Le Pen-ek EB aldatu egin nahi du
José Antonio Vizner, informazio ekonomikoa lantzen duen Negocios TV izeneko telebistaren zuzendaria da. Gaurkoan Financial Times egunkari britainiarrak Marine Le Pen politikari frantziarrari eginiko elkarrizketaren inguruko hausnarketa eskaintzen digu.
Financial Times egunkariak Marine Le Peni egindako elkarrizketak Von der Leyen eta Europako eliteak dardarka jarri ditu. Zer jarri du mahai gainean Marine Le Penek? Von der Leyen eta haren gorte osoa joatea. Financial Times egunkariaren azalean ikus daiteke hori. Europako Batasunarekin indar-proba bat, norgehiagoka bat, egiteko asmoa iragarri du. Dagoeneko aurreikusi du hori, hauteskundeak irabazi ez baditu ere. EBren botereetan eta aurrekontuan errotiko aldaketa bat egin nahi du. EBri 11.000 milioi euro kendu nahi diola esan du.
Hautesleak lasaitzen saiatu da, Frantzian zor-krisirik ez dela izanen esanez. Le Peni egindako elkarrizketatik hiru pasarte, hiru ildo nagusi, atera dut; nire ustez, haren programa osatzen dutenak. Le Penena hauteskundeei begirako lehen proposamen programatikoa da, zuzenean herritarrei, inbertitzaileei eta Europari zuzendua. Benetan gogorra da.
Gaur, Le Penek gerra deklaratu dio Bruselari. Europako Batasuna goitik behera aldatu nahi du, Von der Leyenengandik hasita. 2027an —Marine Le Penen ustez— aparteko gertaera bat izanen da. Espainiako, Italiako, Frantziako eta Poloniako hauteskundeek egungo EBren aurkako alderdien kopurua are gehiago handitu dezaketela dio, bereziki Von der Leyenen aurka daudenen kopurua.
Le Penek dio Von der Leyenek dagoeneko ez duela EBko gobernu askoren konfiantzarik, eta normalena dimisioa ematea litzatekeela. Eta ez Von der Leyenek bakarrik, Europa zuzentzen duen talde osoak ere alde egin beharko luke. Europa aldatu egin behar delako.
Le Penen hitzetan: «Badakigu eztabaida gogorra izanen dela, baita indar-proba bat ere». Frantziaren eta Alemaniaren arteko, eta Von der Leyenen aurkako, norgehiagoka bati buruz ari da. Izan ere, beste herrialde askok hau esaten diote: «Estatu nazionaletara itzuli nahi dugu; boterea estatu nazionalen eskuetara itzultzea nahi dugu. Gure subiranotasuna berreskuratu nahi dugu». Hau egungo Europaren amaiera da. Beste Europa bat egonen da, baina hau Frexit petoa da, Frantziak Europako Batasuna uztearen aldeko jarrera garbia. Le Penek esan nahi duena hau da: «Hau amaitu da. EB, kanpora».
Elkarrizketa benetako eskandalua da, dena mahai gainean nola jartzen duen eta Europan premiazko aldaketa bat egin behar dela nola adierazten duen ikusita. Hori da Europako herritarrei zuzendutako mezua.
Inbertitzaileei begira, zorraren inguruko bonba jaurti du. Frantziaren erronkarik handiena «zor izugarri eta erraldoia da, kontrolaezin bihur daitekeena», esan du. Eta elkarrizketan bi kopuru giltzarri eman ditu. Batetik, 140.000 milioi euro: datozen urteetan Frantzian aplikatu beharreko gastu publikoaren murrizketa izanen litzateke. Le Penen arabera, alferrikako gastu ugari ezabatu behar dira, gastu ez-emankorrak. Frantziako gastu guztiak euroz euro berrikusteko beharra aipatu du. Pentsa dezagun Frantzian jendea kalean dagoela, herrialdea sutan jartzen, eta Le Penek hau esaten diela: “Beste 150.000 milioi euroko gastua murriztuko dut”, zorra ordaindu ahal izateko.
Ekonomia suspertzeko, 140.000 milioi euro horietatik 11.000 milioi EBri kenduko dizkiola aurreikusten du. Gastu hori kendu eta gastu produktibora bideratu nahi du. Europak urtero jasotzen dituen 11.000 milioi euro horiek, alegia. Europa dardarka dago une honetan. Europako eliteak ikaraturik daude. Le Pen eliteentzat uste zitekeena baino arriskutsuagoa da; beraz, ez harritu protestak gutxitu beharrean handitzen badira.
Hirugarren ildo nagusia Europako eliteei zuzendua da batez ere. Le Penen planak Europa aldatzea du helburu, eta zuzenean ari zaie eliteei. «Eskumen gutxiago izanen duzue. Boterea estatu kideen eskuetara itzuli behar da. Batzordeak eskumenak bereganatzeko egin dituen ahaleginak atzera bota behar dira. Europako Banku Zentralak aktiboagoa izan behar du, ez dinosauro fosilizatu bat. Eta itunek malguak izan behar dute».
Le Penek ekarpen txikiagoa egin nahi du, EBk egiteko gutxiago izanen duelako eta langile gutxiago beharko duelako. Hori da une honetan mahai gainean jartzen ari dena. Horrek Europako Batasunaren eskumenak murriztea dakar, izan ere, EB arinagoa izatea nahi du: egitura txikiagoa, iraunkorragoa eta kudeatzeko errazagoa izatea. Horretarako, estatu nazionalei eta herritarrei itzuli nahi dizkie inoiz kendu behar ez zitzaizkien eskumenak eta boterea.
https://www.youtube.com/watch?v=-P9LwJMTZmY
joan mari beloki kortexarena
2026-10-19

Iruzkinak
Utzi iruzkina: