko eskatu eta ondoren joan diren lekuan bonbardatzen segi, nazioarteko zuzenbide humanitarioaren urraketa nabarmenak…” Oso gutxitan, inoiz ez esateagatik, erakunde horretako arduradun nagusiari inorengatik entzun zaizkion akusazio larriak.
Izan ere, Israel ez baita guda bat egiten ari palestinarren aurka. Palestinak ez du armadarik. Urte askotan zehar luzatzen ari den genozidio etengabeari erantzunez herritik sortu den mugimendua da Hamas. Talde honek munduari justizia eskatu zion urriaren 7an egin zuen ekimen odoltsuarekin. 1948an, Nazio Batuen Erakundeak Palestinak eta Israelek estatu propio bana izateko eskubidea zutela adierazi zuen eta hori gauzatzeko plan bat eratu zuen. 75 urte igaro dira eta Israelek estatu oso eta indartsua du. Eta Palestinak zer du? Israelek inbaditutako lurralde bat, israeldarren okupazioa dela eta milioika herritar atzerrira joan behar izanda, eta egun milaka herritar erailtzen duten bonbardaketa basatiak egunero.
Guda bitartez nagusitu zen Israel inguru haietan eta guda giroak iraun du zazpi eta erdi hamarkada hauetan. Hamasen jarduera palestinarrak jasaten ari diren inbasio iraunkor eta ankerrari Palestinak ematen dion enegarren erantzuna da. Eta munduak lurralde horretan justiziarik ezartzen ez duen bitartean, erantzun bortitzak ematera kondenatzen du Palestina. Israelek, hiltzen duen palestinar bakoitzarekin, Hamaseko militante berriak sortzeko eskukada bat ale ereiten du.
Israel Ekialde Hurbileko estatu modernoena eta demokratikoena dela saldu nahi izan digute beti Mendebaldean. Une honetan ia bederatzi mila palestinar hilda darama azken lau asteotan, erditsuak haurrak. AEB, Britainia Handia, Frantzia, Espainia… dira Israelen babesle nagusiak oraintxe. Ez dugu gehiago behar nolako agintariak dauzkagun jakiteko. Ez eta palestinarrek gertakari odoltsu gehiago eginen dutela munduari justizia eskatzeko.
joan mari beloki kortexarena
2023-11-02
Iruzkinak
Utzi iruzkina: