MENDEBALDEAREN GAINBEHERA (eta II)

belokijmari@gmail.com 1700442561683 EUSKAL HERRITIK | 2024-03-10 21:43

belokijmari@gmail.com 1710105072955

Artikulu honetan Pascal Lottaz eta Glenn Diesen idazlearen arteko elkar hizketan esandakoak aurkituko dituzu. Elkartzeko aitzakia Diesenek idatzi berri duen azken liburua izan da, “Ukrainako guda eta munduko ordena eurasiarra” izena duena. Irakurriko dituzun iritzi guztiak bienak dira. Nik ez dut neure iritzirik tartekatu.

Pascal Lottaz suitzarra da eta egun Waseda(Tokio)ko Unibertsitateko irakaslea. Interneten 23 elkarrizketa eskegi du Neutraltasunari Buruzko Azterlanak (Neutrality Studies) izeneko txokoan.

Glenn Diesen politologo norvegiarra da. Egun Norvegiako Hego-Ekialdeko Unibertsitateko irakaslea.

Egungo ordenaren kolapsoa

Gaur komunikabideek ematen diguten informazioa gertatzen ari denaren aurkakoa da. Israel defenditzen ari dela esaten digute genozidioa egiten ari delarik. Ukrainan Mendebaldea askatasuna eta ordena defenditzen ari dela, eta gu guda hegemoniko izugarria ikusten ari gara. Zer esan nahi du Mendebaldeak guda nuklearra pizteko arriskua beren gain hartu izanak? Gure ustez, munduko ordena jokoan dela.

Guda Hotzaren ondoren, AEBek lideratu duten polo bakarreko ordena izan dugu orain arte, “arauetan oinarritutako nazioarteko ordena” deitu dutena. Baina hau bere amaierara iristen ari da eta Ukrainako guda polo bakarreko ordenari eusteko azken saiakera da. Guda honen bitartez Errusia ahulago geratuko balitz Txina ere ahulduta geratuko litzateke, Errusiaren aliatu handiena delako. Baina herrialde gehiago badira Txina eta Errusiarekin ordena multipolarra sustatzen ari direnak eta hauek ez dituzte Errusiaren aurkako zigorrak babestu nahi eta ez dira armak bidaltzen ari. Multipolaritatean oinarritutako nazioarteko ordena berria nahi dute.

Munduko ordena berria

Mendebaldeak arauetan oinarritutako ordena defenditzen duela dio, baina ikusten ari garena botereari eusteko borroka da, modu guztiz irrealista eta kaltegarrian. Azken 30 urteetan aurreko 500etan baino gehiago ari da aldatzen mundua eta gauzak egiteko modu eurasiarra sortzen ari da. 1648an 30 Urtetako Gudari amaiera eman zion Westfaliako bakea sinatu zeneko girora itzultzen ari gara. Orduan sortu zen munduko ordena berria, Europa inork ezin zuela ordena bere kasa inposatu ohartu zenean. Une hartan ez zen balio unibertsalik eta boteregune asko zeuden. Baten batek hegemonia ezarri nahi bazuen, besteek elkar hartuta berehala orekatzen zuten egoera.

Guda Hotza bukatzearekin batera amaitu zen ordenari eusteko modu kolektiboa. AEBen boterea aski izanen zela uste izan zen, potentzien artean gehiago ez zutela borrokatuko pentsatuz. Nazioarteko anarkia gaindituta geratuko zen. Honela balio unibertsaletan eta ideia liberaletan oinarritutako bakea ziurtatua geratuko zen, askatasunak zabalduz. Denborak erakutsi du uste hura okerra izan dela. Gaurko dotrinak dio gurekin lerratzen ez bazara gaiztoa zara eta indar militarra erabiliko dugu zure aurka. Hegemonia gerrazale bihurtu da eta subiranotasuna berarentzat bakarrik nahi du. Hala labur daiteke Nazioarteko Zuzenbidea ordezkatu nahi izan duen “arauetan oinarritutako ordena”.

Propagandak funtzionatzen du

AEBek eta Mendebalde Globalak mundu guztia menderatu nahi dute gure adimenarentzat guztiz iraingarria egiten den narratiba baten bitartez. Errusiar gaizkile, Txinatar zapaltzaile edota terrorista palestinarrengandik askatu nahi gaituztela esatean min ematen dute. Mundua gaizto eta zintzoen artean banatu dute, lehen zibilizatu eta barbaroen artean banatu zuten bezala. Orain demokrata eta totalitarioen artean da banaketa.

Adibide gisa har dezagun 2014ko Kieveko Gobernuaren aurkako mugimendua. Iraultza demokratiko bezala aurkezten digute, gehiengoak kolpe hori babesten ez zuelarik. Garai hartako inkestek, Ukrainan egindakoek nahiz atzerrikoek, soilik %20 zegoela NATOn sartzearen alde erakutsi zuten. Herritar gehienak Errusiarekin bat egitearen alde zeuden. Errealitatea guk egiten dugunarekin bat ez datorrenean, propaganda erabiltzen dugu. Oinarri sendoa falta dugularik, esaera prestatuak errepikatu behar izaten ditugu. Eta funtzionatzen du.

Potentzia nagusiak ez du parekorik onartzen

Liberalismoa ideologia hegemonikoa bihurtu da. Hortaz, askatasunaren eta giza-garapenaren balioetan sinesten baduzu Mendebaldearen lidertza onartu behar duzu. Arazo hau 1990eko hamarkadan sortu zen, NATO zabaltzea demokrazia zabaltzearekin parekatu zenean. 30 urteotan politikoek pentsatu dute potentzien artean ez zela guda gehiago izanen eta Mendebaldeak -balio demokratiko liberalek legitimatuta- betiko izanen zuela lidertza munduan. Bat-batean mundua multipolaritaterako trantsizioan murgildu da eta ez dakite zer egin. Txina ekonomikoki oso bizkor dago eta egungo liderrak ez du onartzen lidertzaren banaketarik. Polo bakarreko ordenaren liderra ez da egokitzen multipolaritatera. Alemaniaren adibidea argigarria da. Errusiarekin oliobidea bere kasa negoziatu zuen, baina gero liderrak nork agintzen duen argi utzi zion.

Boterea maximizatzea segurtasuna maximizatzea zela defenditu genuen beti. Baina Errusiak eta Txinak Mexikoren mugan base militarrak ipiniko balituzte, estatubatuarrak urduriago jarriko lirateke eta, ondorioz, neurri erasokorragoak hartzera behartuta egonen lirateke. Bide beretik, NATO Errusiaren mugetara gerturatzeak segurtasun txikiagoa suposatzen du. Polo bakarreko garaiak amaitu dira. Eta askok multipolaritatera negoziatuta iritsiko ginela uste zuten arren, ez da horrela izanen eta gerra bidez izanen da trantsizioa. Pena.  

Eztabaidaren ukazioa

Otsailean gertakizun aipagarri bat izan genuen, T.Carlson kazetariak V.Putini egin zion elkarrizketa. Aipagarria diogu, ez Putinek deus berririk esan zuelako, Mendebaldean milioika jendek lehen aldiz zuzenean entzun ahal izan ziolako baizik. Eta entzun ahal izan genuenak narratiba nagusia zulatu zuelako. Halaber, Carlson Errusiarekin bakea sinatzearen alde zegoela erakutsi zuelako. Beldurgarria izan zen nola politikoek hala komunikabideek propaganda bezala salatu zuten elkarrizketa hau argitaratua izan baino lehen. Honela erakutsi digute aurkariaren hitzak entzute hutsa arriskutsua dela berentzat. Izugarria da zure publikoari ukatu nahi izatea beste aldeko argudioak entzun ahal izatea. Are gehiago politiko hauek elkarrizketa entzun gabe ari direla erakutsita. Guda Hotzaren garaian, gutxienez, errusiarren arrazoiak entzun ahal izaten genituen. Gaur egun ezin liteke mamia eztabaida. AEBek mundu-ordena berrira egokitzeko duten beharraz eztabaidatzen ez den bezala.

Munduaren ordena berrira egokitu beharra

Mendebaldea, ekonomikoki nahiz militarki, munduan nagusitzeko ahalmena galtzen ari dela ikusten ari gara. 1990eko hamarkadan egin zuen bezala, Errusia arpilatzeko ahaleginean ukrainarrak erabiltzeko asmoa ikusi dugu, baina jenderik gabe geratzen ari da. Emakumeak eta adinekoak bidaltzen hasi dira eta NATOko tropak bidaltzeko aukera jartzen ari dira eztabaidagai.

Zigorrei dagokienean, Errusiaren ekonomia kolapsatzea espero zuten eta hala gertatuko litzateke boteregune bakarreko mundu batean izanen bagina. Hala gertatuko litzateke gure teknologia ukatu eta gasik eta petroliorik erosiko ez bagenio. Baina zer ikusten ari gara? Beste boteregune batzuk badirela eta harantz ari dela bidaltzen orain energia. Eta zerbait erosi nahi duenean hara jotzen duela ere. Mundu multipolarrean, zigorrak jartzen dituenak bakartuta gelditzeko arriskua du eta hori gertatu zaio Europako mendebaldeari. Energia merkea galdu du eta esportazio murrizketa handia jasaten ari da. Multipolaritatera egokitu beharra du. XIX. mendetik hona gauzak asko aldatu dira. Orduan Mendebaldea nazioarteko ordenaren erdigunea zen, baina hori abiadura azkarrean amaitzen ari da. Bukaera hau onartu beharrean, gertatzen ari ez balitz bezala jarraitzen du. Ukazioan tematu da.

Komunikabideen gezurrak

Sistema liberalaren barruan badira gudaren logikaren aurka diharduten elementuak. Gudaren logikak bi aldeek elkar gorrotatzea eskatzen du, horrela bakarrik eginen baitute helburuak lortzeko behar adina sakrifizio. Eta gaur Txina eta Errusia gudak saihestu nahian ari direla ikusten dugu. Komunikabideek jendartean konfiantza nola galdu duten ikusita, guda giroak epe mugatua duela pentsa liteke. Komunikabideetan jendeak konfiantza galdu du etengabe gezurra esaten ari direlako.

Errusiak Europa osoa konkistatu nahi duela sinestarazi nahi digute, nahiz eta errusiarrek garbi esan Operazio Militar Bereziarekin bakarrik negoziazio mahaia aktibatzea nahi zutela. Minskeko hitzarmenean inplikatuta izan ziren alemaniarrak eta frantziarrak inoiz ez zutela edukiak betetzeko asmorik izan aitortu dute, eta komunikabideek ez diote dagokion indarrik eman informazio honi. Errusiak Ukraina konkistatu nahi izan zuela esan digute eta Zelenskik berak onartu du operazio militarra hasi eta berehala Moskuko deia jaso zuela neutralitatearen truke bakea sinatzeko. Zelenskik onartzeko prest zegoela aitortu zuen eta negoziazioak abian jarri zituzten. Ukrainaren ordezkari David Arakhamiak argitu zuen Boris Johnson britainiarrak ekarri ziola gudari ekiteko mezua. Ez zuten errusiarrak hiltzeko aukerarik galdu nahi izan, ukrainarren bitartez noski. Turkiatik, Alemaniatik, Israeldik eta AEBetatik baieztatu da honela zapuztu zela gudari bukaera emanen zion prozesua. Denek onartu dute Errusiak Ukrainaren neutralitatea bakarrik nahi zuela. Gero, hemengo egunkariak zabaldu eta egungo aferak ez duela zerikusirik NATOrekin edota Errusiarekin ezin dela negoziatu irakurtzen duzu. Narratiba oso urruti dago errealitatetik. 

Gezurrak errepikatzearen beharra

Sekulakoa da Mendebaldeak nola lortu duen bere herritarrek hain zorrotz sinets ditzaten beren gezurrak. Honi aurre egitea guretzat erronka handia da. Propaganda politikoak gizakion ahulezia batzuez baliatzen da. Horietako bat ikasteko dugun modua da. Nahasi egiten baitugu egiazkoa dena eta oso ezaguna iruditzen zaiguna. Hala, gauza bat hamaika aldiz errepikatuta entzun ezkero sinesgarri egiten zaigu. Tuntuna eta inozoa dirudi, baina funtzionatzen du. Etengabeko errepikapenaren bitartez ikasten du gizakiak. Horregatik da oso garrantzitsua errepikapena.

Hegemonia liberala

1990eko hamarkadan liberalismoak zioen boteregune bakarra izateak potentzien arteko gudak amaituko zituela eta betirako bakea ekarriko zuela. Balio demokratiko liberalek askatasuna bermatuko zuten eta gatazken kopurua gutxitu eginen zen. Proposamen eder hori gaur zer bilakatu da? NATOko buruak dio armak direla bakerako bidea eta EBk gatazka guda-zelaian erabaki behar dela. Hortaz gain, liberalismoa defenditzen dutenek zentsura handiagoa eta gerra gehiago eskatzen dute, diplomaziaren bidea alboratuz. Liberalismo politikoa baztertu egin beharra da.

Liberalismo ekonomikoak -merkataritza askeak alegia- dena konponduko zuela zioen. Teknologikoki aurreratuenak nagusitu eginen baitzitzaien hasi berriei. Baina gauzak ez doazela honela ikusten ari gara. Orain merkataritza askea Txina aldera jotzen ari da eta hori mehatxu bezala bizi du Mendebaldeak.

Interdependentzia ekonomikoaren ezbaia

Txinaren aurka ekiteko aitzakia bilatzea erraza eginen zaie. Benetako erronka Txina aberastasuna sortzen ezezik besteok nahi izanen ditugun ondasun berriak sortzen hasiko denean izanen dugu. Orduan europar mendebaldarrok produktu berri horiek eskuratu nahi izanen ditugu eta ohartuko gara gure aurrerapena trabatzen jardun dugula. Interdependentzia ekonomikoak hori du, onartu behar duzula beti teknologikoki aurreratuenen atzetik joan behar izatea. Egia da gauzak honela Txinaren menpe egonen zarela, baina bestela ekonomikoki efiziente izateko behar den teknologiarik gabe aurkituko zara. Orain aurkako bidetik goaz. Alde batetik gure industria lehiakorra egiten zuen Errusiako energia merkeari uko egin diogulako eta bestetik estatubatuarrek Txinari teknologiarik ezin diogula erosi esaten digutelako, amerikarrekin leialak izan behar dugulako. Beraz, gero eta ekonomia eskasagoak izanen ditugu lehiakortasunari dagokionean eta gero eta menpekoago izanen gara AEBekiko. Porrot ekonomiko gehiago ikusteko gaude Europan. Europa une gogorrak bizitzekotan da munduko ordena berrira egokitzen den bitartean. Txinaren lidertza ekonomikora egokitzen da ala Guda Hotzaren mentalitatera. Hori da estatubatuarrek eskaintzen digutena.

Eurasiako Mendebaldeko penintsula

Europa Eurasiako Mendebaldeko kontinente izatearen kontzeptua oraindik ez da europarren buruetan sartu. Europak bere burua oraindik AEBei lotua ikusten du, botere hegemonikoaren zatia balitz bezala. Mundu unipolarraren erdigunea AEBekin osatzeko ametsa bizi izan du, baina gaur ez da honela, amerikarren morroi besterik ez delako. AEBek ez dute sekula inor onartuko bere maila berean botere nagusia partekatzen. Europarako bide egokiena Eurasiari lotuta legoke. Urte asko eman du subiranotasunaz eta autonomia estrategikoaz mintzatzen eta hori berreskuratzeko, amerikarrekin harremanak mantentzeaz gain, Txina, Errusia eta Indiarekin ere izan beharko lituzke. Eta baten bat eragin handiegia egin nahian hasten bazaio beti izanen du beste batengana jotzeko aukera. Amerikarrek esaten digute berekin egiteko tratu guztiak, baina bide horretatik garapen ekonomikoa beherantz joanen zaigu. Industria galtzen ari gara eta burujabetasun politikoa pikutara doakigu. Bistakoa da EB bere interesen aurka ari dela.

Artikulua hemen: https://www.youtube.com/watch?v=GuL5DSR7hpQ&ab_channel=EstudiossobrelaNeutralidad

joan mari beloki kortexarena

2024-03-10


Utzi iruzkina: