NATO amaitzen bada, zer?
Ulrike Guérot pentsalari, idazle eta irakasle alemaniarra Bonn-go Unibertsitatean Zientzia Politikotako irakaslea izan zen 2023ra arte. Europako Batasunarekin kritikoa zen liburua (“Europaren azkena”) idatzi eta gero, Unibertsitatetik kanporatua izan zen. Egun, Friedrich Merz kantzilerra Europa Errusiaren aurkako gerrara eramateko ahaleginak eta bi egiten ari dela dio.
Alemania gero eta modu errealagoan ari da gerrarako prestatzen. Horrek goizero ikaratzen nau. Bartzelonan, Parisen, Zurichen edo Vienan nintzenean, gerraren sentsazioa ez dela hain indartsu sentitzen esanen nuke. Albisteetan gerra sustatu egiten da. Deutschlandfunk irratian diotenez, Alemaniako armada gerrarako prestatzen ari da. Baina gure gazteak oraindik ez daude prest, ez dute soldadu izan nahi. Argitaratu dugun liburuarekin (“Alemania neutrala”) herri honetan eztabaida alternatibo bat abiarazten saiatzen ari gara.
Duela hiru urte unibertsitatetik kaleratu egin ninduten “Europaren azkena” liburua argitaratu ondoren. Maidan-dik hasita Ukrainako gerraren aurreko historia kontatzen dugu bertan. AEBetako militarren prestaketei buruzko iturri eta dokumentazio guztia daukagu. Delegazioz egindako eraso-gerra da, nahiz eta inprobisatu gisa aurkezten diguten. Gerra hau ez zela bat-bateko eta ustekabeko eraso errusiarra izan argitzen dugu liburuan. Liburua argitaratu eta astebetera, unibertsitateak agur esan zidan.
Ni unibertsitatetik bota ninduten bezala, artzain protestante batzuk ere erabat baztertuta daude. Asko gara zigortuak izaten ari garenak. Eliza ebanjelikoa apaiz gehiago kontratatzen hasi da, gerraren ondorioz hildako gehiago egotea espero baita. Hautatutako apaizek prestakuntza espezifikoa jasoko dute.
Ikusten denez, hemen ez dago gatazka hau benetan beharrezkoa den galdetuko duenik. Edo, gure Konstituzioak dioen bezala, ea herrien artean bakea eta elkar ulertzea nahi dugun. Alemaniako egoera benetan larria da. Hain da serioa ezen Alemanian eliza protestanteak ere gerrarako prestatzen ari baitira, gerra iritsiko dela ziurtzat ematen delako.
Gatazka belikoa emanen balitz Alemania izanen litzateke lotura-puntua. Hori Rammstein daukagulako gertatzen da, Ukrainako eta Irango gatazken datu guztiak biltzen dituen estatubatuarren base militarra. Hor antolatzen dira AEBek Iranen eta Errusian egiten dituen erasoak. Beraz, prestakuntza operatibo fasean gaude, eta horrek alemaniarrak gerrako partaide gisa jartzen gaitu.
Nazio Batuen Gutunaren arabera, ekoizpen-fabrikak helburu militar legitimoak dira gatazka batean. Itsutasun handia dago gai honekin. Alemania buru-belarri sartuta dago armagintzaren industrian. Zer egiten dute orain Porsche, Volkswagen, BMW eta enparauek? Tankeetarako motorrak egiten dituzte. Horiek ere gerran inplikatuta daude.
Alemaniako irrati publikoan Ukrainaz bakarrik hitz egiten da. Dena laguntza militarraren ingurukoa da. Ukrainaren aldeko benetako sukarra dugu hemen. Jendeak gerrara joan nahi badu, gerra iritsi egiten da. Gerraren beldur bada, seguru gaude. Baina gaur egun europarrek ez diote beldurrik gerrari eta hori bihurtu da Europan egun dugun arazorik handienetako bat.
Liburu honek alemaniarrei galdetzen die ziur ote gauden estatubatuarrek gure helburu berak ote dituzten Errusiarekiko. Gu kontinente honetan bizitzeak, eta haiek ez, alde handia eragiten du interesetan. Misilek Berlin aldera eginen dute hegan, ez Chicagora. Europako segurtasun-arkitekturaren barruan, Errusiarekin batera Alemania independente eta burujabea sortzeko izan ziren aukera ezberdinak ere aipatzen ditu liburuak.
NATOrena ez den bestelako bidea hartu nahi izan zuten Alemaniako eta Europako indar politiko garrantzitsuen garaiak errepasatzen ditu liburuak. Kristalezko kanpaia baten barruan bizi gara Europan eta kanpaia altxatzea da liburuaren helburua. Haren azpian denak ustel-usaina du, faltsu-usaina, zeinak hipnotizatuta gauzkan, hurrengo gerrara arrastaka eramateraino. Alemaniarrak lehenik eta europar asko ondoren.
Errusiarrek zerbait esaten dutenean, serio esaten dute. Diploma bat daukat sobietar ikasketatan. Orduan ongi ikasi genuen errusiarren testuak hitzez hitz hartu behar direla beti. Esaten dutenari ongi erreparatu behar zaio, baina Europan ez entzuteko bidea hartu dugu. Hori eginen bagenu, elkarri erasorik ez egiteko itun batez aspaldi mintzo zaizkigula ulertuko genuke.
Atlantismoa estatu arrazoi bihurtu da Alemanian. Errusiarekin adiskidetzeko gai izanen den Europa independente bat planteatzen duena zigortu egiten dute. Hori da nire kasua, hain zuzen ere, liburuan egoera atlantistaren arrazoi horretatik aldendu nintzelako kaleratu baininduten.
Liburu honetan hainbat testu daude eta gehienak gauza bera esatera datoz. Amai dezagun NATOrekin, NATOk desagertu egin behar du. Orain, Europako Batasuneko herrialde guztietan eztabaidatu beharko genuke puntu hau. Alderdi populistak bere garaian kontakizun atlantista horri alternatiba bat eskaintzeko sortu ziren, baina egun denak infiltratuta daude. RDA zaharra ez, hor inork ez du Errusiarekin gerrarik nahi. Europak Europa mailako segurtasun arkitektura bat eraiki beharko luke, non Ukrainak zubi-lana egin ahal izanen lukeen eta egin beharko lukeen.
Herritarren gehiengoa gerraren aurka dago, baina ez da aski
Zer geratzen da Trumpek NATO amaitu dela esaten badu? Batek pentsa lezake, "Primeran, NATO Europan bukatzen bada, NATO gabe zer egin hausnartu ahal izanen dugu". Baina Alemanian ateratzen den gauza bakarra zentzurik gabeko eztabaida da, "Orduan, bakarrik joanen gara Errusiaren aurkako gerrara”. Horrek ez du inolako zentzurik, ergelagoa ezin da izan. Eztabaida hori Alemaniatik abiatu da eta orain Europa norabide horretan doa.
Gerraren aurkakoak gehiengoa gara alemaniarren artean. Baina gehiengo hori ez da nahikoa gerra saihesteko. Ukrainako biztanleriaren %70 Errusiarekin gerra egitearen aurka zegoen. Bakearen aldeko hautagai bat aukeratu nahi zuelako, Errusiarekin adiskidetu nahi zuelako, eman zion botoa Zelenskiri %70ak. Eta zer lortu zuen? Gerra. Ukrainak lortu ezin izan zuena Europan nola lortu asmatu behar dugu. Gerra sustatzen duten eliteen %15 edo 20 horiek gerra egiteari utz diezaioten lortu behar dugu.
Amaitzeko, European Peace Project-en aipamen bat. Bakearen aldeko Europa mailako proiektua da. Webgunea hau duzue: www.europeanpeaceproject.eu. Maiatzaren 9ko Europaren eguna bakearen egun gisa markatzea da gure asmoa, eta ez gure gobernuek gerrara joan behar dugula erabakitzen duten egun gisa. Ez nago Europako Batasunaren alde. Europako Batasuna ez da Europa. Amerikarrak bortxatzen ari diren zerbait da.
Seguruenik gerra honetatik pasa beharko dugu. Errusian Vladimir Putinena bezalako ahots moderatuak estutu egin ditugu eta orain Karaganoven eta erasotzeko ordua iritsi dela dioten beste batzuen ahotsak babes masiboa jasotzen ari direla da une honetan dugun arazoa. Izan ere, errusiarrek gatazka arintzeko egin dituzten saioetan bakar batek ere ez du funtzionatu. Beti eskua luzatuta eduki duen Vladimir Putin behin eta berriz aritu da harresi baten kontra talka egiten.
Orain gogorrenak ari dira aurrea hartzen. “Ezin dugu askoz denbora gehiagoz besoak gurutzatuta geratu”, “Putinek zergatik ez du deus egiten?” edo “Zergatik ez doa dena pixka bat azkarrago?” Errusian asko entzuten diren esaldiak dira. Azkenean gogorrenak ari dira gailentzen. Egoera benetan serio jartzen ari da.
Alemaniak bakarrik ezin du ezer egin. Europa neutral bat behar dugu, bakearen eta herrien arteko elkar ulertzearen alde lan eginen duena. Defentsan mintzo delarik, bere lurraldea defendatzeko izanen den Europa, eta ez modu erasokorrean. Hauxe da egia bihurtzen ahalegintzen ari garen ametsa.
https://www.youtube.com/watch?v=3E_dwo4ejPc
Datorren gerrari buruz, Max Otte alemaniarrak beste ertz batetik heldu dio gaiari:
https://www.youtube.com/watch?v=XeIuDbFgjt8
joan mari beloki kortexarena
2026-05-21

Iruzkinak
Utzi iruzkina: