Kuba blokeotik aske, Errusiari esker

“Inversor Global TV” izeneko Youtubeko kanalak Kubaren egoera berria azaltzen digu gaurko bideoan. Errusiaren eraginez BRICS elkargoaren kide da egun eta dagoeneko hasi da lehen laguntzak jasotzen. Azken sei hamarkadetan pairatu duen blokeoa gainditutzat eman daitekeela da egoera berriaren albiste pozgarria bezain garrantzitsua.
Kito. Hil da blokeoa. Putinek amaiera eman dio AEBen bahiketari. Errusiak ehun mila milioi bidali ditu Kubara. Kuba ez dago bakarrik. Mendebaldeko foku tradizionaletatik urrun, sinbolo historiko eta geopolitikoz betetako zeremonien erdian, Miguel Diaz Canel Kubako presidentea bazkide gisa hartu zuten Moskun gudu-anaia gisa, ez gonbidatu gisa. Karibeko uharte errebeldearekin itun berria sinatzeko, Vladimir Putinek Errusiak Alemania nazia mendean hartu zueneko 80. urteurrena ospatzen zuen eguna aukeratu zuen.
Errusia eta Kubaren arteko 2030 plana ez da asmo hutsalen katalogoa. Kubako ekonomiaren sektore osoak errotik eraldatzea helburu duten helmuga zehatzak finkatzen ditu. Energia elektrikoa, osasuna, bioteknologia, agroindustria, turismoa, azpiegitura eta banku sistema dira berpizkunde honen zutabeak. Blokeoaren kateak tresna, inbertsio, ezagutza eta burujabetzaz hautsi nahi dira. Dmitri Chernishenko Errusiako lehen ministrordeak argi adierazi zuen Kuba bazkide fidagarria dela eta konpromisoak betetzeko benetako gaitasuna duela.
Sortzen ari dena arkitektura ekonomiko berri bat da Karibealdean, Moskuk bultzatua eta sustrai sakonak dituena isolamenduz eta mehatxuz betetako hamarkadak jasan dituen diplomazian. Errusiaren babesa estatuaren diru-laguntzetan, egitura-proiektuetan eta uharterako inoiz ikusi gabeko finantza-erraztasunetan gauzatuko da.
Enbargoak gehien kolpatu duen sektoreetako bat energiarena izan da, zalantzarik gabe. Urteak eman ditu Kubak itzalaldiak eta eskasiak jasaten, bere garapena ito nahi izan duen blokeo baten ondorioz. Orain, Errusiako makinaria teknologikoak Kubako sare elektrikoa berreraikitzeko asmoa du, termoelektrikoetatik hasi eta iturri berriztagarrietaraino, menpekotasunarekin moztu eta benetako subiranotasun energetiko bati bide emanez.
Bioteknologia eta osasuna ere frontearen parte dira. Zientzia medikoa funtsez eta Errusiako lankidetzaz sustatuko da, hirugarren adineko biztanleentzat zuzendutako farmako berritzaileak garatuz. AEBetako industria farmazeutikoak patenteak eta bizitzak monopolizatzen dituen mundu honetan, Kubaren erantzuna argia da: zientzia propioa, aliantza subiranoak.
Novicombank banku errusiarrak uhartean duen instalazio formala Washingtonen finantza hegemoniari emandako zaplaztekoa da. Ez da banku sukurtsal bat soilik, Swift sistemari izkin egiteko plataforma da, ordainketa alternatiborako kanala, dolarrari ihes egiten dion moneta sistema. Habanatik Eurasiarantz finantza ordena berri bat sortzen ari da, Kubako porrotaren kontakizuna zeharo erortzen den bitartean.
Katerik gabeko turismoa. Horizonte berri horretan, etorkizuneko turismoaren mapa ere marraztu du Errusiak. Mendebaldeko agentzien edo Miamin edo Delawaren sinatzen diren lizentzien menpe egon gabe, Kuba bere herritarrentzako helmuga turistiko kuttuna bihurtzea planteatu du Moskuk. Hegaldiak, resortak, ibilbide kulturalak eta baldintzarik gabe birsortzen den industria proiektatzen dira. AEBetako filtrotik pasa gabe, errusiarrek, txinatarrek, iraniarrek eta brasildarrek Karibealdea bisitatu ahal izanen dute.
Laguntza humanitarioz mozorrotuta, beti kontzesio umiliagarriekin batera iritsi ziren Mendebaldearen promesak ez bezala, errusiar konpromisoa lankidetza subiranoa da. Lehen ministrordeak argi utzi zuen. Ez da bide erraza izanen, baina elkarlan hori hasia da dagoeneko eta fruituak uste baino goizago irits daitezke. Ez dago inposiziorik, koordinazioa dago. Ez dago menderakuntzarik, aliantza dago. AEBek uhartearekin inoiz eraiki ezin izan duten harreman mota da Errusiarekikoa.
Kuba orain ez dago karitatearen menpe. Sare geoekonomiko bat eraikitzen ari da, Errusia, Txina, Iran, India eta BRICS herrialdeekin batera. Mendebaldeko ordenaren alternatiba erreal gisa azaleratzen ari den koalizioa. Nazio Batuen Erakundean, urtez urte, ia aho batez lortu dute blokeoaren aurkako salaketa. Baina orain adierazpen hutsa baino gehiago dago. Ekintza dago, kapitala dago, proiektuak daude martxan. Diskurtsoekin geldituko ez den ekaitza piztu du Vladimir Putinek. Iragarpen diplomatiko gisa hasi zuena gaur benetako eraldaketa ekonomikoa da. Kubako bakardadearen amaiera. Blokeoarenak egin du.
Errusiak Kuban inbertituko dituen milioi askoko injekzio horren iragarpena ez da mugarri ekonomikoa soilik, ohartarazpen geopolitiko bat baizik. AEBek dagoeneko ez dute eskualdeko ekonomia eta narratiba kontrolatzen. Kubako herria makurrarazteko sei hamarkada baino gehiagotan erabilitako zigor tresna den enbargoa pitzatzen hasi da. Lehen hesi hautsezina zirudienak orain arrakala sakonak erakusten ditu eta arrakala horiek Mosku ari da eragiten, akordio zehatzekin eta epe luzerako ikuspegiarekin. Vladimir Putinek argi utzi du ez dela karitatea edo propaganda, aliatu historikoak berreskuratzeko estrategia baizik. Hori da multilateralismoaren funtsa. AEBen hegemoniaren higaduraren aurrean, bloke eurasiarrak aliantza berriak ehuntzen ditu, eta Kubak leku pribilegiatua du konstelazio berri horretan.
Gaur, etorkizuna Habanatik idazten da, errusiar tinta, kubatar ausardia eta munduarentzako mezu argi batekin: blokeoa hil egin da. Kubak, BRICS nazioekin bat eginik, aldaketa sismikoa markatzen du. Lehen aldiz uhartea ez dago isolatuta, gorabidean dauden herrialdeen sare globalean ehunduta baizik. BRICSen sartuta, Kubak bere ekonomia eta eguneroko bizitza aldatzeko aukera du, merkatu berrietara, teknologia aurreratuetara eta lankidetza-proiektuetara sarturik.
Mundua begira dago. Nazioarteko analistek Kariberako inflexio puntu bezala hartzen dute jokaldi hau. Botere egitura zaharrak desafiatuz, Kubaren ahotsa agertoki diplomatikoan anplifikatu egin da. Oinezko kubatarrentzat itxaropena, enplegu berriak, azpiegitura hobea eta bazkide globalekin batera berritzeko aukera esan nahi du. Irla dagoeneko ez da peoia, jokalaria baizik. Enbargoaren aroa amaitu da. Orain Habana kanpora begira dago, loturak landuz, oparotasuna eraikiz eta helmuga berria idatziz. Kuba lider izateko prest dago.
https://www.youtube.com/watch?v=b1TenuI73_Q&ab_channel=InversorGlobalTV
joan mari beloki kortexarena
2025-07-31
Iruzkinak
Utzi iruzkina: