Maiz ez nuen bizi nahi izaten

Maiz ez nuen bizi nahi izaten EUSKAL HERRITIK | 2026-06-19 01:30

Maiz ez nuen bizi nahi izaten

Cristina Hineman 20 urteko neska detrantsizionatzailea da. Bizi izan dituen gorabehera gogorrak azaltzen dizkigu, inor gehiago egoera horretatik igaro ez dadin.

Ez zitzaidan gustatzen nola ikusten zen klitoria, baina hazi ahala gehiago gustatuko zitzaidala pentsatu nuen, handiagoa eginen zelako eta benetako zakilaren itxura hartuko zuelako. Ez nuen gustuko ere nola ikusten zen nire bularra kirurgiaren ondoren, baina tratamenduak amaitzean, gorputza normal ikusiko zenean, zoriontsu izanen nintzela pentsatzen nuen. Oso neskato femeninoa nintzen eta oso zoriontsua. 12 urte nituela konturatu nintzen neskak gustatzen zitzaizkidala. Gay izatea gaizki egoteak kezkatu egiten ninduen. Egia esan, ez nekien askorik horren inguruan. Beraz, Interneten asko irakurri nuen gay izateak zer esan nahi duen, zer lesbiana izateak, zer bisexual izateak eta zer transgenero izateak.

12 urterekin hasi nintzen osasun mentaleko arazoak izaten. Eskola publikora joaten hasi nintzenean oraindik ez nintzen trans bezala identifikatzen, baina nire lagun gehienak trans ziren eta batzuetan pixka bat baztertua sentitzen nintzen taldeko lagun zisgenero bakarra nintzelako. Violet izena erabiltzen hasi nintzen Christinaren ordez.

Garai horretan iritsi zen COVID-aren pandemia. Konfinamendua hasi zen eta online klaseak izan ziren edalontzia gainezka egin zuten tanta. Lagunekin kontaktu pertsonalik gabe geratu nintzen eta ez nuen deus egiterik, nire antsietatea hausnartzeari eta etxean usteltzeari denbora eman besterik. Trans eduki asko ikusten hasi nintzen YouTube eta TikTok-en. Deprimituta nengoen eta neure burua zauritzen nuen. Une askotan, ez nuen bizirik egon nahi.

Bularra hain handia izateak kezkatu egiten ninduen aspaldi eta kamiseta konpresore bat erosi nuen. Supermerkatu batean aritzen nintzen lanean eta kamiseta janzten nuen lanera joateko. Pare bat aldiz baino ez nuen erabili, min handia ematen baitzidan. Baina ez nuen hura alde batera utzi nahi izan, mendekotasun psikologikoa nuelako. Erabiltzeari utzi nion arren, oinazeak ez ziren desagertu. Azkenik, supermerkatuko lana utzi behar izan nuen, bendajeak sorbaldan eragindako lesioa zela eta. Oraindik ezin dut gauza astunik jaso. Kaka!

14 urterekin hasi nintzen nire generoa zalantzan jartzen. Eta behin baino gehiagotan aldatu nuen iritzia urte hartan ez-binario deklaratu aurretik. Hasieran, ez nuen testosteronarik nahi. Kirurgia besterik ez nuen nahi. Nire gorputz androgino eta jenero gabea lortzen lagunduko zidala uste nuen. Baina testosterona hartzen hilabete batzuk zeramatzaten lagun batzuekin egon nintzen eta inbidia eman zidan zein baxua bihurtu zitzaien ahotsa. Bide hori hautatu nuen.

15 urterekin hasi nintzen testosterona modu aktiboan bilatzen. Entzuna nuen Planned Parenthood erakundeak hormonak inolako murrizketarik gabe ematen dituela eta hara joan nintzen 18 urte bete eta berehala. Hitzorduak 30 minutu baino gutxiago iraun zuen. Doktorearen zain geratu nintzen, zeina berez ez baitzen doktorea, erizain praktikantea baizik -nik orduan ez nekien hori-, eta nire onespen idatzia aztertu zuen. Hiru aukera nituen: testosterona, kirurgia edo deus ez egin.

Nik ez nuen bizitzeko gogorik gabe jarraitu nahi. Beraz, testosterona errezetatu zidaten. Arrisku batzuei buruz axolagabe moduan hitz egin zidan. Testosterona erabiltzearen arrisku ezagun bat gibeleko tumorea da. Testosterona hartu arren haurdun gera nintekeela azaldu zidan. Geroxeago, testosteronak haurdun geratzeko gaitasuna osotara ezaba dezakeela ziurtatzeko. Ez zitzaidala axola esan nion, ez nuelako ume biologikorik eduki nahi, eta testosterona errezetatu zidan. Banekien klitoria haztea aukera bat zela. Zakil txikia bezala haziko dela esan zidaten eta klitori bezala ez dela gehiago ikusiko. Nik sinetsi egin nuen.

Ez nekien nola aldatuko ziren sentsazioak. Ez nengoen nahi bezain ongi informatuta. Gurasoek nire trantsizioa  ez zutela gustuko pentsatzen dut. Nire erabakietan ez hitzik ez botorik zutelako penatuta zeudela uste dut, bai bazekiten 18 urte bete orduko Planned Parenthood-era joan eta hormonak lortzeko aukera izanen nuela. Gainera, Interneten nonahi esaten zieten: "Zure semeari bai esaten ez badiozu, ez duzu maite".

Supermerkatu batean egiten nuen lan eta irabazi nuen diru guztia kirurgiarako aurreztu nuen. Testosteronarekin hasi aurretik, terapeuta berri batekin mintzatu nintzen eta testosterona hartu eta ebakuntza egitera animatu ninduen. Testosterona atsegin handiz hartzen nuen. Gizon itxura ematen zidaten aldaketak izan nituen. Nire ahotsa gero eta baxuagoa zen. Gero eta ile gehiago ateratzen zitzaidan. Hori ez nuen gustuko, baina mutiko itxura ematen zidan eta hori zen nire helburua. Klitoriarekin ez nintzen gustura sentitzen, baina hazi eginen zela pentsatu nuen, benetako zakilaren antza hartuko zuela eta, agian, orduan gustatu eginen zitzaidala. Inoiz ez zen puntu horretara iritsi.

Dirua izan nuenean, ia urtebetez testosteronarekin egon ondoren, klinikarik merkeena eta gertukoena aukeratu nuen. Medikua zirujau plastikoa da, baina beste prozedura batzuk ere egiten ditu, hala nola bularrak handitzea eta aurpegiko lisaketak. Atal oso bat du bere webgunean, genero berresleipeneko kirurgiei (FTM) eskainia. Ez zidan terapeuta baten adostasun-gutunik eskatu.

16 urterekin joan nintzen kontsultara. Ia urtebete neraman hormona tratamenduarekin. Formulario batzuk sinatu nituen arren, ez nuen nire zirujaua ikusi hilabete eta erdi igaro arte. Medikua nirekin hitz egitera kirurgiarekin hasi baino lehentxeago etorri zen. Kontsultan esan nion ez nekiela zein neurrikoak izan nahi nituen titipuntak. Nahi nuen tamaina han bertan, paper batean, marraz nezakeela esan zidan. Bere titiburuak erakuts ziezazkidakeela ere esan zidan, baina ezetz erantzun nion. Neurriaren marrazkia bai egin nuen. Hori izan zen berarekin hitz egin nuen azken aldia, bularrak kirurgikoki kendu baino lehen.

Kirurgiatik esnatu eta, behin eta berriz botaka egiten nuenez, oso azkar bidali ninduten ospitaletik. Oso mingarria eta beldurgarria izan zen, baina euforia-aldi labur bat ere izan nuen kirurgiaren ondoren. Ez nengoen pozik emaitzarekin, baina oraindik tarteko etapan nengoelako zela pentsatu nuen. Sei asteko hitzorduaren ondoren antsietate-krisi handi samarra izan nuen. Damututa nengoen.

Biharamunean, azkenik, ebakuntza egin ondoren erabili nahi nuen arropa probatu ahal izan nuen. Desastre hutsa izan zen. Neskentzako moduko mahukarik gabeko kamiseta bat jantzi eta ispilura begiratu nuen. Bularra lau-laua eta saihetsak oso markatuta ikusi nituen. Izugarria izan zen. Etxera iristean amildu egin nintzen. Oso damututa nengoen. Guztiarengatik sentitzen nintzen gaizki: nire gorputzarengatik, nire bizitzarengatik eta, nik beti oker jokatzen nuen bitartean, inguruko guztiek urtetan nire bide okerra babestu zutelako. Biharamunean, amak mahuka-luzeko bere soineko bat utzi zidan eta egun osoan erabili nuen. Hanketako ilea kendu nuen, testosteronagatik hankak lehen baino askoz ere iletsuago neuzkalako. Negar asko egin nuen egun horietan.

Nire hormona naturalek berriro eragiten hasi zirenean, seme-alaba biologikoak edukitzeko benetako gogoa izaten hasi nintzen. Testosteronaren erabilerak gogor zapalduta izan zuen desio horren agerpena. Ebakuntza egin aurretik sekula ez nuen pentsatu edoskitzearen aukeraz. Ez zen horrelakorik aipatu nire kontsultan. Testosterona utzi ondoren Planned Parenthood-era itzuli eta gomendioa egin eta errezetatu zidan erizainarekin elkartu nintzen. Nire gorputzari zer gertatuko ote zitzaion jakin nahi nuen. Baina berak ez zekien. Etengabe jardun zuen ez dagoela jakiterik esanez. Orduan konturatu nintzen emakume horrek ez zekiela zer esaten zuen ere.

Nire ahotsa ez da lehengoa. Batzuetan, aspaldiko bideoetan nire burua barrez entzutean, min hartzen dut. Aurpegian ilea ateratzen zait eta bizarra kendu behar izaten dut astean edo bi astetik behin. Orain gorputzean ere ilea daukat, lehen ez neukan lekuetan, urdailean eta eskugainetan, adibidez. Oraindik ere tentsio handia sentitzen dut bularrean eta olioarekin masajeak egin behar izaten ditut astean behin baino gehiagotan. Titiburuetan mina izaten dut. Bularrik ez edukitzeak eragina du nire bizitza sexualean. Emakumeen esperientzia sexualaren funtsezko zati bat galtzen ari naizela sentitzen dut, eta horrelako zerbait egiten dudan bakoitzean oso presente izaten dut gabezia hori. Klitoriaren hazkundea ere okerrerako ari zaio eragiten nire bizitza sexualari.

Honen guztiaren jatorria

17 urte nuela, nahaste autista gisa sailkatzen dena Asperger sindromea diagnostikatu zidaten. Ez nuen ulertzen zergatik nituen besteek baino askoz ere arazo gehiago, eta oso bakarrik sentiarazten ninduen. Laguntza behar nuen eta trans identitateak eskaini zidan hori. Bizimodu hobea eskaini zidan, neure buruarekin hobeki sentituko nintzelakoan. Orain 20 urte ditut. Lana eta dirua aurrezten saiatzen naiz. Egunen batean unibertsitatera joan nahi dut. Psikologikoki egonkortzen naizenean mesede eginen dit.

Ez dut nik bezala osasun mentaleko arazoak dituzten eta beren identitatea aurkitzeko borrokan ari diren gazteei halakorik gertatzea nahi.. Ez dut bide honi jarraitzeko presioa egin diezaieten nahi, ez eta hau dela bizitza on bat izateko duten aukera bakarra senti dezaten. Horrelako guneetan ez dizute hori esaten. Nahiago nuke laguntza handiagoa jaso izan banu trans bezala identifikatzen hasi nintzenean eta laguntza medikoa bilatu nuenean. Eta nahiago nuke nire osasun mentaleko arazoetarako laguntza jaso izan banu, trans bezala identifikatu nahi izateko puntura iritsi baino lehen.

https://www.youtube.com/watch?v=26W_IdCIJog

joan mari beloki kortexarena

2026-06-19


Utzi iruzkina: