Kapitalismoa ez diren bestelako ereduak
Clara Muñozek honako galdera hau egin digu -dio Adrian Zelaiak-: “Kapitalismoaren arrakastetako bat bestelako eredurik ez dagoela guri sinetsaraztea izan da. Nola desegin sorginkeria hori?”
Galdera honek erantzun asko du. Erantzuna ikuspegiaren eta erantzuteko moduaren araberakoa da. Arlo politiko-ideologikoan, hitzek esanahi desberdinak hartzen baitituzte.
Zergatik? Politikoki edo ideologikoki garrantzitsuak diren hitzen esanahia manipulatzeko joera dagoelako. Guztiok eman ohi dizkiegu gustuko ditugun hitzei ezaugarri positiboak, eta gustuko ez ditugunei, berriz, ezaugarri negatiboak. Horrela, azkenean, hitzek hainbat esanahi desberdin hartzen dute.
Kapitalismo hitzarekin hori gertatzen da. Ekonomiaren arloan nolabaiteko batasuna eta adostasuna dago kapitalismoa zer den definitzeko orduan. Baina kapitalismoaren mugak zehazten hasten garenean ñabardura garrantzitsuak sortzen dira.
90eko hamarkadatik aurrera, kapitalismoa ez den bestelako eredurik ez dagoela eta bizi garen eredu neoliberala posible den eredu bakarra dela dioen ideia indartu zen. Hori izan zen 90eko hamarkadatik aurrera hedatu zen pentsamoldea.
SESBen desagerpena
Horren oinarri nagusiak Sobiet Batasunaren eta Bloke Sozialistaren desagerpena izan ziren, baita Txinako ekonomian merkatu-mekanismoak gero eta gehiago txertatzea ere. Horrek guztiak kapitalismoa ez den bestelako eredurik ez dagoenaren pertzepzioa sortu zuen. Horri gehitu behar zaio Mendebaldeko korporazioek egindako lan ideologiko handia.
Faktore horien guztien ondorioz, gero eta ahulagoak bihurtu ziren bestelako ereduak defendatzen zituzten indarrak; ez soilik kapitalismoaren alternatibak, baita azken 35 edo 40 urteotan bizi izan dugun kapitalismo-eredu zehatzaren alternatibak ere. Errealitate hori hor dago. Nola hautsi dezakegu sorginkeria hori?
Lehenik eta behin, errealitatea aztertuz. Ondoren, datu objektiboetatik abiatuta, borroka ideologikoa eginez, jendea datu horiez jabetu dadin. Eta hori oso zaila da. Azken 40 urteotan komunikabideak korporazio handientzat estrategikoak diren gai guztietan korporazioen interesen mende daudelako.
Gure inguruko alderdi nagusiak -Alderdi Sozialista, Alderdi Popularra, EH Bildu eta EAJ-PNV- kapitalismo neoliberalaren estrategiaren mende daude, korporazio handiek ezarritako estrategia delako.
Objektiboki hitz eginda, badira kapitalismoa ez diren ereduak. Baina kapitalismoaren alternatibak izateak ez du nahitaez positiboak direnik esan nahi. Azken urteotan, batez ere neoliberalismoaren higadura gero eta handiagoaren aurrean, bestelako proposamenak definitzen hasi dira. Proposamen horiek korporazioen kontrol handiagoa izanen luketen ereduak planteatzen dituzte.
Horren adibide bat Varoufakis-ek aipatzen duen tekno-feudalismoa da, adimen artifizialaren arloan lan egiten duten enpresa teknologikoekin lotura estua duena. Beste adibide bat kapitalismo inklusiboaren proiektua da, 2020an Munduko Ekonomia Foroaren eskutik proposatu zena, Berrezarpen Handia (Great Reset) izeneko ideian oinarrituta.
Proiektu horiek guztiak korporazioetan oinarritutako proiektuak dira. Ez dute herritarren interesak hobeki defendatzeko aurrera egin nahi izaten. Aitzitik, korporazioen pisu handiagoa izanen duen eta ekonomikoki bideragarria izanen den eredua bilatzen dute.
Gorabidean diren herrialdeen ereduak
Aurrekoez gain, gorabidean diren herrialdeek proposatzen dizkiguten ereduak ditugu, kapitalismoa ez diren ereduak dira, eta horietako batzuei buruz zalantzak sortzen dira kapitalistak diren ala ez erabakitzeko orduan. Dena kapitalismoaz ulertzen dugun moduaren araberakoa da. Eredu desberdinena, zalantzarik gabe, Bielorrusiarena da.
Bielorrusia kasu harrigarria da. Bederatzi milioi biztanle dituen herrialdea da, industrialki garatua, eta, begiratzen den moduaren arabera, enpresa-sarearen % 60-70 inguru jabetza publikoa duena. Eredu sozialista argia da, eta funtzionatu egiten du. Horregatik, arreta handiagoa merezi luke.
Arrazoi bat edo beste dela medio, beren burua aurrerakoitzat, ezkertiartzat eta abar jotzen duten alderdiek ere ezkutatu egin digute eredu hori. Hala eta guztiz ere, Europan dagoen bestelako eredu erradikal bakarra da.
Bestalde, gorabidean dauden hainbat herrialderen kasua dugu, batez ere Txinarena. Herrialde horiek sozialistak al dira? Asko eztabaidatu da horri buruz, baina kapitalismoaz eta sozialismoaz ulertzen dugun eraren araberakoa da erantzuna.
Estatuko enpresek eta enpresa pribatuek duten pisu erlatiboari erreparatzen badiogu, Txina argi eta garbi eredu kapitalista izanen litzateke. Baina badago beste irizpide bat: zeinek duen benetako agintea. Ikuspegi horretatik, Txina sozialistatzat hartu beharko genuke, edo, gutxienez, ez kapitalistatzat.
Izan ere, sozialismoaren beste ikusmolde baten arabera, langileek eta herritarrek botere politikoa duten unean hasten da sozialismoa. Sozialismoaren ikuspegi politiko hori asko landu eta aztertu da Txinan bertan. Hau da, botere politikoa interes korporatiboen ordez interes orokorren zerbitzura dagoenean, hori sozialismoa litzateke, nahiz eta enpresa-sarea pribatua izan edo pribatua izaten jarraitu.
Hori horrela bada, gorabidean dauden herrialdeen —Txina, Errusia eta abarren— oinarrizko eredua sozialista litzateke, zentzu politikoan, ekonomikoan baino gehiago. Gobernuak enpresa pribatuen gainetik egotea da herrialde horien funtsezko ezaugarrietako bat. Hori oso argi geratzen da Txinan 2012tik aurrera, Xi Jinping boterera iritsi zelarik, eta Errusian 2000. urtetik aurrera, Vladimir Putinen taldea boterera iritsi zenetik. Hori izanen litzateke herrialde bat sozialista dela ulertzeko lehen irizpidea. Botere politikoa herritarren zerbitzura egotea da abiapuntua eta ekonomia herritarren interesen arabera antolatzea.
Bigarren ikusmoldearen arabera, enpresa-sektorearen zatirik handiena jabetza publikoaren esku egotea izanen litzateke sozialismoaren ezaugarria.
Eta hirugarren ikusmoldearen arabera, gorabidean dauden herrialde horietan, botere politikoa korporazio pribatuen boterearen gainetik egotea oinarrizko irizpidea denez, ekonomiaren funtsezko sektoreen pisua jabetza publikokoa izateko joera dago.
Beraz, alternatibez hitz egiten dugunean, neoliberalismoa ez diren bestelako ereduez ari gaitezke, edo XVIII. mendearen amaieran eta XIX. mendearen hasieran industria-kapitalismo gisa sortu zen kapitalismoa ez diren bestelako ereduez. Bi kasuetan, gorabidean dauden herrialdeei begiratu behar diegu, gaur egun funtzionatzen ari diren eta arrakasta izan dezaketen bestelako ereduak definitzeko garaian. Norbaitek neoliberalismoaren alternatibak direla esanen du eta ez kapitalismoarenak. Hor sartuko ginateke kapitalismo edo sozialismo hitzei eman diezazkiekegun interpretazio desberdinen eremuan.
Sorginkeria desegin
Kapitalismoa ez den bestelako eredurik ez egotearen sorginkeria hori gizarte-mailan eta iritzi publikoan haustea oso zaila da, iritzi publikoaren sorrera interes korporatiboek oso kontrolatuta duten gizarte batean.
Hor dugu Internet, iritzia sortzeko eta zabaltzeko tresna oso garrantzitsua. Sorginkeria hori hausteko egin dezakeguna pertsona bakoitzaren araberakoa da. Gutako bakoitzak, prestakuntza jasotzeaz eta informazioa biltzeaz gain, informazio hori ditugun tresnen bidez kontrastatu edota zabaldu egin lezake. Interneten modu aktiboan aritzea garrantzitsua da informazioa eskuratzeko, biltzeko eta zabaltzeko.
Eta, ondoren, betiko gaia dugu: talde politikoena. Oso zaila da bestelako iritzi publikoa sortzeko bidean aurrerapen esanguratsuak egitea aldaketa politikorik ez badago, klase politikoan aldaketarik ez badago. Eta hor berriro gatoz betiko gaira: herritarrak defendatuko dituzten erakundeak behar ditugu.
Zer erakunde? Ba, kasu batzuetan, dagoeneko existitzen direnak; baina, oro har, erakunde berriak sortu behar dira. Ingurura begiratu, sortzen ari diren erakunde horiek ikusi, eta hazten eta garatzen lagundu.
https://www.youtube.com/watch?v=s1PZYpNYoJU
joan mari beloki kortexarena
2026-11-12

Iruzkinak
Utzi iruzkina: