Jacques Baud, EBn bizi den lehen zigortua (I)
Jacques Baud Suitzako armadako koronela izan zen eta Inteligentzia Estrategikoaren Zerbitzuan jardun zuen 1983-1990 urteetan. Geroago, 1995ean, NBErentzat Zairen, errefuxiatu erruandarren kanpamentuan segurtasuneko burua izan zen. Nima Alkhorshid analista irandarrarekin egin berri duen elkarrizketa mamitsua -bereziki mamitsua- dakargu hemen.
NA: Jacques Baud koronel ohi suitzarra EBren zigorpean dago gaur egun. Mesedez, konta iezaguzu zer gertatzen ari den.
JB: Dei bat jaso nuen abenduaren 12an, eta bertan jakinarazi zidaten Radio Free Europek iragarri zuela nire izena Errusiaren aurkako zigor zerrenda batean agertuko zela eta errusiar propagandista izatea leporatzen zitzaidala. EBk hilaren 15ean argitaratu zuen zigorren zerrenda; hortik aurrera, jakinarazpen ofizial gisa funtzionatzen du. Orduan egin zen ofizial ni zigorren zerrendan nengoela.
Ez nuen abisurik jaso. Ez zidaten sekula deus galdetu nire ekintzei buruz. Ez nuen neure burua defendatzeko aukerarik izan, ezta salaketei aurka egiteko ere. Akusatu eta zigortu egin ninduten, auzitegi batean defendatzeko aukerarik gabe. Zigorrak politikoak dira. Organo politikoa -ez judiziala- den Kontseilu Europarrak ezartzen baititu. EBko gobernuak erruduna zarela erabakitzen du eta ez dago errugabea zarela adierazteko modurik.
Abokatuekin ahal dudan guztia eginen dut zigorra kentzeko. Zigorra behar bezalako prozesurik gabe iritsi zen. Handik astebetera, nire gobernuak zigorren webgunea bidaltzen zidala esateko deitu zidan. Ez dakit zer egin nahi duten. Gobernuaren jakinarazpena EBren webgunean zegoena irakurtzeko izan zela uste dut. Itxuraz nire izena Frantziak sartu zuen zigorren zerrendan.
Internetik ez banu, zigorrak zeudenik ere ez nukeen ikasiko. Zigorren ondorioz, Belgikan ditudan finantza-aktibo guztiak izoztuta ditut. Ezin dut ezer erosi, ezta jatekorik ere, ezta ogi puska bat ere. Dena izoztuta dago eta EBn zehar bidaiatzea ere debekatua dut. Horrek esan nahi du Suitzara, nire herrialdera, ezin naitekeela itzuli. Suitzak ez du zigor pakete hori bere gain hartu, hortaz Suitzan nire ondasunak, banku kontuak eta gainerakoak ez daude izoztuta. Beraz, egoera arraro batean nago. Belgikan bizi naiz, nire etxea dudan lekuan, baina ezin dut deus erosi, ezin dut bizi. Suitzara joan ninteke dirua lortzera, baina orduan ezin izanen nuke nire bizilekura itzuli. Egoera kafkiarra da.
Egoera honek haserrea eragin du Europa osoan, orain mundu guztiak ezagutzen bainau. Programa askotan agertu naiz eta mundu guztiak daki propagandista izatetik oso urruti nagoela. Beti errefusatu izan dut Errusiako hedabide ofizialetan agertzea, nire lana propagandatzat hartu izatea nahi ez nuelako, hain zuzen ere. Eta nire liburuetan Mendebaldeko eta Ukrainako iturriak bakarrik erabiltzen ditut Errusiako propaganda zabaltzea lepora ez diezadaten. Ez dut uste errusiarrek egia esaten ez dutenik, ez dut hori esan nahi. Ideia da, gaur egun Europan dugun giroarekin, Errusiatik datorren guztia automatikoki okertzat jotzen dela. Egia esan arren, esan duzunak zure lana gutxietsi egiten du.
Beraz, ahalik eta objektiboena izaten saiatzen naiz, ez baitut inolako loturarik Errusiarekin. Ideia da krisi bat aztertzeko edo ebaluatzeko moduak zehazten duela nola konpon dezakezun. Beraz, ahalik eta objektiboena izan behar duzu. Nire asmoa bake-elkarrizketak erraztea da; izan ere, bi aldeetara jotzen saiatzen zarenean aurreiritziak baldin badituzu, inork ez dizu kasu eginen.
Alemanezko, italierazko eta frantsesezko saio askotan agertu izan naiz. Jende askok ezagutzen nau, eta denek dakite ahalik eta objektiboena eta zorrotzena izaten saiatzen naizela. Duela minutu batzuk, Europako parlamentari baten mezua jaso dut, eta borroka eginen duela esan dit: "Zerbaitengatik zigortzen bazaituzte, EBko edozein herritar irits daiteke egoera berera".
Egoera oso larria da. Ni NBEko aditua naiz zuzenbide-estatuan. Eta zuzenbide-estatuan, Estatuaren botere betearazlea, legegilea eta judiziala bereizi egiten dira. Funtsean, estatu demokratiko oro hiru zutabe horietan oinarritzen da, eta hiruek kontrolatzen eta orekatzen dute elkar. Demokraziak botere-banaketaren ideia horretan oinarrituta funtzionatzen du. Hala ere, orain jaso dudan zigorra ez du botere judizialak ezarri, betearazleak baizik, eta horrek esan nahi du bere gain hartu dituela botere legegilearen eta judizialaren eginkizunak. Hitz gutxitan esanda, exekutiboak bere baitan bildu ditu hiru botereak eta hori da zehazki diktadura baten definizioa, hiru botereak gune bakar batean biltzea. Kasu hau oso kezkagarria da.
Nik ez dut inongo legerik hautsi, ez EBn, ez bizi naizen Belgikan, ez Suitzan, ez propaganda debekatzen duen Europako inon. Propagandista banintz ere, ez dago hori debekatzen duen legerik. Errusiaren aldeko programetan agertzea ere leporatzen zait. Baina, zer da errusiaren aldeko programa bat? Kalifikazio hori ere ez dago zehaztuta legerian. Nirea lan akademiko hutsa da. Analista naiz, besterik ez.
Non dago honetan guztian sen ona? Hemen salaketa zeharo lausoa da, funtsik gabea eta gezurrezkoa. Zigor horiek EBtik kanpo bizi ziren pertsonentzat diseinatu zituzten. Errusian bizi den ofizial frantses bat ezagutzen dut, ondasunak EBk izoztuta dituena hau ere, baina Moskun bizi da bere familiarekin eta, beraz, normaltasunez bizi daiteke.
Nire kasua bestelakoa da, ni EBn bizi bainaiz. Ekialdeko Alemanian jendea ohartarazi egiten zuten zigorrik jaso baino lehen. Horrek esan nahi du Ekialdeko Alemaniaren mailara ere ez garela iristen. Honek Assangerekin ikusi genuenaren antza du. Azkenean denoi eragiten digun kasu bat da. Oso kezkatuta egon beharko genuke, AEBetako “Segurtasun nazionaleko estrategia” dokumentuak dioen bezala, Europa diktadura baterantz lerratzen ari dela erakusten baitu.
Hemen duzu horren froga. Norbait mugitzeko askatasunaz gabetua izan dela ikus dezakezu, adierazpen-askatasunaz gabetua, bere finantza-ondasunez gabetua, bere kasua auzitegi baten aurrean defendatzeko aukerarik gabe, legerik urratu ez duen arren. Eta, hala ere, zigortuta dago.
Mendebaldeko gizarte liberalaren eta ekialdeko gizarte marxistaren arteko Gerra Hotzaren garaian inteligentzian aritu nintzen. Inoiz ez genion jendeari debekatu Pravda irakurtzea. Garai hartan inor ez zen horregatik zigortua izan. Benetako alderdi komunistak genituen eta jendea ez zen askatasunez gabetua izaten sobietarren ideologia partekatzeagatik. Gerran geunden, baina ez ginen beldur iritzi bera ez zuten pertsona haiekin. Ez genuen zigortzeko beharrik ikusten. Ez genuen haien ondasunak ezabatu beharrik, ezta mugitzeko askatasuna murriztu beharrik ere, sistemarik onena genuela ziur baikinen. Ziur geunden azkenean garaile aterako ginela.
Erabaki txarrak hartzen dituzten liderrak ditugu, egoerak ebaluatzeko eta erabakiak hartzeko gaitasun txikia dutelako. Beti funtzionatzen dute epe laburrari begira, Macronek bezala, eta ondorioz, etengabe aldatzen dute gai berari buruzko jarrera. Horrek erakusten du erabakiak hartzeko prozesua ez dela egokia. Ez da kasuaren azterketa arretatsu baten emaitza. Ondorioz, pertsona horiek ez dira seguruak, ez dute konfiantzarik beren erabakietan, eta babestu egin behar izaten dituzte.
Presioan soilik oinarritzen den sistema batek ezin du asko iraun. Bere barnean edozein disidentzia eragotziko duen sistema behar du. Ez dakit Errusiak horrela izaten jarraitzen duen, baina badakit EB horrelakoa dela. Eta nire kasua mundu guztiak ulertzen duen adibide ona da. Horregatik, babes handia dut leku guztietan, dakarren arriskua jendeak ongi ulertzen duelako. Europako parlamentari batzuek esan berri didate urtarrilean ekin nahi diotela berriro borrokari, gai garrantzitsua delako (jarraituko du).
https://www.youtube.com/watch?v=nY0Ezoamfp4
joan mari beloki kortexarena
2025-12-31

Iruzkinak
Utzi iruzkina: