"Konbentzionalekin aski ez bada, nuklearrekin"
Serguei Karaganov irakaslea Kanpo Politikako eta Defentsako Kontseiluko presidentea da eta atzerri politikan eragin handiena duen akademiko errusiarretako bat. Brezhneventzat hitzaldiak idatzi ditu eta Gorbatxov, Jeltsin eta Vladimir Putinen aholkularia izana da. Errusiako doktrina nuklearra aldatzearen defendatzaile nagusietako bat izan zen eta Putin presidenteak bere proposamen asko onartu zuen.
Denbora luzez aritu naiz gobernuan dauden nire kideak kritikatzen Mendebaldearen erasoak toleratzeagatik, irtenbide bat aurkitu ahal izanen genuelakoan, baina irtenbide hori ez da inon agertzen. Beraz, 2023tik proposatzen ari naizenera itzuliko naiz. Erabateko gerra dugu Errusiaren aurka. Eta gerra hau irabazi behar dugula da arazoa orain. Alde batetik, Ukrainako gerra odoltsu hau geldiarazteko, lehenago edo beranduago mailaz igoko baita eta, bestetik, estatubatuarrak Ekialde Hurbila ezegonkortzen hasiak direlako.
Gerra honek onura asko ekarri dio Errusiari. Geldotasunetik atera gara, geure arima eta ohorea berreskuratu ditugu. Geure gizartean benetan baliotsuak diren pertsonak baloratzen hasi gara, elite meritokratikoak, akademikoak, medikuak, ofizialak eta herrialdea indartsuago, osasuntsuago bihurtzen ari da. Baina bizitza gehiegi ordaintzen ari gara. Beraz, nire gobernuari Europako gerra honi amaiera eman diezaion aholkatzen diot, koska bat gora eginez. Lehenik eta behin, Europako zenbait puntu sinboliko eta logistikori arma konbentzionalekin erasoz. Eta gero, amore ematen ez badute, eraso nuklearrekin jarraituz. Amore ematen ez badute, Europako herrialde batzuk hil egin beharko dira. Hori da nire iradokizuna, nahiz eta Jainkoari eskatzen diodan -ni fededuna naiz- horrelakorik ez gertatzea.
Jende horrek burua galdu du, historiaren zentzua galdu du. Elite horiek zigortu egin behar dira. Horregatik proposatzen dut gure doktrina militar nuklearrak ez dezala arreta Errusiaren aurkako erasoak haiei burutik kentzean bakarrik jarri, baizik eta Europako eliteak zigortzean ere, beren bunkerrak deuseztatuko dituzten munizio bereziak erabiliz. Lehen erasoek Europako eliteen aurka izan beharko lukete, burugabe ari baitira. Haiek sufritu behar dute lehenik, ez Europako herriek.
Duela hiru urte ni gutxiengo baten ahots harroa nintzen. Orain gehiengo ikaragarri baten ahotsa naiz, bai arlo militarrean bai zirkulu politikoetan eta gizartean ere. Mendebalde historikoa, 500 urtez mundua arpilatzea ahalbidetu zion nagusitasun kultural, politiko eta ekonomikoa galduz joan delarik, errebantxa hartu nahian ari da. Europarrek ez dute ulertzen zertan ari diren, baina estatubatuarrek bai. Trump jaunak esan dioten bezala zuzentzen ari da bere herrialdea, errebantxa historiko horren norabidean. Baina guk ez dugu hori onartuko.
Alaskaren izpiritua txantxa hutsa da. Noizbait su-eten motaren bat onartu ahal izanen dugu, noski, baina hori ez da bakea izanen. Bakea lortzeko, ezinbestekoa da Europako eliteak beren herriek eta estatu sakonek baztertuak izatea. Erotuta daudelako eta beren herrialdeak gerra handi baterantz daramatzatelako.
Gerra hau azaleko zerbait izatea nahi nuke, Ukrainarekin eta beste ezer gutxirekin zerikusia duena, baina ez. Mundu gerra da eta Mendebalde zaharraren errebantxa saiakera da. Hori nola ekidin, hitzarmenak nola lotu, soluzio partzialak nola aurkitu pentsatzen aritu gara aspaldi. Minsk-eko prozesua hiru urtez landu genuen eta akats izugarria izan zen. Eta orain Alaskaren izpirituaz ari gara. Alaskaren izpiritua tranpa edo akatsa da. Hala ere, espero dut estatubatuarrak eta errusiarrak ados jar daitezen elkarrekiko jokabidearen zenbait arauren inguruan. Hori bai, europarrak ez dira joko horren parte izanen.
Ukrainako erregimena suntsitu
Europan gauzak muturreraino eramaten ari dira. Gure etsaiak eskala handian zigortzen hasi beharko dugun puntura iristen ari gara. Nahiago nuke erabateko gerra nuklearra piztu gabe. Baina aurretik, egin dituzten eta Gerra Hotzaren egunik txarrenetan ere ikusi ez ziren krimenak zigortu egin behar dira. Egiteko modu asko daude eta prestatzen ari gara. Lehenik eta behin, Europan bertan garrantzitsuak diren helburuei eraso eginez. Baina hori baino lehen, Kieveko erregimena suntsitu beharko dugu, eskalada nuklearrera igo gabe. Nire herrikideei ematen diedan aholkua eskalatzea da, lehenik arma konbentzionalekin helburu sinboliko, logistiko edo militarrak erasoz. Eta gero, gelditzen ez badira, bonba nuklearrak erabiliz.
Gure doktrina nuklearrak dio gerra nuklear batean ez dela garailerik izanen. Hori ergelkeria hutsa da. Gerra nuklear batean garailerik izan daiteke eta izanen da. Ahalguztidunari eskatzen diot hala izan dadila, bereziki Europan. Europako bizilagun batzuei ultimatuma emateko aukera ere izanen dugu. Europa aldean baja gutxi eragin nahi ditugu, baina nekatuta gaude gure gizonik onenak Europa deitzen den zabor honetan galduta.
Ahalmen ekonomiko, teknologiko eta demografikoan gure gainetik dauden herrialde-talde batek eraso egiten badigu, eskubidea ezezik beharra ere badugu arma nuklearrak erabiltzeko. Planteatu dut, halaber, komandante-buruak bere boterearen zati bat Europa eremuko komandante-buruarengan delegatzea. Jeneral horrek eskarmentu handiko ofizialen babesa du, eta berak hartuko luke bere gain erantzukizuna eta baloratuko luke baliabide guztiak erabiltzeko aukera edo beharra, baita arma nuklearrak ere, Errusiaren aurkako gerra oldarkorra piztu duten Europako herrialdeen aurka. Ez dut Europa desagertzea nahi, ni kulturalki europarra naizelako. Baina nire herrikideei gogorarazten diet Europa dela gerra guztien, genozidio guztien, giza historiako gauzarik txarrenen iturria. Espero dut, guztion onerako, gai izanen garela hori saihesteko. Baina europarrek beren herrialdeak amildegira eramaten ari direla ulertu behar dute.
Errusiaren aurkako gerra hau AEBek piztu zuten. Orain alemaniarrak eta britainiarrak beren betiko jokoa jokatzen ari dira, Europan gerra eragin nahian, kontinentea ahultzeko. Hori izan da mendetako beren ohitura txarra. Eta Alemaniari dagokionez, kantzilerrak Europako armada indartsuena edukitzea eskatzen duenean, Alemania erabat desegitea eskatzen ari da.
Europak zigortua izan behar du
Orain garrantzitsuena Europako eliteek erasorako duten borondatea haustea da. Eraso bat burutzen ari dira eta horregatik zigortuak izan behar dute. Frantziako presidenteak disuasioa zabaltzeaz hitz egiten duenean, frantsesek traidoretzat hartu beharko lukete, Paris Erresuma Batuaren edo Berlinen onerako sakrifikatzeko prest egoteagatik.
Gure barne eztabaidetan nire gobernua kritikatzen ari naiz pirateria ekintzekin bigunegia izateagatik. Behar izanez gero, Danimarkako kanalak itxiko balira adibidez, ez litzateke Danimarkarik geratuko. Serio hartu behar dugu ergel horiek zentzutasuna berreskura dezaten.
Eraso nuklear mugatu batek zakur amorratu horiei zentzua itzuliko balie, gizateriaren salbatzailea izanen litzateke. Kapitalismo modernoa gizakiari gizatasuna kentzen ari zaio. Munduan izan zuen nagusitasuna berreskuratu nahian dihardu bera arpilatzea ahalbidetu zion Mendebaldeak. Baina hori ez da berriro gertatuko. Nahiago nuke bideko punturen batean elkarren arteko errespetuan oinarritutako mundu multipolarra eraiki ahal izatea, mundu askoz baketsuagoa. Baina gutxienez 20 urteko gerrak ditugu zain.
https://www.youtube.com/watch?v=aHx-in55wuk
joan mari beloki kortexarena
2026-05-15

Iruzkinak
Utzi iruzkina: