Kirola eta politika ongi uztartuta

belokijmari@gmail.com 1700442561683 EUSKAL HERRITIK | 2025-09-11 23:34

belokijmari@gmail.com 1757626661843

Azken pedalkadak ematen ari da 2025eko Espainiako Vuelta. Eta, ala zankoa, aurtengoak eman du hitz egiteko eta eztabaidatzeko aukerarik. Torino (Italia) hiritik abiatu zen abuztuaren 26an eta lau egunez Italiako eta Frantziako herri eta hiri askotxo zeharkatu zuen. Lau etapak ohiko moduan egin ziren, Espainiatik kanpo egin zirela salbuesten badugu.

Boskarren etapa Figueres (Katalunia) hirian jokatu zen, taldekako erlojupeko gisa. Bide osoan zehar Palestinaren bandera ugari ikus ahal izan zen, aurreko lau etapetan ez bezala. Une batean, Israel Premier Tech izena duen taldeari ekintzaile batzuk jazarri egin zitzaizkion pankarta eta Palestinako banderak eskutan zituztela. Taldea hango lurretan ez zela ongi hartua izan seinale. Hamaikagarren etapak txirrindulariak Bilbora ekarri zituen eta arazoak larritu egin ziren, Itzuliaren zuzendaritzak etapari amaiera hiru kilometro falta zirela eman baitzion, etapa garailerik gabe utzita. Hamaseigarren etapan beste hainbeste gertatu zen, eta honetan arduradunek zortzi kilometro aurreratu zuten helmuga, azken mendatea igo gabe utzita. Arazo asko eta eztabaida handiak izan dira egunotan mundu osoko telebista eta egunkarietan.

Inork espero ez zuen zerbait handi samarra eta esanguratsua gertatu da eta herritar, zaletu, kirol arduradun eta politikari ugari mintzatu da egunotan, denetarik esanez. Ohiko topikoak entzun ahal izan ditugu -nola ez-, baina ñabardura berriak ere. Une egokia da hauxe, ondorio batzuk ateratzen saiatzeko.

Lehenik, arreta eman du Italia eta Frantziako lurretan zehar ez dela Palestinaren aldeko mugimendurik ikusi. Eta penintsulan sartu orduko, Palestinaren aldeko sentimenduak biziki plazaratu dira eztanda moduko zerbait eginez. Kasualitatea ote da palestinarren aldeko surik gartsuena Katalunian, Euskal Herrian eta Galizian piztu izana? Politikan kasualitateak gutxitan eman ohi dira. Herri ukatuen artean elkartasuna oso barrutik bizi dugulako izan dela esanen nuke.

Bigarren hausnarketa aspaldiko topiko baten inguruan egin nahi dut. “Kirola eta politika ez dira nahasi behar”. Egungo sistema politikoari bere horretan eutsi nahi diotenek hamarkadak daramate lelo hau astintzen ekintzaileen jarduerak gutxiesteko. Baina oraindik ongi saltzen al da mezu hau? Modaz pasata zegoela uste nuen eta, egia esan, ez dirudi oso emankorra denik. Baina, hala ere, kazetariek eta lasai bizi nahi dutenek maiz errepikatzen jarraitzen dute.

Ikus dezagun, ba, egun dugun sistema politikoak nola duen jasoa kirola bere baitan. Has gaitezen lege nagusia den Konstituzioarekin. 43.3 artikuluan "Botere publikoek osasun-hezkuntza, gorputz-hezkuntza eta kirola sustatuko dituzte” irakur liteke. Hara!, sistema politikoaren oinarri-oinarrian kokatzen da kirolaren inguruko interesa. Aurrerago, Konstituzioaren aginduz, 2024ko abenduaren 30ean, kirol jarduera arautzen duen legea onartu zen Madrilgo Parlamentuan eta Espainiako Errege Felipe VI.ak sinatu zuen baliozkotzeko. Arraioa!, egia ote da kirolak eta politikak ez dutela zerikusirik? Aurrekoa gutxi balitz, Europako Kontseiluak 2021eko urrian “Kirolaren Europako Gutuna” onartu zuen eta Kontseiluko kide diren herrialde guztientzako gomendio gisa zabaldu zen Europako Batasun osoan. Aipatu dokumentu guztietan adierazten da “herritar guztientzat funtsezkoa dela jarduera hau eta botere publikoaren arreta eta babes berezia behar duela”. Behin Espainiako Itzulian eztabaida lehertuta, Espainiako Kanpo-Harremanetarako ministro José Manuel Albaresek Israel Premier Tech Itzulitik kanporatu egin beharko litzatekeela esan duela azaldu da prentsan. PSOEren Kongresuko bozemale Patxi Lópezek esan du ekintzaileen “protesta zilegia dela, herritar gehienek pentsatzen dutena adierazteko”. Israelgo Lehen Ministro Netanyahu ez da isilik geratu eta taldearen “kemena” goraipatu zuen, “gorrotoaren aurrean amore ez emateagatik”. Parrafo xume hau aski ote da plazaratzeko agian kirolak eta politikak badutela loturarik?

Ez dago gaizki gogora ekartzea Israel Premier Tech taldearen sortzaile eta jabea den Sylvan Adamsek -nazien semea dena, besteak beste- bere gain hartu duela munduan Israelen irudia sustatzeko zeregina. Beste modu batera esanda, talde honek Israelen enbaxadore gisa dihardu munduan barrena.

Gehiegi ez luzatzearren, txirrindulari bakar baten hitzak ekarriko ditugu hona. Vuelta irabazteko faborito nagusia den Jonas Vingegaarden hitzak dira: “Jendeak protesta egiten du arrazoi batengatik. Izugarria da gertatzen ari dena. Entzunak izateko beharra dute”.

Beste hau ere aipatu gabe ezin utzi. Espainiako telebista publikoan, etapen inguruko informazioa eta iritziak ematen diharduten profesionalei egun batean entzun zitzaien, deskuiduan, mikrofonoak itzalita zeudela pentsatzen zutela, herritarrek arrazoia zutela protestak egiterakoan. Nahiz eta minutu gutxi batzuk aurretik ekintzaileen lana zorrotz kritikatu zituzten.

Amaitzeko, nola ahaztuko dugu 2022an, arrazoi politikoak tarteko, Gazprom izeneko talde errusiarrari UCI Nazioarteko Federazioak lasterketetan parte hartzeko debekua jarri ziola eta hiru urte daramala parte hartu ezinik? Eta futbolean, saskibaloian eta gainerako kiroletan ez Errusia bezala eta ez klub gisa joka dezaketela Europako herrialde hartako klubek eta kirol federazioek? Bitartean Tel Aviveko Maccabi eta Israelgo kirol talde guztiek eskubide osoz dihardute Europako txapelketetan. Non da koherentzia? Zergatik bi jarrera kontraesankor hauek? Errusiako politika kritikagarria da eta Israelen jarrera genozida ez?

Laburtuta, kirola politikan guztiz txertatuta dago eta herritarrok protagonismoa izan dezakegu bere garapenean. Bereziki, instituzioek eta politikariek beren betebeharrekin zintzo jokatzen ez dutelarik.

joan mari beloki kortexarena

2025-09-11


Utzi iruzkina: