Junts, EAJ eta EH Bildu

belokijmari@gmail.com 1700442561683 EUSKAL HERRITIK | 2025-10-29 02:12

belokijmari@gmail.com 1761701150779

“Demokraziak eskaini zigun aukera balia zitekeela, eta merezi zuela denbora, ahaleginak eta arriskuak eskaintzen jarraitzea uste genuen. Bruselako akordioaren lehen tarte honen, legealdiaren lehen zati honen, amaierara uste hori gertakarien bidez erakutsita iritsiko ginela uste genuen. Halaber, egunen batean akordio batera irits gintezkeela, geure hizkuntzaren babesa eraginkor eginen lukeen aitorpen nazionala lortuta, eta autodeterminazio-eskubidea egikaritu ahal izanen genuela katalanen errepresioaren mehatxurik gabe, duela zortzi urte egin genuen bezala, belaunaldiz belaunaldi guztiok ongi gogoratuko dugun eguna.

Ahal genuen guztia egin genuen akordio hau bete zedin, baina gure ahalegin bakarra ez da nahikoa izan. PSOEren ustez, bere garaiak eta erritmoak ziren baliozko bakarrak. PSOEk bere ahultasun parlamentarioari muzin eginez jokatu du eta ez die kasurik egin 22 hilabete hauetan eta Suitzan egin ditugun 19 bileretan bidali dizkiogun abisuei eta seinaleei.

Beste batzuk ez bezala, gu ez gaude prest Kataluniari laguntzen ez dion Gobernu bati laguntzen jarraitzeko. Ez Gobernu honi, ez Kataluniari laguntzen ez dion beste inori. Gurea ez da Espainiaren egonkortasuna helburu duen proiektu politikoa. Kataluniari ondo badoakio, hitz egin dezagun, bestela agur.

Guzti honengatik erabaki du Zuzendaritza Exekutibo Nazionalak PSOEri babesa emateari uztea eta oposizio egiteari ekitea. Erabakia militantziaren esku utziko dugu. Aldez aurretik, proposamena ezohiko eta premiazko Kontseilu Nazionalaren esku jarriko dugu, bihar arratsaldeko 7:30etan, hautestontziak asteazken goizeko hamarretatik ostegun arratsaldeko seiak arte militantziari ireki ahal izateko. Orduan ezagutuko dira emaitzak(Carles Puigdemont, 2025-10-28).

Honela mintzatu da Junts per Catalunyaren presidentea duela ordu batzuk. PSOEri zuzendu dion erronka handia da, legealdirako hitzarmena hautsitzat eman duelako eta PSOEren Gobernua, babes honen ezean, hanka motz geratzen delako gobernatzen jarraitzeko orduan.

Juntsen zuzendaritzak PSOEk bilera ugari eta hilabete askoren ondoren agindutakoak ez dituela bete dio. Eta baldintza horietan, legealdi erdia igarota, aski dela eta konfiantza amaitutzat emateko ordua iritsi dela. Hizkuntza nazionalaren eta autodeterminazio eskubidearen inguruan oinarritu dute hitzarmenaren haustura.

Garbi adierazi dute ere beren lehentasuna ez dela Espainiaren egonkortasuna, Kataluniaren etorkizuna baizik.

Alegia, alderdi politiko eskuindar horrek tinko adierazi du kokoteraino daudela alderdi espainiarrekin ez dutelako beren zentralismo historikoa gainditzeko urrats txikiena ere ematen. PSOEk alderdiaren estatutuetan Espainia estatu multinazionala dela aitortzen du eta bere arduradun politikoek behin baino gehiagotan baieztatu dute hori. Baina hitzetatik harago inoiz ez dute pausorik eman. Eta okerrena, ez zaie emateko borondaterik antzematen. Zazpi urte igaro dira Pedro Sánchez presidente denetik. Deus aurreratu al da afera honetan? Ez, noski.

1980an onartu zen Madrilen Gernikako Estatutua eta oraindik -45 urte eta gero- bete gabe dago. Hegoaldea elkarrekin egituraketa instituzionalen bat izateko ez da aurrerapausorik eman. Euskara botere judizialetik noiznahi erasotua da. Autodeterminazioaz hitz egin ere ez da egiten. Nafarroa Garaian arazo gaindiezinak baldin badaude guardia zibilak errepideetatik kentzeko, zenbat falta zaigu geure buruen jabe izan ahal izateko?

EAJk eta EH Bilduk zer hausnarketa egiten dute honetaz guztiaz? Euskal Herriarentzat, egun nahikoa al da PP+Vox balizko gobernua irits ez dadin Pedro Sánchez babesten jarraitzea, deusen truke? Edo bakarrik jauntxoen mahaitik erortzen diren ogi apurren truke?

Ez dira urte asko igaro Euskadiko Ezkerrakoak Madrilgo Parlamentura joaten hasi zirenean “españolistak” eta halako loreak eskaintzen genizkiela, Madrilen euskaldunok dena galtzeko genuelako, etsaiaren eremuan jokatuz ezin genezakeelako deus garrantzitsurik eskuratu Euskal Herriarentzat. EAJkoei leporatzen genien lau sosen truke saltzen zutela Euskal Herria, hemengo oligarkiaren interesak defenditzera joaten zirela denok garbi ikusten genuelako. Hain garrantzitsua al da gaur Madrilgo Parlamentura joatea? Non da euskaldunon burujabetzaren grabitate zentroa, Madrilen ala euskal lurretan?

Euskal Herriaren eta Gazaren egoerak konparaezinak badira ere, gazatarrek zerbait handia erakutsi digute: beren erresilientzia, beren lurretik atera gabe etsai basatiari aurre tinko eginda nola irabaz dakiokeen sokatira. Euskaldunok inoiz burujabetzaranzko urrats garrantzitsurik emanen badugu, gure lurretan erakutsitako erresilientziagatik izanen da, ez etsaiak eroso agintzen duen lekuan sartuta. Hitz egitera joan daiteke. Baina indarra hemen egin behar da. Eta indarra erakusteko borroka egin behar da. Borroka, ahanzten ari zaigun tresna politiko hori.

https://www.youtube.com/watch?v=drqT936q6hw

joan mari beloki kortexarena

2025-10-29


Utzi iruzkina: