NATO > WETO

Ukrainako Guda aldaketa garrantzitsuak iragartzen ari zen Europan. Eta Zelenski eta Trumpen arteko ostiraleko bilerak geratzen ziren zalantza gehienak nahiko ongi argitu ditu. Adibidez, bien arteko haustura osoa eta betirako dela. Trumpek Zelenskiri ez dizkio erakutsitako harropuzkeria eta errespetu falta barkatuko eta aurrerantzean berarentzat ez da mintzakide izanen, non eta ukrainarrak ez dion barkamena eskatzen. Gudari dagokionez, Zelenskik gudari kosta ahala kosta eutsiko dio eta Trump lehenbailehen amaitzen saiatuko da.
Arreta eman du zeinen azkar bildu zen Zelenski Erresuma Batuko Lehen Ministro Keir Starmerrekin, Trumpekin istilua izan eta gero. Ostiralean bilera Washingtonen eta igandean Londresen egin izanak oso garrantzitsua den zerbait erakusten du. Erresuma Batuak bi bilera hauen aurretik diseinatua duela Trumpen estrategiarekin talka egiten duen beste estrategia bat eta Zelenski britainiarren bozemalea dela.
Deigarria egin zen Starmerrek Zelenskiri egin zion harrera beroa, diplomazian oso gutxitan ikusten diren harrerak eta besarkadak eskainiz. Deigarria ere Erresuma Batuko Errege Karlos III.ak Ukrainako presidente ilegitimoarekin bilera egin izana. Gutxitan ikusten den beste zerbait. Gogoratu behar dugu Zelenskiri 2024ko maiatzean amaitu zitzaiola agintaldia eta, Ukrainako Konstituzioaren arabera, Zelenskik ezin zuen inola ere presidente izaten jarraitu. Presidentetza parlamentuko buruari dagokio hauteskunde berriak egin bitartean. Horrek esan nahi du 2024ko maiatza ezkero Ruslán Stefanchuk Parlamentuko presidente hautatuari dagokiola Ukrainako presidente kargua. Egunen batean argitu beharko digute zergatik Mendebalde deituak eta Ukrainako agintariek ere ez duten bertako konstituzioa eta legeria bete.
AEBek guda bukatu nahi dute eta Europako herrialde askok bere horretan jarraitu. Nola liteke hori? NATOren dirutzaren %70 eta gudarako gainerako baliabideen %80 estatubatuarrenak dira. Zertan ari dira, ba, Europako agintariak? Garbi dago Europak ezin diola inola ere Ukrainako Gudari eutsi AEBen inplikaziorik gabe. Zein da, ba, beren helburua? Von der Leyenen adierazpenek ematen digute lehen pista: “europarren diruaren milaka milioi euro gastatuko ditugu Defentsan". Zertarako gastatu dirutza erraldoia armatan, Ukrainako Gudan xahutzeko ez bada? Erantzuna beste adierazpen hauetan dugu: "2029rako, gerrarako prest egon behar dugu", esan zuen Alemaniako Kanpo Harremanetarako ministro Boris Pistoriusek Alemaniako Parlamentuan, 2024ko ekainean. Hortxe gakoa: Ukrainakoa galdutzat emanda, Europako gudazaleak 2029an Errusiari guda berri bat egiteko prestaketan hasi dira.
Frantziako Macron hasi zen. Eta igande honetan Starmer britainiarrak hartu dio txanda prestatzen hasi diren gerra berriaren lidertzan. Europan denak ez datoz bat horretan. Dirudienez, Alemania, Italia eta España ez daude ados. Hortaz, egoera hau izan liteke: 1) AEBek ez dute Errusiaren aurkako gudarik nahi eta epe motzean Ukrainakoa amaitu eginen da. 2) Erresuma Batuak eta Frantziak 2029rako gerra berri bat antolatu nahi diote Errusiari. Epe motzean ezin dute armategiak hutsik dituztelako eta AEBek gerrarik nahi ez dutelako. 3) Europarrok milaka milioi ugari desbideratu beharko ditugu osasungintzatik, hezkuntzatik eta gainerako zerbitzu publikoetatik armak erruz erosi eta 2029rako Errusiaren aurkako gudari berriz ekiteko moduko armada edukitzeko.
Litekeena da NATO desagertzea. AEBetan bertan ugaritzen ari da NATOtik ateratzeko aldarria politikoen artean. Trumpek era maiz azaldu ditu zalantzak egitura honekin. 2025eko urtarrilean egin zituen adierazpenen arabera, Europatik 20.000 soldadu ateratzeko asmoa du. NATOrekin bukatzeko lehen urratsa izan liteke? Bere logika ba du, zeren zer zentzu du NATOri eusteak Errusiari aurre egiteko sortu bazen eta orain Errusiarekin bakea sinatu behar badu? NATO desagertzea gerta litekeen zerbait da. Hortaz, zertarako europarroi poltsikotik kenduko dizkiguten Von der Leyenek iragarri dituen milaka milioi euro horiek guztiak? Galdera horrek erantzun bakarra du: armada berri bat egiteko. Lehengo NATO (North Atlantic Treaty Organization) aurrerantzean WETO (Western Europe Treaty Organization) bihurtzeko, Europako mendebaldeko gerrazaleen aliantza armatua alegia.
Gutxi barru zera gerta liteke Iberiar Penintsulan: estatubatuarrek, NATOtik ateratzearen ondorioz, penintsulako base yankiak itxi ditzaten eta penintsula osoa armada yankirik gabe geratzea (txalo beroak!) baina, aldi berean Gibraltarren, guda berrirako prestaketen ondorioz, base britainiarra edukitzea urpekontzi nuklear eta guzti.
Europa kaos egoeran da. Ukrainako Guda amaituko da Trumpek hala nahi duelako. Baina Europako mendebaldean askok guda nahi dute -britainiarrek eta frantsesek bereziki- eta lauzpabost urtetarako beste guda bat antolatu nahian dabiltza. Europako mendebaldeko elite ekonomikoek guda nahi dute eta ez dute etsiko dena galdua izan arte. Herritarrok mugitzen ez bagara triskantza ziurra dirudi. Besteak beste, Boris Pistoriusek 2024ko hitzaldian azaldu zuen bezala, litekeena delako gazteak soldaduskara joan behar izatea Errusiaren aurkako gudarako prestatzeko. Litekeena da gure gazteek intsumisioaren konpromisoa berritu behar izan dezaten. Bada ezpada, hobe dugu beteranook ongi azaldu intsumisioaren atal historikoa gure gazteei eta geure buruak prestatu haiei babes osoa emateko.
joan mari beloki kortexarena
2025-03-03
Iruzkinak
Utzi iruzkina: