MOSKUKO BASAKERIA: UKRAINA ALA ISIS?
Martxoaren 22an, Moskuko Crocus City Hall aretoan egindako basakeriaren erantzulea bilatzerakoan bi aukera jarri dira mahai gainean. Vladimir Putin Errusiako Presidentearen arabera Ukrainan bilatu behar da antolatzailea. AEBen arabera ISIS izan da. Ukrainan ari diren eragile politikoen jarduera nahiko ongi ezagutzen dugu. Baina ISISena? Nortzuk daude hizki horien atzean? Zertan ari dira? Zer bila zezaketen Moskun? Galdera hauei erantzuteko, jende ezagunaren adierazpenak ekarri ditugu txoko honetara. Juan Antonio Aguilar militarraren analisia izan daiteke egun hauetan entzun daitezkeen artean orekatuenetakoa. Behean duzuen lehen bideoaren lehen ordu erdia betetzen du egin dioten elkar hizketak.
Eraso yihadista?
Jihadistek ekintzak egiteko tankera berezia edo propioa dute. Gehienetan eraso suizidak izaten dira. Oinarrian beren erlijioari lotutako sinesmenak daude. Bilatzen dituen pertsonak edo inguru geografikoak islamari kalte egin diotenak izaten dira. Egiten dituzten erasoen ordainez, saritzat zerua irabaztea espero izaten dute. Erasoa gauzatzen duten bitartean kontsignak oihukatzen dituzte.
Moskuko honetan erasotzaileak kamuflaje militarraz jantzita zihoazen, inoiz ikusi ez zaiena. Ez zuten kontsignarik oihukatu. Ez zuten aldarrikapenik egin, bakar-bakarrik diruagatik egin zutela aitortu zuten. Soinean ez zeramaten lehergailurik; hortaz, bere buruaz beste egiteko asmorik ez zuten. Alderantziz, autoan sartu eta ihes egin zuten, bizia libratzeko asmo garbia erakutsiz. Ramadanen garaian ez dute erasorik egiten.
Beraz, eraso jihadista ez dela izan ondoriozta daiteke. Erasotzaileak musulmanak izan dira, baina erasoaren helburuak ez dira jihadistak izan.
Ukrainaren arrastoa
Erasotzaileak Ukrainarako bidean izan ziren atxilotuta, mugatik ehun bat kilometrotara. Mugaz bestaldean babesa aurkitzea espero zuten. Sortzen den galderetako bat da asiarrak izanik (Tajikistanekoak hain zuzen) zergatik ez zuten jo Asia aldera. Erasoaren antolaketa guztia -hauen kontratazioa barne- Ukrainan egina izatea pentsatzeko bidea ematen du.
Zelenski bera izan liteke arduradun nagusia edo beragandik behera edozein, Ukraina une honetan kontrolik gabe dagoelako. Ukrainako inteligentzia zerbitzuak izan litezke edo atzerritarrekin lotura duen aparatu horren zati bat, Zelenskik berak jakin gabe. Garbi dagoen bakarra ardura nagusia Ukrainan bilatu behar dela da gaur egun dagoen informazio urriarekin. ISISko jihadistek diruagatik ez dute halakorik egiten.
CIA eta MI6
Juan Antonio Aguilar militarraren arabera CIA, MI6 edo biak batera izanen lirateke erantzuleak. Publikoa da -eta interneten aurki daiteke-, bere garaian Julian Assangek publifikatu zuelako, AEBetako orduko alderdi demokratak sortu eta finantzatu zituela ISIS eta Al Kaida, Obama eta Hillary Clinton buru zirela. Hillary Clintoni egindako grabaketa batean entzun daiteke nola aitortzen duen. Finantziazioaren truke erakunde hauek hasieratik egin dute lana CIA eta MI6rentzat. Erakunde jihadista horiek jendea badutela Ukrainan bertako armadaren alde borrokatzen aspaldi ezagutzen den zerbait da. Horietako batzuk Moskuko erasoan inplikatzea ez litzateke harritzekoa izanen. Ez zuten helburu erlijiosoa bilatuz egin izan -jihadisten moduan-, dirua irabazteko mertzenario gisa baizik.
Baina, zergatik eraso hau orain Moskun? Frontean guda gaizki doakie armada ukrainarrari eta NATOri. Lehen lerroan kolapsoa ekarriko liekeen haustura puntua gertu egon liteke eta gudari egungo formatuan jarraipena emateko gero eta zailago. Etsipenak jota legokeen sektoreren batek terrorismoaren formatura igarotzeko erabakia hartu duela izan liteke Moskukoa azaltzeko dauden aukeretako bat. Sektore hori Zelenskiren ingurukoa izan liteke edo bera kargutik bota nahi duen besteren bat. Gogora dezagun 2013tik ari direla terrorismoaz baliatzen bere modu ezberdinetan. Terrorismoarekin bilatzen den helburua herritarrak etsiak jota uztea izanen litzateke, alde batetik, eta Errusiako Gobernua urduri jarrita astakeriaren bat egitera eramatea bestetik. Azken hau lortu ezkero, errazago izanen lukete Errusiak gu inbadituko gaituen aukera saltzea eta, ondorioz, NATOren indarrak Ukrainan sartzeko beharra izatea.
Tentsioa handitzeko taktika?
Vladimir Putin ez da biguna edo zalantzatia. Aitzitik, oso burutsua da eta hotza. Hala erakutsi du azken hogei urteotan. Eta ondoko aholkulariak ere halakoak dauzka. Hortaz, orain ez da espero kontrola galtzea eta gehiegizko erantzun ikusgarririk ematea.
Une egokia da gogoratzeko Moskuko AEBetako Enbaxadak lehenik, eta Britainia Handikoak ondoren, beren herritarrei zabaldu zieten oharra hurrengo 48 orduetan ez joateko jendetza handia bilduko zen lekuetara esanez eta adibideen artean kontzertuak aipatuz. Kasualitatez, oharra zabaldu zenetik 48 ordutara Shaman izeneko abeslari errusiar ospetsu baten kontzertua zegoen programatuta leku berean eta milaka jende biltzea espero zen. Halaber, gogoratu behar da Errusian oraindik hauteskunde-kanpainan ari zirela eta beste hainbat lekutan kanpainan eragiteko beste eraso batzuk antolatuta zeudela. Adibidez, 2.500 soldadu Ukrainatik Errusiara sartzeko hainbat egunetan egin zituzten ahaleginak, militarki inolako zentzurik ez zutelarik. Kanpainan eragiteko helburuz eginak zirela pentsatzeko bidea ematen dute batzuek eta besteek.
Zergatik hau dena? Lehen esana dugun bidetik, guda oso gaizki doakienez armada ukrainarrari eta NATOri, pentsatzekoa da erasoaren erantzuleek tentsioa handitzeko erabakia hartua dutela. Etsipenak jota daude eta oso kezkatuta. Eta ez bakarrik frontea eror daitekeelako edo Zelenskiren erregimena -hau desiratzen ari baitira-, Odesa gal dezaketelako baizik. Odesa galdu ezkero, Ukrainari Itsaso Beltzarako bidea itxita geratuko litzaioke eta honek huts egindako Estatu gisa utz lezake Ukraina. Hortaz gain, tropa errusiarrak Transnistriaraino iritsiko lirateke -ofizialki Moldabia da-, eta honek ondoan Errusiaren adiskidea den Hungaria dauka. Hortaz gain, Hungariak errusiarren lagunak diren Eslobakiarekin eta Serbiarekin mugak partekatzen ditu. Gauzak horrela, NATOk ez luke edukiko Errusia inguratuta eta honek oso kezkatu ditu. Hau oso kontutan izan behar da tropak Odesara bidali nahi dituela esanez Macron Frantziako Presidenteak berriki egindako adierazpenak ulertzeko. Odesa oraintxe konfrontazioaren pibote geoestrategikoa bihurtu da.
Iturriak
https://www.youtube.com/live/xBTSLevoqPU?si=i5-CQlWDy1G-orhz
https://www.youtube.com/live/t2fQrnLPRog?si=rOMJSn3J7mlntNCO
joan mari beloki kortexarena
2024-03-25
Iruzkinak
Utzi iruzkina: