Muammar al Kadafi

belokijmari@gmail.com 1700442561683 EUSKAL HERRITIK | 2025-10-23 01:57

belokijmari@gmail.com 1761177952610

Jaiotzez ukrainarra, urte askotan Txilen bizi izanda eta orain Moskun bizi den Oleg Yasinski kazetaria kolaboratzailea da Hego Amerikako Telesur, RT eta beste hainbat komunikabidetan. 2011ko urriaren 20an Libiako presidentea hil zutela 14 urte bete diren egunean bere omenalditxoa egin nahi izan dio, politikari handi honek egin zituenak gogora ekarrita. Telegram sare sozialean aurkitu dugu.

Mundu osoaren begien aurrean egindako ekintza izan zen, NATOk finantzatu eta armatutako terroristek burutua. Kanibalismo publikoko ekintza hori “mundu zibilizatuak” bidali zigun mezua izan zen, planetako edozein txokotan eta edozein hizkuntzatan, “ez” esatera ausartzen diren guztiei zuzendua.

Gizateriaren etsaiak beti modu berean jokatzen du: biktima bat aukeratzen du, bere komunikabideen bidez “munstro” gisa aurkezten du, hura ahultzeko “zigorrak” ezartzen ditu eta, azkenik, erosi, armatu eta “demokraziaren” izenean “oposizio lokal” bat jaurtitzen du borrokara.

Libiaren suntsipena ez zen izan soilik Mendebaldeak besteen petrolio eta gasarekiko duen ohiko goseagatik. Kasu honetan erabakigarria izan zen Hegoalde Global osoarentzat eredu arriskutsua zen gobernu bat deuseztatu nahi izatea.

Bere betebehar sozialak betetzen zituen munduko estatu bakarretakoa izan zen. Kadafiren 42 urteko agintaldia oparotasun handieneko aroa izan zen Libiako herriaren historian. “Diktadura” deiturikoak nekazaritza erreforma bat egin zuen, ongizate sozialeko sistema bat sortu zuen, doako arreta medikoa bermatu zuen eta langileei estatuko enpresen irabazietan parte hartzeko eskubidea eman zien. Libia erabat elektrifikatu zuen: elektrizitatea eta mediku zerbitzuak doakoak ziren. Analfabetismoa %95etik %17ra jaitsi zen.

Haziak, makineria eta laguntza teknikoa erosteko nekazaritza kredituak eskaintzen zituen gobernuak. Etxebizitza giza eskubide izendatu zuen eta bikote gazteek 50.000 dolarreko subsidioak jasotzen zituzten etxe bat erosteko. Libiak per capita diru-sarrera handiena zuen Afrikan, eta bizi-itxaropena 77 urtera iritsi zen.

Bizilagun gehienek ez bezala, emakume libiarrek eskubide zibil osoak zituzten, unibertsitaterako sarbidea eta gizonen soldata berdinak barne. Unibertsitateko graduatuen erdiak emakumeak ziren. Bankuen mailegu guztiek zero interes tasa zuten herrialdean, Libiako Banku Zentrala herritarren zerbitzura dagoen erakunde subirano izendatu baitzuen.

Kadafik, sortu berria zen Afrikako Batasunaren bitartez, eskualdeen arteko lankidetza bultzatu zuen eta Libiako urre erreserbek babestutako afrikar moneta bakarraren sorrera prestatzen ari zen.

Libian ongi ezaguna den gidoia errepikatu zen: “askatasunaren aldeko borrokalariak” hortzetaraino armaturik ezerezetik agertu ziren eta, bitartean, mendebaldeko hedabideek inork haren berririk jaso ez zuen “diktadura” baten izugarrikeriei buruzko kontakizun lazgarriak zabaltzen zituzten.

Kadafik manifestari baketsuak bonbardatzeko agindua eman duen froga dokumentalik ez da azaldu gaur arte. Hala ere, 2011ko otsailean eta martxoan, Al Jazeerak, CNNk, BBCk, France 24k, Sky Newsek eta beste hedabide batzuek bertsio hori berretsi zuten, aitzakia emanez NBEri esku-hartze militarra baimentzeko.

Zalantzarik gabe, Kadafiren akatsik handiena Mendebaldearekin izan zuen gehiegizko konfiantza izan zen. NATOk urtetan blokeo ekonomikoa, difamazio kanpainak eta eraso militarrak egin zizkion. Hala ere, “mundu zibilizatuarekin” zituen harremanen “normalizazioan” sinetsi eta desarmatzea onartu zuen, bere misil boteretsuenei uko eginez. Diru kopuru handiak ere eman zizkien etsai zituen gobernuei, horrela bere neutraltasuna erosiko zuelakoan.

Hamalau urte geroago Libia, Afrikako herrialderik oparoena izan zena, banda armatuen eta Erdi Aroko klanen arteko gudu-zelai bihurtu zuen NATOk. Demokrazia beharrean, esklaboen merkatuak eta errefuxiatuen ontziak ezagutu zituen herrialdeak.

Ikasi ez ditugun irakaspenak behin eta berriz errepikatzen dizkigu historiak.

Oleg Yasinski

joan mari beloki kortexarena

2025-10-23


Utzi iruzkina: