Maria Zakharova

belokijmari@gmail.com 1700442561683 EUSKAL HERRITIK | 2025-10-30 19:11

belokijmari@gmail.com 1761848281133

Maria Zakharova Errusiako Atzerri-Ministerioaren bozemalea da. Bideo honetan beste hiru lagun ezagunekin -Andrew Napolitano epailea, Larry Johnson CIAko analista ohia eta Alexander Kazakov aurkezlea- elkarrizketa interesgarria egin du. Errusia jota zegoela ze baldintzatan hasi zen Ministerioan azaltzen digu. Trump eta Ukrainari buruzko bere ikuspegia ere. Kultura maila handiko pertsona ageri zaigu, tradizionala eta erlijiosoa. Mendebalde Politikoan bizi garenontzat goi mailako politikari arras ezberdina.

Duela 85 urte, munduko buruzagiek pertsonen hilketa masiboak antolatu zituzten eta, adibidez, kontzentrazio-esparruak edo pertsonak masiboki akabatzeko makina espezializatuak asmatu zituzten. Eta hori mundu osoan onargarritzat jotzen zen. Mendebaldeko Europa osoak miresten zuen Hitler, ia Mesias bat zen jende askorentzat. Gu ezin izan gintuzten behartu kontrabalio horiei leialtasuna zin egitera eta deshumanizazioari aurre egin genion.

Hamarkada askotan esan digutenaren aurka ere egin dugu, adibidez, pertsona bati sexua aldatzea normala dela. Ez, hori ez da normala. Haurrek jaiotzean genero neutroa dutela edo generorik gabeak direla eta gurasoen eta gizartearen zeregina dela haur hori nor izanen den asmatzea – hitzez hitz, modelatzea- onartzeari uko egiten diogu. Hori ez da normala eta horren aurka gaude.

Unibertsitatetik Atzerri-Ministeriora

Nik ez nuen deus aipagarririk Atzerri-Ministeriora lanera iritsi nintzenean. Kolapso urteak ziren. Herrialdea erabat suntsituta zegoen. Ez zegoen ideologiarik. Ez komunista, ez sozialista, ez gurea ere. Inork ez zuen ulertzen zer gertatzen ari zen. Ez zegoen soldatarik. Janaria etxetik eramaten genuen, ez genuelako diru nahikorik. Nik itzulpenak egiten nituen. Batzuek taxilari gisa lan egiten zuten gauez, beste batzuek klaseak ematen zituzten. Mundu materiala zein ideologikoa hondatuta zeuden.

Baina bazen beste edozer baino indartsuagoa zen gauza bat. Fedea. Sinesmena. Gure herria hainbeste gauza ikaragarri eta sinestezinetatik pasatua zen, non etorkizunean nahitaez zerbait gertatuko baitzen. Zerbait genuen barruan, zerbait sakona. Agian errusiar literaturak emana. Agian errusiar arte eskolak. Agian arkitektura izan zen. Zure baitako hori guztia larrialdi-egoera baterako gordetzen duzun bateria bezalakoa da, gorputzean jada sistemarik funtzionatzen ez duenerako. Barne-metagailu horrek bultzatzen gintuen.

Ez naiz pertsona berezia. Ni bezalako asko eta asko etorri ziren nirekin zerbitzu publikora urte haietan, ez diruagatik, ez ospeagatik, ez heroismoagatik. Ez dakit zergatik etorri ginen. Hori egin beharra zela zioskun barne-sentsazio moduko batek gidatu gintuen, fedeak. Ez zen etorkizun bereziren batean edo misio bereziren batean fedea izatea, hau egin beharra zela sinestea baizik. 90eko hamarkadan zerbitzu publikora iritsi ginenean sentitzen genuena zen aurreko belaunaldiengatik egin behar genuela eta herrialde askok Errusiarengan sinesten zutelako eta konfiantza zutelako.

Zure nahiak lotuta egon behar du belaunaldiz belaunaldi transmititu zaizun zerbaitekin, Jainkoarekin lotutako balioren batekin. Belaunaldiz belaunaldi pairatutakoa egiten duzunean, horrek indarra ematen dizu. Fede aktiboa da.

Donald Trump

Trump Amerika da. Amerika ekintzaile hori, oso dinamikoa, nahiko kontraesankorra, kultura desberdinez osatua. Sekulako dirutza irabazi zuen eta ezaguna zen. Oso pertsona arrakastatsua. AEBetako presidente bihurtu zen. Horrekin lasai gera zitekeen. Familia du, lagunak, mundu mailako negozioa du, baina beste zerbaitek bultzatzen zuen. Agian, hasieran, izan zen kargu hori hain modu bidegabean galdu izana, hauteskundeak eta lehendakaritza lapurtu zizkiotelako, lehen agintaldian lan egiten ere utzi ez ziotelako. Zerbait berezia egin behar zueneko fedea. Berak egin duena jokoan duen guztia jartzeko prest dagoen pertsona batek bakarrik egin dezake. Izan ere, Amerika itotzen ari dela ikusten du eta kolapsatzeko zorian. Ultrak -ezin diet demokrata deitu - Amerika suntsitzen ari dira. Horregatik arriskatu zuen den-dena, jendeari, benetan maite dituenei, aukera bat emateko. Trumpek aurre eginen dio ultraliberalen erasoari. Tiro egin ziotenean eutsi eta aurrera jarraitu zuenean bezalaxe

Ulertu ezin dudan gauzetako bat da Donald Trumpen aurkako erasoa, orain Errusiagate izenez ezagutzen duguna, guztiz diseinatua izan zela Errusia deabruaren pare jartzeko. Errusia deabrutze hori ez zen beharrezkoa AEBentzat. AEBetako ultraliberalentzat bakarrik zen beharrezkoa. Trumpen aurka egiteko. Izan ere, zibilizazio balioez ari bagara, alde horretatik oso antzekoak baikara. Balio tradizionalak zaintzen ditugu, ez dugu aurrerapena arbuiatzen eta gizakia Jainkoaren irudira eta antzera sortutako fenomenoa dela defendatzen dugu.

Faszismotik gertu

Gu ezin gara Aberri Gerra Handiaren historiatik aparte bizi. Istorio horrek sortu gintuen. Garai haietako odolaren odola gara. Beraz, han gertatutakoa ulertu behar dugu eta gogoratu behar dugu AEBetako gizartearen zati batek Hitler txalotzen zuela. Nazien biltzar masiboak egiten ziren AEBetan, eta batzuek haren alde egin eta finantzatu egiten zuten. Orain harremanetarako puntuak aurkitu behar ditugu, gaur egun moralitatearen esparruan gertatzen ari dena duela 90 urteko faszismotik eta nazismotik oso gertu baitago. Motorra berbera da: bizitzeko eskubidea dutenen eta soberan daudenen arteko pertsonen segregazioa, hizkuntza arrazoiengatiko segregazioa, baliabideak eskuratzeagatiko segregazioa, nagusitasun sentimenduagatikoa. Harremanetarako puntuak aurkitu behar ditugu, bestela, benetan beranduegi izanen da.

Ez dugu bihurtu behar nor bere etxetxoan bizi den pertsona, deshumanizazioaren lekuko, herrialde eta herriak suntsitzeko saiakeren lekuko, beste pertsona batzuen aurkako jazarpena behatuz. Benetako balioetara jo behar dugu, galderen erantzunak bilatzeko. Ez dugu axolagabe izan behar. Bakoitzak bere bide espezifikoa aurkituko du, baldin eta betiereko balio tradizionaletan konfiantza badu.

Ukraina

Kurk eskualdean, Kieveko erregimenak hainbat pertsona hil eta hobi komun horietan lurperatu zituen, inguruan samin eta tragedia arrastoa utziz. Hobi horiek han gertatutako indarkeriazko gertaeren oroitzapena eta egindako ekintzen larritasuna irudikatzen dute. Kurskeko biztanleak, gaur egun XXI. mendean Donetsk eta Luhanskekoak bezala, masiboki sarraskituak izan ziren, duela 90 urte naziek eta faxistek sarraskitu zituzten bezala. Infernu hau Europaren erdigunean dago.

NATOko herrialdeak zonbi egoera absolutuan daude. Egunero dirua ematen diote honi. Gainera, presioa egiten diote Trumpi, hiltzeko bitarteko are teknologikoagoak eman ditzan. Beren burua garatuentzat aldarrikatzen duten herrialde horiek, zertara iritsi dira? Hilketa metodo masiboak asmatzera. Akats bera errepikatzen dute ziklikoki. Gure egunetako hondamendia da. Gu eusten ari gara, baita Asiak, Afrikak eta Latinoamerikak ordezkatzen duten munduaren gehiengoa ere. Hiru urte daramate Mendebaldeari esaten "Gelditu, ez eskalatu gehiago." Beldurgarria da gertatzen ari dena. Herrialde horiek guztiek diote " Apartheid da gertatzen ari dena, esnatu." Baina alde zibilizatua zonbi egoeran dago.

https://www.youtube.com/watch?v=Rn-RaAZXWUA

joan mari beloki kortexarena

2025-10-30


Utzi iruzkina: